JON AGIRRE
Domingo, 18 de diciembre 2022, 17:36
Gogoz eta ilusioz, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko 18. finalaz gozatzeko asmoz bertaratu dira 13.000 bertsozale igande honetan Iruñeko Nafarroa Arenara, askorentzat «mugarri» izango den saiora. Iñaki Muruak 20:30ak aldera txapela nori jantziko dion galdetuta, aldiz, erantzunak askoz anitzagoak dira. Oso positiboki eta «aberasgarritzat» jo dute lehen aldiz Iruñean izatea finala eta «aurretik datorren olatu baten beste adierazle bat» oholtzan hiru emakume izatea. Orokorrean pozik, batzuk zuzenean finalera eta beste batzuk aste-bukaera igarotzera etorriak, gozatuko dutela argi dute denek.
Publicidad
Gaurkoa ez da edozein final izango Mikel Kolomo, Uxue Anbe eta Ekhiotz Prietorentzat. Hiruak Lizarraldetik datoz eta azkena saioak aurrera egin ahal izan dezan lanean jo eta ke aritu den 350 boluntarioetako bat izan da. Iruñeak duen «konnotazioa» nabarmendu dute denek eta kosta egin zaie hitzak bilatzea txapelketa nagusiko finala Nafarroan izateak zer esan nahi duen adierazteko. Azkenean «historikotzat» jo dute. Terminoa bolo-bolo ibili da asteotan hiru emakume oholtzan izango direla-eta, Kolomo, Anbe eta Prietorentzat espero eta heldu behar zena. «Txapelketa plazaren atzetik doanaren beste adibide bat da», eta aurrez Nafarroan eta Bizkaian txapela nork eraman zuen oroitu dute. Aniztasun handia egon da txapelketa osoan zehar eta horren isla da gaurko finaleko argazkia ere euren aburuz, «berrituagoa».
Igande honetako finalaren ostean txapela nori jantziko dioten ere argi dute: Maialenek. Buruak eta bihotzak esaten die, nahiz eta Joanes Illarregik janztea ere nahiko luketen. Hori bai, lehen finala izanda balentria handiegia izango zela argi dute. Balentriak aipatuta, hiruei doinu berri bat entzutea gustatuko litzaieke, akaso jotaren bat Nafarroan delako. Horren harira Ekhiotzek oroitu du aspaldian Lizarralden Xabier Amurizak bertsoaldi osoa egin zuela joten doinuekin. «Hori askotxo da», erantzun diote beste biek.
Bi beterano eta bi nobato, ilusioa aurpegian nabari zaiela bertaratu dira «langa asko hautsi dituen» txapelketako finalera Irati, Itxaso, Irati eta Haritz. «Lehen beti zen zazpi gizonezko eta Maialen, ez zen esaten kasik 'emakume' ere ez. Aspaldi honetan orekatzen ari da, bai aurrez plazan eta bai txapelketan, eta hori oso polita da». Hala, Nafarroako edo Bizkaiko txapelketak eta, bereziki, udazken honetan Irungo saioko argazkia nabarmendu dituzte ibilbide honetako beste mugarri modura. «Saioak eta Nereak txapela irabazi izana edo Irunen Sustrai gizon bakarra izatea dira gaurko argazkiaren aurrekari».
Azken honek ordu arteko egoera «irauli» zuela nabarmendu dute, Ane Labakak kantuan botatakoak bere eginez. Aldaketa edo 'boom' horretan Alaia Martin eta Maialen Lujanbio ikusten dituzte faborito nagusi, oiartzuarra lehiatutako hiru saioetan gailendu delako eta hernaniarra egungo txapelduna delako. Hori bai, ez dituzte ahazten Aitor Mendiluze edo Sustrai Colina, bi beterano, »beti hor daudenak», eta esperientzia hori baliatu dezaketenak. Irabazlea dena dela ere, zortziak irabazle izango direla argi dute, baita zaleak ere.
Publicidad
Atzo heldu ziren Beasaindik aste-bukaeraz eta Iruñaz gozatzeko asmoz eta bi egun hauetan bizitakoa «arnasa» izan dela adierazi dute, une oro euskara entzun dutelako. «Gosaltzeko tabernara sartu garenean ere han ginen denak euskaraz, hori ongi etorriko zaio Iruñeari». Ilusionatuta bertaratu dira Nafarroa Arenara, oso pozik finaleko oholtzan hiru emakume daudelako lehen aldiz. Honek, gainera, gaitegia eta proposatutakoei erantzuteko modua zabaldu du: zaintza, jazarpena, indarkeria... «Hiru izanda, gainera, bakoitzak beretik egiten du ekarpen hori». Disfrutatzeko asmoz, eguna borobilduko luke amaieran Aitor Mendiluzek txapela eramango balu. «Urte asko darama maila altuan, final mordoa pilatu ditu eta merezi du» Hori bai, lehian emakumeren bat ere ikustea gustatuko litzaieke. «Ezin da inoiz Maialen deskartatu».
Duela bost urte BECen izan ostean, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finala Iruñera ekartzea «oso positiboa» dela uste dute Mikel, Jon eta Julenen. Eurentzat kilometro gehiago egitea bada ere, uste dute «askotan ekimenak EAEn zentratzen» direla eta, beraz, «kultura kontuak Nafarroara edo Iparraldera eramatea aberasgarria» dela denontzat. «Honela gainera euskara ere leku desberdinetara zabaltzen lagun dezake».
Publicidad
Bertsotan ibiliak eta oraindik afaloste batean ere aritzen direla, final ireki xamarra ikusten dute hiruek. Maialen oraindik kantuan aritu ez bada ere faborito ikusten dute eta ziurrenik Joanes Illarregirentzat egun berezia izango dela uste dute. «Azken finalaurrekoan sufritu zuen eta ganbarako lana arte lotuta ibili zen». Behin presioak gainetik kenduta «askatu» egingo dela espero dute eta lehen finalean maila altua emango duela, «txapelketan egin bezala».
Finala aurrera doan heinean atrebentziaren bat ikustea espero dute ere, are gehiago «txapela irabazteko aukera gehiago izateko arriskatu behar dutenen artean». Faboritoen artean kokatu dute Sustrai Colina, duela lau urte «hortxe» geratu zelako. «Merezi du, baita Mendiluzek ere».
Publicidad
Beterano jada final kontuetan, ordulariari bista galdu gabe ateak irekitzerako zeuden Nafarroa Arenan Xabier, Arkaitz eta Xabier. Tolosaldetik etorrita, final «oso orekatua» espero dute eta, aukeratzea posible bada, txapela Aitor Mendizulek janztea nahiko lukete. Bera ere jotzen dute faborito nagusi. Gainerakoan datorrenarekin gustura egongo direla argi dute, egun on bat pasatzera joan baitira. Atrebentzia handirik ez dute espero, «akaso doinu bereziren bat ager daiteke, baina orokorrean aseguratzera joango direla uste dugu, bertsoaldi osoan zehar lan orekatua egitera». Argi dute irristaldiek puntuak galtzea ekar dezakeela eta finalak ez direla horretarako tokirik.
Donostian eta BECen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak bizi ostean, «etxean» bat gozatzeko parada izatea «oso emozionantea» dela nabarmendu dute. Aurtengoa aurrekoak baino orekatuagoa ikusten dute eta ez dute faboritorik aipatu nahi izan, «gozatzera gatoz». Umore onez eta txalo egiteko prest, zita aspaldian zuten gordeta agendan. «Sarrerak aspaldi erosi genituen, uda hasieran. Bagenekien hau BEC baino txikiagoa zela eta ez genuen gabe geratu nahi».
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.