Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Fuksiaz jantzitako emakumea

Fuksiaz jantzitako emakumea

«Irribarre gehiegi egiten dut edo nire aurpegiari darion tristurak pentsaraziko die besteei sufritzen ari naizela»

Viernes, 30 de julio 2021, 20:06

Egun haietan ere berandu ohera-tzen nintzen. Aspaldidanik, gaueko ordu horiek ditut gogokoenak. Haurrak lotan daude eta berak goiz oheratzeko ohitura hartu du. Orduan, eguneko lanak bukatu ondoren, gainerako guztiak lotan, orduan dira benetan nireak ordu horiek.

Batzuetan zerbait irakurtzen dut, gutxitan, edo sakelakoarekin atzera-aurrera ibiltzen naiz. Gehienetan, sukaldeko telebista piztu eta han gelditzen naiz, ezerezean, pantailatik ateratzen diren koloreei begira, askotan zertaz ari diren jakin gabe. Ordu bat, bi, batzuetan hiru ere bai, berarekin sekula ikusten ez ditudan saioei begira, arauak ezkutuan urratzen dituen haurraren antzera. Burua husteraino, hegan hasteraino.

Horrelako batean, udaberri honetan bertan, fuksia jabetu zen pantailaz, horrek piztu zidan arreta, fuksiaz jantzitako emakume bat ari zen hizketan. Rociito zen, gorroto ditudan bihotzeko aldizkarien pertsonaietako bat. Katea aldatzekotan egon nintzen, baina zerbaitek lotu ninduen pantailara eta egin ez nuen keinu horrek aldatu zuen nire bizitza, tximista baten amorruz.

Fuksiaz jantzitako emakumea bere bizitza kontatzen ari zen, niretzat ere ezaguna. Aberats jaio, aberats bizi eta halaxe hilko da. Nirekin zerikusi gutxi. Horixe pentsatu nuen hasieran, bere hitzetan kexa kutsua nabaritu nuenean, ikusiko nukeela nola moldatuko zen nire lana izan balu, kotoi artean zaindua izan ez balitz.

Laster, ordea, sentitu nuen gertatzen ari zitzaidanari hitzak jar-tzen zizkiola, ordura arte niretzat ezkutuan egon ziren hitzak. Oraindik ere ez dut ulertzen nola gertatu zen, nola hain arrotz zi-tzaidan fuksiaz jantzitako emakume hark ezagutu zezakeen hain ondo nire bizitza, nola konta zezakeen nik inori esan ez diodana.

Handik aurrera, ni nintzen hitz egiten zuena, nitaz ari zen fuksiaz jantzitako emakumea. Kontatzen zuen ez dudala ia inoiz ezer ondo egiten. Ez dut neure burua behar bezala zaintzen, gizenegi nago orain eta argalegi herenegun. Arropa zaharkituegia daramat edo hemezortzi urteko neskatila banintz bezala janzten naiz, ile luzeak ez dit ondo ematen edo ile motzarekin zarpail itxura hartzen dut.

Altuegi egiten dut hitz, garrasika ia edo esaten dudana ere ez zait aditzen. Otorduak prestatzen ahalegin guztiak egiten baditut ere, han edo hemen bere gustuko izan daitezkeen errezeta berriak sukaldatzen baditut ere, gutxitan asmatzen dut bete-betean, gatz gehiegi, hurrengoan motelegi, espezia gehiegi edo gutxiegi, urtsuegi edo lodiegi. Algara gehiegi batzuetan, tristura gehiegi besteetan. Haurrak gehiegi mainatzen ditut edo kasurik ere ez diet egiten, ez diet eskolako lanen garrantzia irakatsi edo garrantzi gehiegi ematen diet notei.

Etxea gehiegi garbitzen dut, maritxukun bat naiz edo ez diot etxeari merezi duen arreta eskaintzen, ez dut entzuten ikasi edo entzun besterik ez dut egiten. Kalean goazenean irribarre gehiegi egiten dut edo nire aurpegiari darion tristurak pentsaraziko die besteei haserre nagoela, sufritzen ari naizela. Ez diot bere lanaz nahiko galdetzen edo galdera gehiegi egiten diot, zerbaiten susmoa banu bezala. Haurrekin euskaraz egiten gehiegi tematzen naiz, taliban bihur-tzeraino, edo nire hizkera erdarakadaz josia dago, gaztetxoenaren antzera.

