Borrar
Urgente Grandes retenciones en Rontegi, La Avanzada y el Txorierri por un accidente entre dos vehículos
Philipe Lancon, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatutik bizirik atera zena, hitzaldi batean. Afp
Gertaera basatien denbora

Gertaera basatien denbora

'Adarraren puntan' ·

Lunes, 13 de julio 2020, 02:17

Imajinatu kazetari frantsesa zarela. Ezkerreko egunkari ospetsu batean artikuluak idazten dituzu eta aldizkari satiriko batean ere kolaboratzen duzu, irakurleak baino historia eta ospe gehiago duten argitalpenak dira biak. Goiz batean, zure bizikleta kalean aparkatu eta 'Charlie Hebdo' taldeko lankideekin biltzen zara, umore zakarraren aldeko tipo burutsuekin. Barreak, txantxak eta adar-jotzeak dira nagusi bileran. Bat-batean, eszena beltz-beltza bihurtzen da. Kaputxadun batzuk sartu eta bertan dauden pertsona guztien kontra tiroka hasten dira. Kontenplaziorik gabe. Lurrean zaude, multzo batean, gorputz odolduen artean, eta berehala ulertzen duzu aurpegian egundoko zauria duzula eta hiltzat jo zaituztela.

Hortik aurrera ezer ez da berdin izango. 'VIP paziente' bat bihurtzen zara ospitale baten ohean. Bi polizik gau eta egun zaintzen dute zure logelako atea eta zure bisitarien artean Francois Hollande, Errepublikako presidentea bera dago. Zure aurpegiaren zati bat 'zintzilikario' bat da orain. Ezin duzu hitz egin, ezin duzu jan eta botika lasaigarriak zure bizitzaren funtsezko zati dira. Zure aurpegiaren etorkizuna kirurgiaren esku dago. Aurpegiko azal berria izter batetik aterako dizute. Prozesu horretan, profesional batzuen trebetasuna, ezagutzak eta sormena dira nagusi, itsu-itsuan sinetsi behar baituzu haiengan. Ez da zientzia zehatza. Bederatzi hilabetez ebakuntzak behin eta berriro egingo dira. Egun batean, mihiaren puntaz zure izterrari zegozkion iletxoak laztanduko dituzu.

Halabeharrez, zure mundu berriak talka egiten du atentatuaren aurrekoarekin. Halabeharrez, zaintzen eta «konpontzen» zaituztenak dira orain zure pertsonarik garrantzitsuenak. Munduarekiko zure ikuspegia errotik aldatzen da ezinbestean. Ospitalean eta errehabilitazio-zentroan hilabeteak igaro eta gero, egun batean kalean zaude berriro, poliziaren babesik gabe, eguneko 24 orduetan zaintzen zintuzten osasun-langilerik gabe, inolako jauntxoren bisita barik.

Paranoiak saihestezin bilakatu dira. Metroa hartzen duzun bakoitzean terrorista bat jarduteko zorian dagoela iruditzen zaizu. Izan ere, bereizi gabeko beste helburu batzuen aurkako atentatu berriak datoz, non edozein izan daitekeen biktima, musulmanak barne. Baina bizitza, ekonomia, egunerokotasunaren gurpila... ezin dira gelditu. Orain hainbestetan entzuten dugun bezala, «birusarekin batera bizitzen ikasi beharko dugu».

'Le lambeau' nobelan ('El Colgajo' gaztelaniazko bertsioan), Philippe Lançonek 'Charlie Hebdo' aldizkariaren aurkako atentatu islamistaren ostean izandako esperientzia traumatikoa kontatzen du. Beharbada ez da 'udako irakurketa' esaten dena, baina bizitzen ari garen garaiak ulertzeko oso eleberri gomendagarria da. Protagonistarentzat lehenaldia eta geroaldia erabat bananduta daude. Kontakizunak ere muga kezkagarri bat marrazten du, adierazpen-askatasuna eta satira garrantzitsuak diren gizarte bat, eta, beldurra eta errepresioa gailentzen diren gizarte berri bat bereizten dituena. Gertaera basatiaren denbora –diosku- iluna eta amaigabea da. Ez du mugarik. «Birusarekin batera bizitzen ikasi beharko dugu». Batekin bakarrik izango balitz...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gertaera basatien denbora