
Txit gorena, txit maitatua eta txit madarikatua da futbola. Zure munduko kopa berriro martxan dagoen honetan, lerro hauek eskaini nahi dizkizut, zure baitan gordeta duzun misterioa argitu nahian.
Publicidad
Zergatik lortu duzu mundu mailan zabaltzea egin duzun eran? Zergatik bihurtu da oinekin jokatzen dena eskuekin egiten dena baino askoz erakargarriago horrenbeste herrialdetan? Zer daukazu horrelako pasioak, grinak, lehiak, eztabaidak eragiteko?
Cambridgen 1863. urtean The Football Association elkartearen eskutik sortu zinenetik, zure oinarrizko arauek kasik ez dute aldaketarik izan. Hala ere, zure nagusitasunak ez du berdinik ezagutzen. Zein da sekretua?
Azken finean, zer zara zu? Hogeita bi gizaseme galtzontzilotan pilota baten atzetik korrika berdegune batean, besterik ez. Eta edozein zaletuk onartuko dizu, partidak irauten duen ordu eta erdian, normalean, ez dela beste munduko gauzarik gertatzen.
Baina ezbairik gabe baduzu zerbait horren guztiaren gainean dagoena, zerbait milaka lagun zure estadioetara eramaten gaituena, eta, milioika ikusle planeta osoan zehar pantaila aurrean jartzen dituena.
Publicidad
Bada, futbolean aritzea ia ezinbestekoa da gizonezko askoren haurtzaroan. Areago: futbolean erakusten duzun maila, lagunartean, beste edozein abilezia baino onetsiagoa izan ohi da gure bizitzaren lehenengo urte horietan. Berdin da nagusiek kontrakoa esatea. Berdin da zure notak onenak izatea. Berdin da ondo kantatzea edo irudimen aparta edukitzea, mutikoen munduan futbolari ona beti izango baita errege.
Ni futbolari kaskarra nintzen. Partida aurreko aukeraketetan beti azkenekoen artean nengoen. Atsekabe galantak izan nituen zure erruagatik, lehiaketaren batean auzoko taldetik kanpo geratu nintzenean.
Publicidad
Bestalde, zelan onartu zure egungo neurrigabekeriak, zure zifra lizunak, zure inguruan eratzen den bortxakeria, zu erabiltzea jendea beste arazoez arduratu ez dadin edota abertzalekeria areagotu dadin. Bai, badut arrazoirik aski zu gorrotatzeko, baina kaka zaharra!, ezin zaitut gorrotatu. Edo tira, maite eta gorroto zaitut aldi berean...
Ziur aski, gure aitarekin daukazun loturak badu honetan zerikusirik. Txiki-txikia nintzela aitak Sestaoko partida bat ikustera eraman ninduen. Norgehiagoka hastear zegoela, jokalari bat guregana etorri zen aita agurtzera. Lankideak ziren. Argi geratu zen orduan zeintzuk ziren gureak. Aitak argitu zidan lehenengo mailan Athleticen koloreek nireak izan behar zutela eta zama astun horrekin bizi behar izan dut geroztik; hori bai, alferrikako sufrimenduen kontrako txertoa aspalditik ipinita.
Publicidad
Ezinbestean, munduko txapelketa bat datorrenean, aitarekin eta anaiekin bizitako partidak datozkit gogora: Brasilgo selekzioa 1970. urtean, Maradonaren 'Jainkoaren eskua' 1986. urtean. Cruyff eta Holandako 'laranja mekanikoa' 1974. urtean...
Ahaztezina zait, baita ere, Espainiako munduko txapelketa 1982. urtean. Soldaduskan nengoela, kanariar soldadu batek suntsitu egin zuen telebista Brasilgo selekzioa kanporatu zutenean. Lehertzean telebista batek egiten duen zarata betiko gogoan geratu zait.
Publicidad
Futbol txit gorena. Ez dut uste benetan niretzat garrantzizkoa zarenik. Nahiago dut pentsatu, aukeran dudan denbora-pasa bat besterik ez zarela. Baina hori bai, egun hauetan disfrutatzea tokatzen da. Zure oinetara naukazu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.