Borrar
'Nicolaes Tulp Doktorearen anatomia irakaspena' koadroa.
Fichte eta moralitatearen zalantzak

Fichte eta moralitatearen zalantzak

Rembrandten 'Anatomia irakaspena' koadroak arrazionalismoaren zailtasun batzuk atzematen ditu

Martes, 20 de septiembre 2022, 19:32

Rembrandt pintoreak 1632an egin zuen bere lehen talde-erretratua: 'Nicolaes Tulp Doktorearen anatomia irakaspena' izena du koadroak, eta bertan ageri da Amsterdamgo kirurgialari-talde bat gorpu baten beso disekzionatua aztertzen. Ikasgaia Tulp mediku famatuak azaltzen du eta koadroak baditu zenbait bitxikeria. Irakaspenaren data zein izan zen badakigu: 1632ko urtarrilaren 16a. Egun horretan, urtero legez, Amsterdamgo kirurgialarien kofradiak herriari eskaintzen zion jendaurreko anatomia ikasgaia. Tradizioari jarraituz, aztertzeko hautatutako gorpua gaizkile exekutatu batena izan behar zen. Rembrandten eredua Aris Kindt lapurra izan zen, armaz egindako lapurreta bategatik goizean urkatu zutena. Salbuespenezko gertakaria zelako eta gaizkile ezagun baten gorpu biluzia ikusteak ematen zion morboagatik, ikasgai publikoak ikusmin handia sortzen zuen orduko gizartean. Rembrandten koadroa goraipatua izan da agertoki zientifikoa oso modu errealistan jasotzen duelako.

Koadroak alderdi zalantzagarri bat ere badu. Alderdi horretaz ohartu zen Sebald idazle alemaniarra. Sebalden ustez, koadroaren zenbait xehetasunek erakusten dute ariketa enpirikoaz gain, bere koadroan, Rembrandtek zerbait gehiago irudikatu nahi izan zuela. 'Die Ringe des Saturn' (Saturnoren eraztunak, 1995) liburuan Sebaldek irudikatzen du saio hartako ikusleen artean René Descartes filosofoa zegoela. Descartesen presentziak zentzu guztia du, zeren eta pentsalari frantziarrak uste zuen giza gorputza makina bat balitz bezala ulertu behar zela. Ezagutza hori garatzeko Descartesek diagramak eta kartografiazko tresnak erabiltzen zituen.

«Subjektu egiten gara askatasunean gure burua baieztatzen dugunean eta horretarako, egiazko jakintza izatea nahitaezko baldintza da»

Beraz, Rembrandten arte-lan ikusgarrian gizakiaren bi alderdi kontrajarri azaltzen dira: alde batetik, makina perfektua, xehetasun txikieneraino ezagutu daitekeena; bestetik, gaizkilearen jokaera desbideratua, moralitatearen eremua misterioz betetzen zuena. Nola zitekeen makina perfektu batek horren ekintza gaitzesgarriak egitea? Sebalden ustez, Rembrandtek zalantza hori azpimarratu nahi izan zuen, autopsiaren hasiera lapurreta egin duen besoarekin gertatzen delako. Esan daiteke Rembrandten helburua autopsia hitzaren zentzu etimologikoa berreskuratzea zela. Etimologikoki, autopsia, nork bere buruari begiratzeko keinua da. Keinu horrek izaera fisiologikoa eta morala, biak aurreikusi beharko lituzke.

Descartesek eta bere garaiko pentsalariek zailtasun handiak izan zituzten gizakiaren bi alderdi hauek modu baketsuan ezkondu ahal izateko. Immanuel Kant izan zen bere aurreko filosofo guztien teoriak gainditu zituena. Kanten ustez, bi legedi daude munduan: kausalitatearen legedia eta askatasunarena. Lehenaren arabera, naturan gertatzen diren gauza guztiek aurretiko kausa bat dute. Bigarrenaren arabera, gizakiaren askatasunak naturak ezartzen dituen joerak gainditu ditzake, arrazoiaren aginduak jarraitzerakoan. Bi legedi hauen teoriak eragin iraunkorra izan zuen eta filosofia erromantikoen hazi intelektuala dela esan daiteke.

