Borrar
Fotolia
Gainditzea

Gainditzea

Artean egiten diren sailkapenak irauteko egiten dira, baina ezer ez da betiko

Domingo, 4 de septiembre 2022, 00:52

Begi hutsez ikus daiteke korrikalari batek bestea aurreratzen ote duen. Esaterako, lasterkari batek helmugako marra lehen postuan gurutzatzen badu, ikusleak aise ondoriozta dezake arerio guztiak atzean utzi dituela, haiek baino azkarragoa izan dela. Gauzak horren garbi ez daudenean, lasterkariak pare-pare heldu direlako, halakoetan zientziaren esku uzten da erabakia, eta fotofinish deritzogun gailuak erabakitzen du nor zer hurrenkeran heldu den. Futbolean, halaber, gauza batzuk begi hutsez ikus daitezke, baina ilusionismotik dezente egon daiteke irudi horietan. Baloi bat ate barruan sartu dela pentsa dezakegu, eta gola ospatzeari ekin, baina, ondoren, VARak benetan ez dela sartu frogatzen badu, dena lehengora itzuli, eta ospakizunaren etxafuegoak aienatzen dira. Zentzu horretan, errepikapenek sarritan frogatzen digute lehen begi kolpean ikusi uste izan duguna ez datorrela bat benetan gertatutakoarekin. Futbolariak magoak dira, antzerkizaleak, tranpolin-jauzilariak, arbitroari odak edo epigrama adeitsuak kantatzen dizkioten rapsodak… Labur esanda, artista totalak. Jokoz kanpoko jokaldiak eta zalantzak beste zientzia bat dira, zientzia ilunak, nolabait esatearren, eta, zoritxarrez, nahi baino gehiagotan errepikapenak hankamotz geratu eta ez dira gai ezer argitzeko. Harrigarria da, gainera, bizpahiru zentimetroren aldeagatik sortzen diren liskarrak eta zismak. «Aurreratua zegoela, ez zegoela», «baloia jaso duenean atzelaria baino sei milimetro aurreratuago zegoela»... Jainkoaren semearen izaerak eta honek Aitarekin zuen harremanak ere ez zituen horren eztabaida kartsuak piztu Nizeako I. Kontzilioan.

Zientzian ere nahiko fidagarritasunez erabil daiteke 'gainditu' hitza. Fisika nuklearrak alkimia gainditu zuen; lurraren biribiltasunaren gaineko teoriek lurra laua zela ziotenak gainditu zituzten -nahiz orain, negazionismoaren aparraldiarekin, dena den zalantza eta susmo-; molekulen biologiak gorputzeko humoreen fisiologia gainditu zuen; hegazkinak zalgurdiak eta baporeak gainditu zituen; garbigailu elektrikoak ibaiertzetako harraskak. Gerran zauritutakoei edari bizigarri bat ematen zieten ebakuntzen atarian; gaur egun, anestesia erabiltzen dugu. Emakumeentzat ez da gauza bera XIX. mendean ala XXI.ean erditzea. Aurrerapenaz ari gara. WhatsAppak posta arrunta gainditu du kasu askotan. Adibideak zerrendatzeak luze jo dezake. Egia da, bestalde, teknologiaren gehiegizko erabilera axolagabeak ingurugiroa larriki kaltetu duela, eta alde horretatik ere zalantzak sor daitezke, oreka eta jasangarritasunari dagokionez. George Steinerrek zioen bezala, ezagutza zientifikoa eta teknikoa metagarria da. «Batxilergoko azken ikasturteko ikasle batek Galileorenen, Isaac Newtonenen antzeko tresnak eta kontzeptuak erabil ditzake, eta handik gutxira Einsteinenak», baita berriagoak ere.

Garbi dago kirolean eta zientzian aiseago zehatz daitekeela nork gainditzen duen nor, edo zerk zer. Arte kontuetan, ordea, gauzak aldrebestu egiten dira. Izan ere, artean ere sarritan hitz egiten da gainditzeaz. Ondorengo sortzaileek aurrekoak gainditzen dituzte, atzean uzten dituzte. Baina zer da atzean geratzea? Atzean edo linboaren ahanzturan geratu al dira Homero, Safo, Tolstoi, Platon, Virgilio, Mozart, Bach, Beethoven, Goya, Shakespeare...? Zertan datza aurrerabidea artearen eremuan? Bazterrean utz al ditzakegu iraganeko sortzaileak aurrerabidearen mesedetan? Zer aurrerabideren mesedetan baina? Bestela esanda, eta adibide bat jartze aldera, Spotifyko zerrendetan goiko postuetan agertzen diren abeslariak Mahler, Nina Simone edo Coltrane baino hobeak al dira? Zertaz ari gara «hobeaz» ari garenean? Printzipioz, artean egiten diren sailkapenak irauteko egiten dira, oinarri bat eskaintzeko, baina ezer ez da betiko. Sailkapen ia oro denboraren mende bizi da. Eta gauza jakina da gero eta azkarrago bizi garela. Hain azkar, futbolean bezala gertatzen ari baitzaigu. Alegia, gero eta denbora gehiago eskaintzen diogu jokoz kanpokoari jokoari berari baino.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gainditzea