Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Beharbada Euskararen Aholku Batzordea ez da behar bezain ezaguna. Ez behintzat egiten duen lanaren eta horrek merezi duen aitortza sozialaren mailan. Hizkuntza kontuetan lantzen eta ereiten jarduten du, beti ahalik eta adostasun handienak bilatuta. Asmo horren isla dira azken urteotako lorpen ugari, hainbatetan gerora eremu politikoan berretsitakoak. Eta euskarak horrelako asko behar ditu. Zatikakoetatik urrunduta zeharkako izango direnak, ahalik eta borondate gehien biltzekoak. Guztion ondare delako, ez batzuena ala besteena; are gutxiago alderen batekoek bestekoen aurka baliatzekoa.
Batzorde berritua aurreko astean bildu zen estrainekoz Bilbon, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Berak adierazi zuenez, «egindako bide oparoak agertoki berri batera ekarri gaitu, baina oraindik ere hainbat erronka ditugu aurrean euskararen biziberritze prozesuan». Norabide horretan, hiru ardatz identifikatu zituen: adostasun politikoa eta instituzioek egindako lana, euskalgintzaren esfortzuak eta gizartearen atxikimendua.
Ezin finago aritu zen lehendakaria bere hitzaldian. Izan ere, badago zertan sakondu, ereindakotik zer jaso. Batzordeak erakutsia du adostasunaren bidea jorratzeko duen aparteko gaitasuna, horretan aitzindari izatekoa. Eta hortik helduko zaizkio euskarari ekarpen baliotsuenak, gizartean zuzenen eragitekoak, egungo egoera diglosikoa behingoz iraultzekoak.
Lau batzorde osatuta ekingo dio datozen hiru urteotan. Bi aurretik datozenak dira: esparru digitalari buruzkoa eta gazteria jomugatzat duena. Beste bi, aldiz, hurrengo hilabeteetan abiaraziko dituzte: euskararen erabilerari eta gizarte aktibazioari dagokiona eta arlo sozioekonomikoan hizkuntza bultzatzea xede duena.
Ez dira nolanahiko erronkak, baina lan egiteko gogoa eta emankor jarduteko ahalmena ez dira faltako. Bingen Zupiria sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak zehaztua dute bide orria, eta badago hori edukiz betetzeko erabakimenik. Nafarroa eta Iparraldeko ordezkari instituzional bana Batzordean izatea berme erantsia da, potentzialitate ia mugagabekoa: euskararen lurraldeak elkar gerturatzeko, hainbat politika trinkotzeko. Finean, gure nortasunari eusteko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.