Borrar
Argazki historikoa: Athleticeko jokalariak, 1931ko Kopako finalean.
Futbola eta literatura Euskal Herrian

Futbola eta literatura Euskal Herrian

Erreportajea Albertiren eta Celayaren arteko eztabaida gogoangarriarekin hasi eta gaur egun arte, desberdin eta kontrajarriak ematen duten bi mundu lotu nahi ditugu lerro hauetan

Viernes, 4 de junio 2021

1933ko urriaren 10ean 'Euzkadi' egunkarian berri txiki hau argitaratu zen: «Ostikolari-artian ixan diran ostikoketa bijak gorengotzat ezin aukeratu geinkez. Arenas eta D. Alaves-ek jokatu eben, baña lenenguak sei tantu ta bestiak baperez geratu ziran. Barakaldo eta Erandio be etziran gorengo mallara eldu: Barakaldo-k bi eta bestiak baperez». Berria agertu zen sailaren izena 'Izpar urtenenak' [Albiste aipagarrienak] zen, eta idazlea, Esteban Urkiaga, Lauaxeta.

Egun berean egunkari horretan honela eman zen berria gazteleraz: «El Arenas vence al Alabés». Bere kazetari lanari eran-tzunez, Lauaxetak baten baino gehiagotan eman zuen futbolaren -barkatu: ostikoketaren- berri bere artikuluetan.

Gerra aurrean abangoardiaren indarrez, asko goratu zen gaztedia, eta gaztediaren gorputzaldia. Lauaxetaren 'Palankari bati' olerkia (1932) gogora ekarri dezakegu adibide gisa. Baina futbolaren alorrean aipatuena Rafael Albertiren 'Oda a Platko' (1928) poema dugu, Real Sociedadek eta Barcelonak 1928an Santanderren jokatu zuten Errege Kopako finalean jokatu zuen atezainaren omenez sortua. Albertik berak idatzi zuen partidu hartan ez zela soilik futbolera jokatu: «Se jugaba un partido de fútbol, pero también el nacionalismo». Poema horrek bere erantzuna izan zuen, eta Gabriel Celayak eman zion: 'Contraoda del poeta de la Real Sociedad' (1977).

Jokalari ohia eta idazle bikaina da Joan Mari Irigoien. 'Odolean neraman' eta 'Derby' nobeletan ageri du bere sena

Gerra aurrean futbolari buruzko nobela asko argitaratu ziren, batez ere kioskoetan saltzen ziren atalkako nobela gisa. Alavesen historia ongi ezagutzen duen Santiago de Pablo historiagileak aurkitu du bat eta haren berri eman. 1928an, Albertik bere Oda eman zuen urtean, 'Heraldo Alavés' egunkariak 'Tra-ca-trá o un penalty en el Campillo' nobela plazaratu zuen. Eta asko izan ziren garai horretan kiosko-literaturan agerturiko eleberriak. Gerora Sari Nazionala jasotzea lortu zuen Juan Antonio Zunzunegik ere eman zuen bere uzta 1931n 'Chiripi: (Historia bufo-sentimental de un jugador de foot-ball)' nobela ezagutzera emanez.

Diktadura garaian, berriz, agintariek jendea politikatik urruntzeko tresna gisa erabili zuten futbola. Aldiz, talde abertzaleek identitatea landu zuten kirolaren bidez, diktaduraren propagandari mezu propioa aurrean jarriz. Idazle sozialek, errealistek, berriz, behe klaseko pertsonek txirotasunetik irteteko futbola nola erabili zuten aipatu zuten literaturan. Ederrak dira Ignacio Aldekoaren 'Fuera de juego' (1961), eta 'Vísperas de silencio' (1955) ipuinak, non jokalari berri baten historia kontatu zuen.

Sari Nazionala jaso zuen Luis de Castresanaren 'El otro árbol de Guernica' (1967) nobelak ospe handia lortu zuen, eta hiru milioi ale saldu zituen denbora gutxian. Bere haurtzaroan oinarrituriko kontaketa ondu zuen idazleak. Nobela laster eraman zuten zinemara eta ospea hazi egin zen. Ziurrenik Ramiro Pinillaren 'Aquella edad inolvidable' (2012) da eleberrien artean aipagarriena, kontakizunen teknika aldetik aberatsa delako, fikzioa eta errealitatea nahastuz osatu duelako testua, eta gai aldetik mamitsuena, haurtzaroaren nostalgia indartu duelako bere nobelan.