Hala ere, Kanten ondorengo batzuen ustez, bi legedien banaketa zurrunegia zen. Kanten jarraitzaile horien artean, Reinhold eta Fichte gaztea zeuden. Hastapenetik, Johann Gottlieb Fichteren bokazioa izan zen filosofia sistematiko bat eraikitzea. Sistematikoa izateko askatasunaren eremuak eta egiaren eremuak oinarri berbera izan behar zuten. Ikuspegi horren arabera galdetu daiteke nola bateratu daitezkeen Rembrandten koadroan azaltzen diren bi gertakari nagusiak: lapurraren jokaera desbideratua eta besoaren mugimendu trebea, nahitako helburua lortzen duena.

Fichtek arazo horri erantzuna emateko garatu zuen bere 'Wissenschaftslehre' edo zientziaren doktrina. Doktrina hau Fichtek bertsio ezberdinetan azaldu zuen bere bizitzan zehar, baina bere garapenaren barnetik, ondorio orokor batzuk aipa ditzakegu. Esan daiteke Fichtek bi bide nagusi irakatsi zituela arrazoi teorikoa eta praktikoa bateratzeko. Lehen bideak aldarrikatzen du bi arrazoiak bateratzen dituena kokapenezko oinarri bat dela. Kokapen berezi hori kontzientzia izango litzateke. Kontzientziarik gabe ez dago ez jakintza teorikorik ezta askatasunezko esperientziarik. Kontzientzia da, beraz, lehen bidearen iturburua. Erantzun horrekin Fichtek Rembrandten koadroan azaltzen den misterioari erantzun bat emango lioke. Lapurraren kasuan, askatasuna eta kausalitatea ez dira besoaren egiturari esker bateratzen, baizik eta kontzientziaren egiturari esker bateratzen dira. Fichteren lehen bide honi jarraituz gero, Tulp doktorearen anatomia irakaspena burmuinetik hasi beharko litzateke.

Bigarren bidea ez da oinarritzen kokapen irizpide batean, baizik eta arrazoiaren egitura berezian. Bide horren arabera, arrazoi teorikoa eta arrazoi praktikoa ahalmen beraren aplikazio anitzak dira. Arrazoi horrek egitura bera du aplikazio teorikoetan zein praktikoetan. Orduan, zein ote da arrazoia bateratzen duen egitura hori? Fichteren ustez, subjektibitatearen printzipio bat da. Subjektu egiten gara askatasunean gure burua baieztatzen dugunean eta horretarako, egiazko jakintza izatea nahitaezko baldintza da. Arrazoiaren bi aplikazio hauek subjektu izatearen muinean kokatzen zituen Fichtek. Egungo ikuspegitik, bigarren bide honek badu eragozpen nagusi bat, erlatibismoarena.

Erlatibismoak aldarrikatzen du mundua ikusteko ikuspegi kontaezinak daudela. Erlatibismoa aintzakotzat hartzen duen ikuspegi batentzat zaila da subjektibitate abstraktu batek Fichtek eskatzen duen bermea eskaintzea. Ikuspegi garaikidean berme hori ez du subjektibitateak eskaintzen baizik eta gai horietaz ulermena dutenek osatutako komunitateak. Komunitatearen garrantzia lehendabizi Charles Sanders Peirce filosofoak azpimarratu zuen. Pentsa daiteke, Rembrandten irudian, komunitate hori Tulpen inguruan begira daudenek osatzen dutela. Agian Amsterdamgo ikasgai hartako ikusleek ondorengo urteetan Tulp irakaslearen lekua hartu zuten.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Fichte eta moralitatearen zalantzak