Gainera, horietako esaldi ugariek gehienetan «beti» bat daramate erantsia. «Beti» jartzen diozu gatz gehiegi, ez oraingoan gatz gehiegi jarri diozu. «Beti» aurpegi garratz hori, «beti» euskaraz bota behar duzu lehen hitza. Erantzuki gehienak dira estrategikoak, iraganera luzatzen dira, baita etorkizunera ere. Ea noiz ikasten duzun, ea noiz aldatzen zaren, ea noiz egokitzen zaren.

Hori guztia eta gehiago ari zen esaten pantailako sabeliztuna nire sukaldean bertan, etxeko guztiak lotan zeuden une hartantxe. Saioa bukatu zenean hantxe gelditu nintzen, pantailara kateatua, zilbor-hestea hautsi ezinik. Azkenean, gaueko hamabiak jota oheratzeko adorea bildu nuenean, beste norbait sartu zen ohera eta sartu zenak ezezagun bat topatu zuen bertan.

Ia lorik egin gabe esnatu zen emakumea ere beste bat zen, esna izandako amesgaiztoak bereganatua. Bat-batean, nire bizitzak beste kolore bat zuen, beste usain bat, erori zitzaizkidan errealitatea apaintzeko erabilitako amarru guztiak. Fuksia kolorearen erruz. Ez nekien, oraindik, bezperan bizitakoak zer eragin izango zuen, noraino iraungo zuen tximistaren amorruak. Trebea naiz komeni ez zaizkidan pentsakizunak baztertzen, sekulako iaiotasuna garatu dut zeregin horretan.

Beldurraren antzeko zerbait kokatu zitzaidan sabelean, hasieran hazi lehor bat besterik ez zena, baina egunez egun lora-tzen, ugaltzen hasi zena. Begirada berriak erakutsi zidan gauzak ez zirela fuksiaz jantzitako sabeliztunak esan bezalakoxeak. Adibidez, jendartean gaudenean ez nau gutxiesten, ez dizkit bakarka gaudenean esaten dizkidanak botatzen. Horregatik ditut hain gustuko lagunarteko bilerak, horregatik baliatzen dut edozein aitzakia horretarako, hor sentitzen naizelako babespean.

Etxean dago arriskurik handiena, batez ere beste inor gabe gaudenetan. Haurren aurrean ere ausartzen da batzuetan eta inoiz esan badiot ez esateko horrelakorik haurren aurrean, beti erantzun izan dit haurrak txikiak direla, ez dutela zer esaten duen ulertzen, ez direla horretarako gai. Eta hori ere nire hobe beharrez egiten duela. Dena egiten duela familiaren hobe beharrez, ez duela beste helbururik bere bizitzan, otarre horretan jarriak dituela arrautza guztiak.

Baina beti leporatu izan diot guztia bere lanaren zailtasunari, hainbeste erantzukizun izateak eragiten dion urduritasunari. Batzuetan nire baldarkeriari ere bai, baina gehienetan «berriz ere umore txarrez» esan izan diot neure buruari eta laztasunak arintzen ahalegindu naiz, lotan dagoen herensugea esna ez dadin. Azken batean, normala dela gertatzen ari zaidana, ez duela aparteko hitzik merezi, hori dela gizon eta emakumeon arteko harremanik maizkoena, gizonek gainetik daudela sentitu behar dutelako, horrelaxe hezi dituztelako, hauskor baina harro, beti ama maitagarri eta apal baten premian.

Zalantza horretan joan zitzaidan astea. Okerrena inguruko esamesak izan ziren, kalean, lanean, hedabideetan telesail hark izan zituen oihartzunaren inguruko iruzkin etengabeak. Bazirudien ez zegoela besterik ustekabeko elkarrizketetan. Aspaldian ez bezala, asteazken hartan telebistan gertatutakoa gizarte osora zabaldu zen.

Hurrengo asteazkenean, Rociitoren bigarren atala hasi aurretik, han nengoen, sukaldean, pantailaren aurrean, irrikaz, iragarle baten ebazpenaren zain dagoenaren moduan. Han azaldu zen berriz ere fuksiaz jantzitako emakumea, azenario koloreko adatsa alde batera zuzendua, zangoak zabal, gizonen antzera.

