Hans-Georg Gadamer filosofoa. e.c.

Gadamer eta elkar ulertzeko bidea

Filosofia ·

Gadamerrek Platonen elkarrizketak ongi aztertuak zituen eta ohartu zen bestearen mundua ezagutzeko bide nagusia hizkuntza dela, galdetzea eta erantzuna jasotzea

Viernes, 28 de agosto 2020, 21:49

1960an, Hans-Georg Gadamer filosofoak 'Warheit und Methode' (Egia eta metodoa) liburua argitaratu zuen. Une hartan, Gadamer ez zen batere gaztea, 60 urte zituen dagoeneko eta kontinenteko pentsamenduaren funtsezko gune intelektualetan aritua zen arren, lan nagusi bat argitaratzeko zuen oraindik. 'Egia eta metodoa' berehala klasiko bat bilakatu zen, kulturaren hainbat arlotan bide berriak irekitzen lagundu zuen lana. Gainera, Gadamerren liburu nagusiak modan jarri zuen 'hermeneutika' hitza eta giza zientzien esparruan filosofiari bultzakada egonkorra eman zion.

Publicidad

Gogoratu behar da historiaren une hartan pentsamenduaren beste joera batzuek, estrukturalismoak eta gainerako '-ismo' gehienek, neke zantzuak erakutsiak zituztela. 'Egia eta metodoa' liburuak hirurogei urte bete ditu eta egin dakiokeen auzian, ongi zaharkitu dela esan daiteke. Filosofiaren barnean, Gianni Vattimok aipatu zuen moduan, hermeneutika filosofiaren 'koiné' edo elkar ulertzeko hizkuntza bilakatu zen. Euskal eremu kulturalean, hermeneutikak Deustuko Unibertsitatean ordezkaritza indartsua izan zuen, Andrés Ortiz-Osés hermeneuta eta irakaslearen klaseetan hainbat ikertzaile eta pentsalari prestatu baitziren.

XIX. mendean, filosofiak krisialdi sakona jasan zuen. Hegelen pentsamendua espekulazioaren gailurrera iritsi ondoren, arrazoia, historia eta errealitatea bateratu nahi zituen pentsamendu hori bere ondorengoek irauli zuten, joera materialistak garatuz. Zientzien garapenak eta historiaren ikuspegi positibistek eragin geldiezina zuten, ez bakarrik joera intelektualen lehiaketan, baizik eta Unibertsitateetako ikasketen antolaketan ere. Giro berri horretan, zein leku izan zezakeen filosofiak? Agian zientziaren teoriaren teoria izan behar zuen, hau da, metateoria izan zitekeen soilik.

Heideggerrek 2.400 urte zituzten testu haiei ahots garaikidea ematea lortu zuen

Zalantza horiek bizirik zeuden urteetan, Edmund Husserlek argitaratu zituen bere ikerketa fenomenologikoak. Husserl positibismoaren mugak erakusten saiatu zen eta ikerketarako beste eremu bat ireki zuen, 'Lebenswelt' edo 'bizitzaren mundua' deitu ziona. Mundu horrek ezaugarri propioak omen zituen, zientzien eremu fisikotik ezberdintzen dutenak. Husserlentzat pertsonak edo subjektuak intentzioz beteriko izakiak dira eta beretzat ezaugarri horrek justifikatzen du giza zientzien eremu berezi bat, metodo bereziak behar dituena. Hala ere, Husserlen azterketek psikologia berriztatu nahi zuten arren, metodologikoki zailtasun batekin egin zuten topo. Bere metodoak, 'metodo fenomenologikoa' izenez ezagutzen denak, ongi deskribatzen zituen norbere kontzientziaren edukiak eta mugimenduak, baina zailtasunak aurkitzen zituen bestearen esperientzia deskribatzeko orduan. Gadamerren hermeneutikak zailtasun horri aurre egingo dio, beretzat bestearen esperientzia ezagutzeko bide nagusia galderarena eta erantzunarena delako.

