Borrar
Nerea Loiola Pikaza, 'Epizentroa' liburuarekin.
«Gaur egun, konplexuago izaten uzten digute»
Nerea Loiola Pikaza idazlea

«Gaur egun, konplexuago izaten uzten digute»

'Epizentroa' ipuin-bilduma da debarrak helduei zuzenduriko aurreneko liburua

Domingo, 17 de octubre 2021, 21:30

'Epizentroa' ipuin-bilduma da Nerea Loiolak (Deba, 1985) helduei zuzenduriko aurreneko liburua. Estilo zuzenarekin, elipsia abileziaz erabiliz eta narrazioen elementuak hautatzeko eta txirikordatzeko trebetasuna lagun, idazleak gure gaurkotasunaren erradiografia zorrotza eskaintzen digu. Ingeniaritza Mekanikoan graduatua, Raymond Carver, John Cheever, Alice Munro, Harkaitz Cano edo Eider Rodriguezen literaturaren zalea da Loiola. 'Sexting'a, lan-munduko prekarietatea, sexu-harremanak edo gaixotasunak sortzen dituen lurrikara emozionalak dira, besteak beste, 'Epizentroa'n jorratzen diren gaiak; denak, egilearen epizentrotik gertu daudenak.

-Gure gaurkotasunaren kronika zorrotza da 'Epizentroa'. Arrotzagoa da gaurko gizartea orain dela hamarkada batekoa baino?

-Arrotzago ez dakit, baina konplexuago garela iruditzen zait behintzat; agian orain konplexuago izaten uzten digutelako. Nik ez dakit noraino baimentzen dioten emakumeek beren buruari konplexutasun horri jarraitzea. Izan ere, egun, zalantzan jartzen ditugun gauza batzuk, lehen, ezin ziren zalantzan jarri.

-Arazo berri-berriei buruz hitz egiten diguzu liburu honetan, horien artean, 'sexting'a agertzen da.

-Gaia oso berria da, baina ama-alaben arteko harremana ez da hain berria. Nik jartzen nuen neure burua nerabetasun garaian eta irudika nezakeen neure amak nola bizi zituen nire garai hartako arriskuak. Orain ama naiz ni eta are hobeto irudika dezaket. Eta zenbat aldiz gertatu zaigun ikusten dugula gure alaba eta gure semea bide bat hartzen eta esaten dugula: Ze nolako kolpea hartuko duen bide horretatik joanda. Baina utzi behar diogu bide hori egiten, eta agian hartuko du kolpea edo agian ez. Ni, ipuin horretan, hurrengo pausoan kokatu naiz, hau da, neskak kolpea hartu du, eta orduan begiratzen diot amarekin zer gertatzen zaion. Nola jartzen duen zalantzan egindako guztia eta egin ez dena. Horri buruz hitz egin nahi nuen: maitasuna, amorrua eta ezintasuna, eta dena batera korapila-tzen den uneari buruz.

-Andrés Neuman idazleak esaten du ipuin bat ondo konta-tzeko, sekretu bat gordetzen jakin behar dela. Zuk abilezia handiarekin erabili duzu elipsia, kontatzen ez dena. Esparru handia uzten diozu irakurleari.

-Bai, niri horrelako literatura irakurtzea gustatzen zait. Hasten baldin banaiz liburu batekin eta azaltzen badidate dena, aspertzen naiz, ez didatelako nire pelikula egiten uzten. Batzuei ez zaie gustatzen ordea. Batzuek, nire liburua irakurri ostean, esan didate: «oso ondo, baina ez dakit zer gertatu zaion honi».

-'Exit' ipuina oso sakona eta, aldi berean, oso ironikoa iruditu zait. Laburbilduz, pertsonaia batek harreman heterosexualak ere gustuko dituela konta-tzeko bere eragozpenak erakusten dizkigu.

-Bai, beste ipuinak egunerokotasunean errotuak dira, baina 'Exit' distopikoa da. Jolas bezala, eraiki ditugun kontzeptu modernoen deseraikuntzari eutsi nahi izan diot. Apur bat nire kontraesanetatik ere abiatuta: Zer erakusten dugun, zer baimentzen diogun geure buruari, zer eragiten ez digun, baina gero benetan eragiten digun… Zalantza izan nuen hasieran ipuin honekin zeren eta oso ezberdina da… Azkenean erabaki nuen sartzea, nahiz eta distopia bat izan, beste ipuinen gaiekin harremana bazuelako.

«Idazleok beti pentsatu behar dugu irakurlea gu bezain inteligentea dela, ezin dugu pentsatu irakurlea gu baino motelagoa denik»

-Gaixotasunak presentzia handia du.

- Bai, gaixotasuna da halabeharrez gelditzen gaituen gauza bakarra. Ez da nahita egin dudan ezer, baina konturatu nintzen idazten nuen bitartean anbulan-tzia asko agertzen zirela (barre egiten du). Niri behintzat, oso azeleratuta nagoenean, nire burua alde batera uzten, aurrera begira bakarrik nagoenean, gaixotasunak, estresak, gelditzen nau, eta nora noan, zertarako eta horrelako galderak egiten dizkiot neure buruari. Gaixotasuna bira-puntu bat da, literaturan eta bizi-tzan.

-Pertsonai protagonista guztiak emakumezkoak dira. Aldez aurretik hartutako erabakia izan da?

-Ez, hau horrela atera da. Nik ipuinak banan-banan idatzi ditut, ez neukan proiektu oso bat. Eta bigarren edo hirugarren ipuinerako konturatu nintzen emakumearen ahotsa ateratzen zitzaidala beti, izan lehenengo pertsonan, izan hirugarrenean, izan ume batena, edo gazte baten ama. Gaiak niretzat oso gertukoak dira, nire epizentrotik ateratako gaiak dira, eta horregatik uste dut sentitu nuela emakumeen ahotsa eman beharra; beste gai mota batzuk aukeratu izan banitu, agian gizonezko ahotsera joko nuke.

-Zugandik gertu daude gaiak, baina ez duzu autofikziora jo.

-Hori da kontua: gaiak gertukoak ditut, kezkatu nauten gaiak edo zalantzak sortzen dizkidatenak, beldurra ematen didatenak, baina ez ditut autofikzioara eraman. Nik nahi nuena zen gai horiek nigandik atera, ikuspuntu ezberdinetatik ikusi, izan beldurra, izan zalantzak, izan ezinak, eta arakatu gero nondik landu gai horiek. Bazetorkidan ideia bat, edo pertsonaia bat, eta gero pertsonaia horrek sentitzen zuen zerbait, eta pixkanaka-pixkanaka joaten nintzen bilatzen nirekin zein lotura izan zezakeen irudi horrek, edo zein beldurretik, zein minetik zetorkidan irudi hori. Ipuinek, beraz, nire pentsamenduarekin dute lotura.

-Estilo zuzena, ez bereziki loretsua.

-Bai, elipsiari buruz komentatu dugunaren antzekoa da. Niri horrelako literatura gustatzen zait. Tarteka beste liburu poetikoago batzuk ere irakurtzen ditut, eta gustura gainera, baina niri zuzentasuna gustatzen zait, eta hor ondo moldatzen naizela uste dut, asmatu dezakedala esan nahi dudan hori zehaztasunez esaten, eta ipuinen kasuan behintzat uste dut horrela irabazi egiten dutela. Azkenean, egin dut kristoren ariketa soberan zegoena kentzen. Eta, batzuetan, kendu dut hiru lerroko esaldi zoragarri bat, maite nuena pilo bat, baina funtzionatzen ez zuenez, ez erritmoan ez doinuan, kendu egin dut.

-Emozioa dago, baina ez sentimentalkeriarik. Ez dakit nola lortu duzun.

-Ba hori ere lortu dut gauzak ezabatzen. Nik hasieran, idazterakoan, dena idatzi nuen, baina gero konturatu nintzen efizienteagoa dela zaurian ez sakatzea. Adibidez, 'Exit' ipuinean gazteari zer gertatzen zaion kontatu banu, zaurian behatzarekin sakatzea izango zen. Emozio gogorrekin egin dezakezu bi gauza: hor utzi eta irakurlea iritsi dadila sakontasun horretara edo zuk beha-tzarekin zaurian sakatu. Zer informazioa ematen dudan, badakit irakurlea iritsiko dela min horretara, zaurian sakatu gabe. Saiakera batean irakurri nuen idazleok beti pentsatu behar dugula irakurlea gu bezain inteligentea dela, ezin dugula pentsatu irakurlea gu baino motelagoa denik. Nik uste dut horrek funtzionatzen duela, bestela sentimentalkeria horretan erortzeko arriskua dago.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Gaur egun, konplexuago izaten uzten digute»