Hasierako minutuetan emakumea bere bizitzaren miseriak aletzen jardun zuen, baina, berehala, nitaz hasi zen berriz ere, ispiluarena egiten. Bi emakumeak desberdinak ginen, jatorriz eta bizimoduz, baita bi gizonezkoak ere. Baina biek aldamenean duten emakumearengandik ateratzen dute antzezten duten segurtasuna, biak lapurtzen diote aldamenekoari gainetik daudela sentitzeko behar dutena. Banpiro aseezinak dira.

Hortik aurrera desberdintasunetara lotu nuen arreta. Ez, fuksiaz jantzitako emakumea ez zen nitaz ari. Ni ez naiz sekula hain zulo sakonetan erori, nik 'nahiko' bat jartzen diot nire bizi-tzari, ez 'gutxiegi' bat. Estimatua naiz lanean, zuzendari ere izan ninteke datorren urtean, baldin eta zama hori nireganatzeko erabakia hartzen badut, nirekin argitzen dituzte zalantzak, niregana jotzen dute etorri berriek, modu automatikoan. Haurrak ere ondo doaz aurrera, arazorik gabe, osasuntsu eta zoriontsu. Eta gurasoak ere eskura ditut, sasoitsu oraindik.

Hori bai, bikote bizitza da nire ahulezia nagusia, pitzadura horretatik sartzen zaio itsasoko ura ontziari, baina ur hori ateratzeko gauza naiz oraingoz, ontzia ez dago hondoratzeko zorian. Hori errepikatu nion neure buruari etengabeko sokan fuksiaz jantzitako emakumeak hizketan jarraitzen zuen bitartean, bere senar izandakoa zeinen aita gaiztoa zen adierazten, zeinen maltzurra, zeinen deabru kumea.

Azken puntu honek hautsi zuen lilura, deabruarena entzuterakoan bukatu zen sorginkeria. Bat-batean, pantailatik ateratzen zen ahotsa ez zen nirea, inondik ere. Nire gizona aita ona da, haurrak maite ditu eta arta-tzen ditu, eskuzabala ere bada bere denborarekin haurrei dagokienez. Ez nuen hutsik egin aita aukeratzerakoan, agian bai bikotekidea hautatzerakoan.

Puntu horretan itzali nuen telebista. Beranduegi, ordea, sartua nuen harra erraietan. Momentu hartan pentsatu nuen fuksiaz jantzitako emakumea ahaztu egingo zitzaidala denbora gutxiren buruan, aldartea arintzeko baliatzen ditudan ikuskizunak bezalaxe. Ez da hori nire mundua, ez naiz ni nire miseriak garesti saltzen dituena, malkoak antzezten dituena.

Eta, halere, gau hartan oheratu zen emakumea ez zen betikoa edo bai, agian betikoa bilakatuko zen, baina ez zen negu hartakoa. Aldameneko gizonak ere beste aurpegi bat zuen, beste gorpuzkera bat. Hitzak ez dira ikusten, baina horrek ez ditu armagabe bilakatzen. Izena duen guztia da eta nik izena jarria nion bizitzen ari nintzenari.

Dirudienez, fuksiaz jantzitako emakumeak babesle ugari du inguruan, lehengoa bezain kontrolatzaile dirudien senarraz gain, psikologo eta psikiatra andana, terapeuta tropela. Hori diote hedabideek eta kaleko jendeak, nik ez baitut berriro telesaila ikusi ez ikusiko. Esan didatenez, gorrotoa dario fuksiaz jan-tzitako emakumeari izerdi-zulo guztietatik eta nik ez diot gorrotoari amore eman nahi, ez dut neure bizitza gorrotoaren gainean eraiki nahi. Ez ditut haurrak gorrototan ito nahi.

Bitartean, ez diot oraindik inori ezer esan. Ezta esango ere barruan borborrean dudana baretu arte, gertatzen ari zaidana guztiz ulertu arte. Hausnarkaria naiz. Hori dabilkit bueltaka buruan lanean ari ez naizenetan edo haurren zaintzak bereganatzen ez nauenean. Hori da merezi dudana? Hori da espero dezakedana? Hori da nahi dudana? Halako batean nik ere jantziko dut garraztasunaren traje fuksia?

Eta are erantzun zailagoa duen galdera: nola demontre gertatu zait hau?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Fuksiaz jantzitako emakumea