
Gogoan dut, irakurriagatik, Baudelairek agertzen duenean bere haurtzaroko ametsa, mapen eta erretratoen zaletasuna, 'Bidaia' izeneko poeman, 1861ean argitaratua. Pierre Lotik (1850-1923) hamaika urte besterik ez, baina seguru nago aipatutako poema hori behin baino gehiagotan irakurriko zuela, eta geratuko zitzaiola atxikia orduan, adimenean ez bada, espirituan. Bada Baudelairerengan urrunekoaren irrika eta misterio-aire bat, poema guztiak goitik behera jotzen dituena. Inperio garaia zen, Frantzia handi eta boteretsu egiten hasi zeneko aldia. Frantziako itsasontziek munduko portu guztietan zuten aterpe; itsaso guztiak bertatik bertara, lorategiko urmael epelean bezala. Munduko toki frankotan frantsesez entzuten zen eta, ez gutxitan, frantsesez hitz egiten. Asian, Afrikan, Ameriketan, bazter askotan, etxean bezala bizi ziren frantsesak.
Publicidad
Haurren bizitza ametsa da. Eta ametsik gehienak, agian uretan sortuak izan garelako, uretara doaz, itsasora normalean, han biltzen baitira mundu guztietako urak eta isuriak, minak eta pozak, atsekabeak eta atseginak. Rochefort, jaioterria, militar kutsuko hiria zen, higanot usainekoa, gerraontzien bazkaleku, eta haientzako armategi gotor. Gaur egun gehiago da museo-erakusgai. Julian Viaudek, benetako izena, ez zuen itsasoa ikusten etxetik, baina bai ortzi-muga eta, ongi armaturiko ontziak portutik atera eta itsasoaren azalean marrazten zuten lerroa, lehorretik irudikaezineko hirietara bidean. Ikuspegi horrek piztu zion harago zer zegoen jakiteko gogoa. Zer amesten du haur fantasiaz beteak urak handi eta begiak txiki direnean? Bere herrian ez dagoena, mentura eta edertasuna, batez ere. «Ez zait ezer gertatu, nire haurtzaroan era ilunean ez ikusitakorik», idatzi zuen haur garaiko kontuak ekarriz. Ametsa hori baino ez da.
Berrogeita hamar urtez (1867-1917), itsasoan ibili zen; mundu zabala alde batetik bestera zeharkatu zuen. Urrun egotegatik, irudimenezkoak ziren gehiago, errealitatekoak baino: Tahiti, Istanbul, Japonia, Maroko, Islandia, Euskal Herria… Tahitin aldatu zuen abizena, Viauden ordez Loti: «arrosa» tahitieraz. Berak idatzitako liburuak bere bizitzaren liburuak dira, halako moldez non, oraindik ere, Lotiren arrastoen bila ibili nahi duenak, liburuotako orrialdeetan usnaka hastea besterik ez duen. Hor aurki daitekeena, barnera joz gero, paisaiaren deskribapena da, gutxitan egin den bezala: deskribapen artistikoa, inpresionista, garaiko estetikaren jarraitzaile, ez sutsua. Azalekoa margotzen du, sakontzeke, eta margotutakoa delikatua eta ederra da, edozein gusturentzat ere.
Ramuntcho, nobelarik famatuena, 'Islandiako Arrantzalea' (Pêcheur d´Islandie) lan indartsuarekin batera, 1897koa da. Heldutasuna ikusten da orriotan: natura basati eta menderatu gabea, aurrera ateratzen diren gizon-emakumeak, bidean izango dituzten oztopoez arduraturik, inoiz ez itsumustuan. Euskal izaera era folklorikoan deskribatzen duela, hori izan du kritikarik zabalduena. Paisaiaren erretratoa bikaina da, ordea, malenkonia tanta txiki lodiez zipriztindua, Barojarik onenaren antzera. Barojak, noski, irakurri zuen, baina itxuraz garrantzirik eman gabe. Estiloa, hori ere.
Julien Viaud 'Javelot' kanoi-ontzian etorri zen Hendaiara. Bidasoaren ahoan, mugaren alde bateko eta besteko arrantzaleek istiluak sortzen baitzituzten, eta haiek bake-bideratze aldera. Hendaian hil zen. «Bakar Etxe» izena zuen haren egonlekuak, esanahi handikoa. Bakarrik, baina ez isolaturik, itsasoaren konpainian.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.