Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa
Covid-19ren irudi bat.
Gerra garaiko berbak

Gerra garaiko berbak

Lunes, 27 de abril 2020, 00:57

Gerra da. Hala diote behintzat, behin eta berriz komunikatu ofizialetan, «Denon artean erronka hau irabaziko dugu» edo «bakoitza bere postuan egonda aurre egingo diogu» eta antzeko esaldiak erabiliz. Hala erakusten dute agerraldi ofizialetan ohi diren uniforme militarrak eta dibisak, eta agertzen ez diren txabusina zuriak.

Baina gerra honek ez du ez lubakirik, ez babeslekurik, ez armamentu astunik, ez desfile militarrik, eta etsaia, gutariko gehienontzat, ikusezina da. Armada erregularra aireportuak fumigatzen aritzen da, eta polizia, ogi-barradun paseatzaile susmagarriak zigortzen. Orain heroiak osasun-langileak dira, eta zortzietako txaloak troparen moralari eusteko modu bat dira. Sirenak eta ondorengo kantak gerrako ereserki berriak omen dira. Askotan «oso portaera arduratsua izaten ari garela» esaten zaigu, baina, ba al dugu beste aukerarik?

Gerra arrunt guztietan bezala, propaganda saila erabat funtsezkoa da. Duen eginkizuna tropei morala ematea, etsaia barregarri uztea eta disidentziak saihestea da. Agian horregatik atera zitzaion Jose Manuel Santiago jeneralari hain modu naturalean bere esaldi polemiko hura: «Gobernuaren kudeaketaren aurkako giroa gutxitzea». Ohiko gerra bat izango balitz, horrelako hitzak erabat arruntak izango lirateke. Baina orain, teoria konspiranoikoak alde batera utzita, ez digute beste herrialde batetik eraso egiten. Estralurtarren eraso bat dirudi honek, gizateriaren aurkako gerra moduko zerbait. Enrique Mujicak, Uruguaiko presidente ohiak zioenez: «giza espeziea da orain arriskuan duguna».

Okindegiko ilaran lagun batekin egin dut topo. Ni maskarilarekin, eta bera nolabaiteko itxura futurista ematen dion kristalezko babes horietako batekin. Duela hilabete pasatxo, Athleticen finalerako sailkapena ospatzen aritu ginen elkarrekin ohiko tabernan. Ezinbestekoa da halako itxuraz elkar ikustean memelo samar sentitzea, egiten duguna zentzugabea balitz bezala. «Batzuk edozein gauza egiteko gai dira euskal finala saihesteko, kar kar kar».

Guda honen etsaia bertsio ezberdinetan agertzen zaigu, albistegiaren arabera. Batzuetan, txikle arrosaren kolorekoa da eta tentakulu luzeak ditu. Beste batzuetan, han-hemenka bizar gorrixkak dituen esfera gris baten argazkia erakusten zaigu. Badago, baita ere, Covid-19 urdin argi bat, goma-aparrezko pilota bat dirudiena. Bertsiorik itsusienean, atzealdea beltz delarik, taldeka mugitzen den armiarma moduko mamorro zuri batzuk ikus daitezke. Zergatik erakusten du zomorroak itxura ezberdina albistearen arabera? Beste misterio bat.

Baina ez, bola tronpetadun horiek ez digute kanpoko espaziotik erasotzen. Hortzetako eskuilan, arropan, janarian, irakurtzen ari garen liburuan koka daitezke. Gerra honetako arma eraginkor bakarrak, kutsatzeak saihesteko neurriak eta ikerketa zientifikoa dira. Ez dira gai ikusgarriak, eta hauteskundeei begira, ez dira batere errentagarriak. «Berreraikuntza da guztiok batu behar gaituen hitza» esan zuen Pedro Sanchezek joan den larunbatean. Gerra hizkera berriro. Baina benetan hitz egin al dezakegu gerraostean egongo bagina bezala? Okindegiko ilaran lagunak esan zidanez: «dramatikoa ez balitz barre egiteko modukoa izango litzateke».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gerra garaiko berbak