Gadamerrek Platonen elkarrizketak ongi aztertuak zituen eta ohartu zen bestearen mundua ezagutzeko bide nagusia hizkuntza dela, galdetzea eta erantzuna jasotzea. Metodo honekin Gadamerrek giza zientziei oinarri zibikoa eta demokratikoa ere eman zien, besteaz hitz egiteko ezinbestekoa bilakatzen delako haren hitza jasotzea. Hori izango litzateke Gadamerrentzat gizarte zientzien abiapuntua. Baina Husserlen eta Gadamerren bitartean badago figura erraldoi bat, mundu gerra bien arteko panorama intelektualean nabarmendu zena. Figura hori Heidegger da, Husserlen ikaslea eta Gadamerren irakaslea.

Publicidad

1922an, Gadamerrek lehen aldiz irakurri zituen Aristotelesi buruz Heideggerrek idatzitako interpretazio fenomenologikoak, eta «elektrizitatez astinduta» bezala sentitu zen. Interpretazio horietan Heideggerrek 2.400 urte zituzten testu haiei ahots garaikidea ematea lortu zuen. Hori omen zen proiektu hermeneutiko ororen helburua. Nolanahi ere, Heideggerrek bere filosofia beste helbide batetik eramango du. Ondorengo urteetan, 1927an, 'Sein und Zeit' (Izatea eta denbora) argitaratzen duen arte, ikuspuntu fenomenologikoa erradikalizatu egiten du. Gadamerrentzat galdegitea baldin bada estrategia hermeneutiko nagusia, Heideggerrek galdera batek lehentasuna duela proposatuko du, izatearen zentzuaren galderak, alegia. Galdera horri erantzuna emateko garatuko du existentziaren analitika, baina analitika horren ondorioz bizitza autentikoa eta ez-autentikoa bereiztuko ditu. Jakina, lehena da beretzat interesgarria. Bizitza autentiko hori heriotza aurrez aurre eguneratzen denean bakarrik azaltzen omen zen. 1927ko Heideggerrentzat ikuspuntu horretatik kanpo geratzen diren hizkuntzaren erabilerak, esate baterako eguneroko elkarrizketak, zurrumurru hutsak dira, ez-autentikoak.

Beraz, esan daiteke Heideggerrek existentziaren analitikan hermeneutikaren eremua murriztu egiten duela, nahiz eta historikoki 'Sein und Zeit' liburuak arrakasta paregabea izan zuen. Ondorengo urteetan Heideggerren posizioa ere mugitu egiten da eta, nahiz eta galderaren bidebakartasuna oraindik mantentzen saiatzen den, 1941eko 'Grundbegriffe' (Oinarrizko kontzeptuak) ikastaroan erantzuna ez da horren bakarra. Geroago, galdera bera ere hizkuntzaren etxean finkatuta dagoela aipatuko zuen.

Publicidad

Heideggerrekin alderatuz, Gadamerrek hermeneutikaren motibazio historiko propioa berreskuratzen du. Heideggerrentzat ez-autentikoak diren hizkuntzaren erabileretan sor daitezkeen gaizki ulertuak eta zailtasunak gainditzeko beharrizana ere onartuko du. Gadamerrentzat, testu bat edo artelan bat ulertzeko autoritate argudioak eta autorearen iritziak ere ez dute azken hitzik, testuinguruarekin elkartu beharko baitira, horizonte bat osatuz. Gadamerrek dioen moduan, horizonte hori interpretearen horizontearekin nahasterakoan sortzen da interpretazioa, irakurketa berri baten antzera. Horrela, hermeneutikaren eraginez dogmak eta interpretazio bidebakardunak bigundu edo erabat herdoiltzen dira, askatasunaren bideak zabaltzea baita hermeneutika filosofikoaren helburu nagusia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad