Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
269 egun geratzen dira aurretik, baina aurtengo Euskaraldiaren metxa dagoeneko piztu egin da Gasteizen. Astelehen honetan, Los Fueros enparantzan egindako ekitaldian, udalerriak azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den hirugarren edizioan parte hartuko duela jakitera eman du, aurreko bietan bezala, jakina. 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean, bertako bizilagunei 15 egunez ariketa sozial honetan bat egitera animatu diete, urteko gainontzeko egunetara salto egiteko lehen urratsa izateko asmoarekin. «Ekin eta ekin, euskarak kalean gero eta indar gehiago edukitzeko ahaleginean jardungo dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Helburu hori lortzeko, jendearen laguntza premiazkoa dela azpimarratu dute, beraiek baitira egitasmo honen erdigunea, eta, beraz, motorra. «Garrantzitsua izango da jendearen parte hartzea, herrietako norbanakoak erakundeekin eta entitateekin batera, eskuz esku, joatea. Guztien arteko partehartzearekin aurrera aterako dugu», aipatu du Azatz Unanue Euskaraldiaren Gasteizko koordinatzaileak. Eta mezu hori indartzeko, eta eredu gisa izateko, erakunde publikoak, entitate pribatuak zein norbanakoak hurbildu dira familia argazki bat ateratzeko. Hala nola, Gasteizko alkatea den Gorka Urtaran eta Iñaki Gurtubai, Euskarazko zinegotzia.
Pandemiak aurreko edizioan izandako eragina gaindituta, Euskaraldiak jauzi garrantzitsu bat ematea nahi dute sustatzaileek. Zentzu horretan, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren 'ariguneak' finkatzeko urtea izango da aurtengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020. urtean, eta ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea izango da oraingoa. «Aurreko edizioan egoerak ez ziren onenak -harreman sozialak mugatuta egon ziren- eta orain kaleko gogo hori berreskruatzeko asmoarekin gatoz», azaldu du Unanuek.
Lan horretan, belarriprestek premiazko garrantzia dutela azpimarratu dute. «Gonbitea luzatzen diegu hainbat eta hainbat belarripresti. Talde honetan ahalik eta jende gehiago batzen badugu, ahobiziek hitz egiteko ahalik eta aukera gehiago izango dute», esan du Unanuek. Denok batera, «betiko parametroetatik aldenduz, euskaldun zahar eta euskaldun berriak». Baina ahoaz eta belarriaz aparte, «Gasteiz hiria arimaz eta animoaz ariko da, eta dagoeneko prest ditugu ahalik eta hobekien ateratzeko», gaineratu du Urtaran alkateak. «Erronka dugu euskararen erabilera sustatzeko eta ekitaldi hauek oso garrantzitsuak dira lortzeko».
«Aurreko bi edizioetako emaitzak oso onak izan ziren, eta horretan jarraituko dugu. Euskararen ezagutza handitu egin da, baina horren erabilera ere indartu behar dugu», dio Urtaranek. Azaldu duten modura, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak protagonistak izango dira aurten, Korrika kasu. Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. «Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.