Borrar
Urgente Grandes retenciones en Rontegi, La Avanzada y el Txorierri por un accidente entre dos vehículos
Bulego taldearen 'Aldatu Aurretik' diskoaren promozio irudi bat.
«Kaleratu berri dugun diskoa intimoagoa da, bihotzetik abesten dugu»
Tom Lizarazu, Bulego taldeko abeslaria

«Kaleratu berri dugun diskoa intimoagoa da, bihotzetik abesten dugu»

Gipuzkoarrek diote 'Aldatu Aurretik' lana orain arte egin duten «poperoena» dela

Lunes, 4 de diciembre 2023

Bueltan da berriz Bulego, euskal talde gaztea. Labetik atera berri dute beraien azkeneko lana, 'Aldatu Aurretik' izenburupean datorrena. Tom Lizarazu abeslariaren esanetan, momentura arte sortu duten diskorik «poperoena» eta «arriskatuena» da. Bere aitatasunean inspiraturik, bizitzak dakartzan aldaketen inguruan hitz egiten dute letrek.

-Labetik atera berri duzue 'Aldatu Aurretik' diskoa, zuen azkeneko lana.

-Hala da. Eta momentura arte egin dugun lanik arriskatuena dela uste dut. Era berean, gehien landu eta mimatu duguna ere. Gainera, baliteke gure entzulegoak sorpresa pixkat hartzea entzuten duenean. Betiko Bulego entzungo dute, kantu dantzagarri eta alaiak, festa girokoak, baina terreno berriak esploratu ditugu eta terreno intimoago batean sartu gara ere.

-Zer esan nahi duzu 'terreno berriekin'?

-Disko honetan egin duguna bihotzetik abestea izan da, 'Zure begi horiek' kantuan esaten dugun moduan. Izan ere, hiru urte daramatzagu Bulego moduan, eta atera ditugun kantuak oso arrakastatsuak izan dira, jendearekin konektatu dutenak. Horrek eraman gaitu, nolabait, konposatzerako unean autoexijentzia maila bat izatera, berriz ere gustatuko duten kantuak sortu nahian. Eta azkenean ikusi duguna izan da, bidea ez dela jendearengan pentsatzea, baizik eta, norbera kantuekin gustora sentitzea. Bihotzetik abestea. Eta horretan jarri dugu esfortzu gehiena.

-Bulego beti izan da talde poperoa, bere horretan jarraituko duzue?

-Disko hau orain arte atera dugun lanik poperoena da. Hasieratik izan dugu argi gure estiloa popa dela, eta beharbada aurreko lanetan elektronika eta beste estilo batzuen ukitu batzuk izan ditugu, baina azkeneko honetan kantuei garrantzia ematean zentratu gara. Behar-beharrezko elementuei, hau da, melodiari, harmoniari eta letrari. Gu oso pozik geratu gara emaitzarekin, ea jendeak zer esaten duen entzutean, gustatzen zaion edo ez.

«Edozein pertsonari indarra ematera datorren diskoa da sortu duguna»

-Zeren inguruan hitz egiten dute kantuek?

-'Aldatu Aurretik' disko kontzeptual bat da, hasieratik bukaerara istorio bat kontatzen duena. Kantuz kantu, aldaketaren inguruan hitz egiten du. Nire kasuan, inspirazio iturri nagusia aitatasuna izan da. Aurreko urtean aita izan nintzen eta horrek aldaketa handi bat suposatu du nire bizitzan. Polita iruditu zitzaidan kantak egiterako orduan bizitzen ari naizen aldaketa horietan inspiratzea. Baina denok ari gara etengabe aldaketak bizitzen, bikote batekin hasi edo amaitu, lan berri batean hasi edo amaitu... Edozein pertsonari indarra ematera datorren diskoa da sortu duguna.

-Aldaketa ere, zuek talde moduan bizi izan duzuena hiru urte hauetan. Ezezagunak izatetik, Euskal Herriko musika talderik erreferenteenetariko batean bilakatzera.