Euskaraz egindako nobeletan, futbolaren gaia, Bernardo Atxagaren 'Gizona bere bakardadean' (1993) liburuan agertu zen. Bertan, Poloniako selekzioak toki handia zuen argumentuaren garapenean, egileari nazionalismoaren eta komunismoaren arteko desberdintasuna agertzeko beta eman diolarik.

Ziurrenik Ramiro Pinillaren 'Aquella edad inolvidable' da erdarazko eleberrien artean gai aldetik mamitsuena

Jokalari ohia eta idazle bikaina da Joan Mari Irigoien. 'Odolean neraman' (2004) eta 'Derby' (2019) nobeletan ageri du bere sena. Lehenak tonu serioa du, bigarrenak aldiz umoretsua, Athleticeko eta Errealeko zaleak diren bikote biren pasadizoak kontatu dituelarik. Martin eta Xabier Etxeberria anaiek 'Ez dadila eguzkia sartu' (2006) nobela argitaratu zuten. Euzkadiko selekzioko jokalaria izan zen Kepa Aresoren egunerokoa izan zuten lagungarri, eta idazki argitaragabe horretan oinarrituz talde mitiko haren ibilbideak eta nekeak kontatu zituzten. Iturri ederra lortu zuten!!! Kirmen Uribek ere aipatu du futbola bere lanetan. Berak ere Euzkadi taldearen ibilbidea hartu zuen aipagai 'Elkarrekin esnatzeko orduan' (2016) lanean, eta bideojokoen eragina 'Bilbao-New York-Bilbao' (2008) nobelan, nahiz eta idazki honetan oso bazterrekoa izan gaiaren aipamena. Txikia, baina sinbolikoa. Urria eta sinbolikoa den bezala, Harkaitz Canok 'Twist' eleberrian futbolari egin dion tokia. Oso une laburra da, kasik ipuin bat eskaini digu Lazkano, Soto eta Zeberio futbolean ari direnean Bidarteko hondartzan, eta jokoa jolas egiten dute futbola haurtzaroaren sinbolo bihurtu zaienean: «Zorion blindatu batez egindako unea delako, ez dagoelako itzalik, ditxa betea baizik, haurtzaroko une alairik gorenena».

Penalti jaurtiketa

Ipuingintzak izen bereziak batu ditu futbolari buruzko euskal literaturan. Has gaitezen bekatua, gaiaren aipamena, baten baino gehiagotan egin dutenekin. Aritz Gorrotxategik hiru aldiz tratatu du gaia bere lanean. Ipuin bi argitaratu ditu penalti jaurtiketa dela eta; bata tragikoa, ziurrenik gola bere atean sartu zuelako tiroz hil zuten Andrés Escobarren bizitzan oinarrituriko 'Zazpi pausoak' (2002), eta bestea irrigarria, 'Gol heretikoa' (2009), txantxa baten inguruan bilbatua. Harkaitz Canok ere behin baino gehiagotan aipatu du kirol hori bere lanean. 'Aurkako taldeko atezaina' (1997) deiturikoan umore beltza erabili zuen; ironia, berriz, 'Zitagolak' (2014) izenburura duen lanean. Koldo Izagirreren 'Hondartza' ipuina ekarri nahi nuke lerroetara, kontzientzia politikoa nola ernetzen den konta-tzen duen idazkia.

Emakumeek ere idatzi dute genero honetan. Aita baten eta semearen arteko kinka kontatu du Ana Malagonek 'Zaborraren minutuak' (2017) deituriko testuan. Hala ere, Karmele Jaioren 'Gure pasioak' lanak ironiaz eman digu senar-emazte biren zaletasun aldaketa. Senarra futbolzale izatetik literaturzale izatera igaroko da, eta alderantzizko bidea egingo du emazte idazleak.

Karmele Jaiok futbolaren eta literaturaren artean dagoen besarkada irudikatu du bere ipuinean. Eta xede hori izan du artikulu honek ere: desberdin ematen duten mundu bi anaitu, besarkadan bildu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Futbola eta literatura Euskal Herrian