-Egia da hiru urteko ibilbide honetan gauzak asko aldatu direla. Agian ez da ohikoena musika taldeentzat, horrelako epe laburrean aldaketa hain handiak bizitzea. 2020an lehenengo kantua kaleratu genuen, eta dagoeneko, Finlandiatik eta Japoniatik egin ditugu birak. Jaialdi handietan jotzen ibili gara, Sonoraman, EHZn, eta baita Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta beste zenbait tokitan ere. Gauza mordoa bizi izan ditugu. Eta horien artean, zuk aipatzen duzuna. Ezezagunak izatetik, ezagunak izatera. Aldaketa polita da badagoelako adierazgarri bat: gauzak ondo doazela, ondo egiten ari garela. Mezu politak dira jasotzen ditugunak, maitasun mezuak izaten dira, eta horrek bultzada ematen digu gure proiektu honetan aurrera jarraitzeko.

«Japonian euskaraz abestu izana eskertu ziguten»

-Durangoko Azoka hastear dago eta bertan zuen entzuleekin aurrez aurre egoteko aukera izango duzue ere.

-Egun garrantzitsuak dira Durangoko Azokakoak. Aurreko urtean izan ginen 'Gure bizitzako lehen bira' zuzeneko diskoa aurkezten, eta harrera izugarria izan zen. Ez genuen eduki berririk kaleratu, eta, hala ere, ilara luzeak izan genituen. Aurten gogotsu gaude ikusteko ea jendeak nola hartuko duen disko berri hau. Esfortzu handia eta lan asko egin dugu. Azokari esker, entzuleen 'feedback'a jaso ahal izango dugu zuzenean, haiekin aurrez aurre hitz eginez.

-Euskararen eguna ospatu berri dugu. Zure ustez, gure hizkuntzan bakarrik abesteak, atzerriko ateak zarratzen dizkizue?

-Galdera ohikoa da egitea 'zergatik ez duzue gaztelaniaz edo ingelesez abesten, jende gehiagora hurbiltzeko?' Baina gure iritzia ezberdina da. Gaur egun, mundu globalizatu batean bizi gara. Londreseko, Australiako zein Euskal Herriko pertsona bat hartu eta dena oso homogenizatuta dagoela ikusten da. Fakzioak aldatu lirateke, baina entzuten den musika, janzteko era... dena oso homogeneoa da. Eta nik uste dut euskarak ematen digula munduari begiratzeko era desberdin bat, munduaren aurrean bereizi egiten gaituena. Euskara bada altxor bat, beste inork ez duena eta mundutik ezberdintzen gaituena. Eta begira, anekdota batekin erantzun dezaket zure galdera.

-Kontaidazu.

-Hemendik jotzen dugunean, beti galdetzen digute ea zergatik jotzen dugun euskaraz. Eta Japonian izan garenean, guztiz kontrakoa gertatu zaigu. Asko eskertu digute gure hizkuntza erabiltzea eta euskara ezagutaraztea. Euskal Herria zer den, non dagoen, zein garen azaldu genien, eta oso eskertuta azaldu ziren. Agian, Japonian ingeleraz edo gaztelaniaz abestuko bagenu, Bulegok ez luke horrelako oihartzunik izango, baina euskaraz egin izanak, gehigarritasun bat eman digu publikoaren aurrean. Beraz, nik esango nuke ateak ireki dizkigula.

-Zuen kontzertu agendari begira, nola dator 2024. urtea?

-Garrantzitsuena, Donostiako Kurtsaalean egingo duguna izango da, martxoaren 10ean. Horrekin ere sorpresa handia hartu genuen. Sarrerak salgai jarri bezain pronto, saltzen hasi ziren. Horrek ere indar handia ematen digu lanean jarraitzeko eta 'Aldatu Aurretik' diskoak merezi duen zuzenekoa eskaintzeko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Kaleratu berri dugun diskoa intimoagoa da, bihotzetik abesten dugu»