

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Azukrea, gozagarri gisa, zerbait berria da Europa zaharrean. Lehendik, ezaguna zen edergarri gisa, jende ahaldun eta dohatsuek bitxikeria moduan erakusten baitzuten. Ez naiz hasiko azukrearen historia hona ekartzen. Dirudienez Ekialde Hurbilean sortu zen, eta hortik zabaldu zen poliki-poliki Mendebaldera. Ameriketan, esklaboen indarrak ekoitzitako azukre-landetatik sortutako produktuak ekarri zuen batzuen aberastasun irmoa eta besteen gozo-eztitasun samurra. Sidney W Mintz soziologoaren teoria da azukreari esker Britainia Handiak jarri zituela bere inperioaren oinarriak. Marxek esan zuen bezala, «kapitalaren metaketa».
Espainia eta Frantzia ez ziren atze-atzean geratu, ez esklabo-salerosketan, ez azukregintzan ere, batzuen fortunarako. Jakina da, errealitatea dela fikzioaren sostengu, objektu materialek ahalbidetzen dutela objektu espiritualen sorrera. Hitz baten balioa erabileran badago, hitzaren esanahia ere sortutako giroari dagokio. 'Azukre' hitza lehen aldiz euskaraz Silvayn Pouvreauk idatzi zuen: «Azukrea ahoan duenak ezin erran dezake ahoa ezti duela, baina bai azukrea ezti dela».
Azukrea eta eztia, bi hitz, gozoak biak ala biak, 'Philotea' euskarazkoan. Hamazazpigarren mendeko lana da, 1664an argitaratua. Urte batzuk lehenago, 1643an, ekin zion Axularren 'Gero'k bere ibilbideari. Axularrenean, ordea, ez dago azukrearen aipamenik, hitz horrexekin. Dena dela, ezin esan gozotasuna zer zen ez zekienik. «Zeren eztiari, nola baita gozo, eta izena duen bezala, ezti, anhitz baitarraika, eta baitzaika aiher». Eztia ezti, eta gozoa gozo, mingotsa min. Irakurleak ere bazekien ezti-gozoa zertan zen. Frantsesez 'douceur' hitza dute, gozotasuna esateko.
Gozotasunarekin batera hitzak samurtasuna ere adierazten du. Gauza gozo guztiak samurrak izan baitaitezke, edo bigunak, dultzeaz gainera. Emeak ere bai. «Emozu ur, mintza zakitza emeki eta emero, sua iraungiko da, gaitzerizkoa iabalduko da». Axularrenean hori ere. Hitz bat izan daiteke zakarra edo emea, hitz egiteko era izan daitekeen bezala gogorra edo gozoa. Emetasuna biguna da euskaraz, leuna. Latinezko 'suavitas'en antzera, ez da emakume izaera soilik, Jainkoarena eta jainkozkoa ere bai. Horregatik, ez dago emetasuna baino izaera ahaltsuagorik.
Jainkoak, hala esaterik balego, ez du sexurik -alajainkoa-, baina gainerako gizaki hilkorrok badugu, batzuk bakarra, eta beste batzuk nahi adina. Emetasuna emeena dela diote. Rilke poetak gaineratu zuen emakumea hurbilagoa zegoela gizatasunetik, gizona bera baino. Gizon-balioak, ez giza balioak, goresten ziren garaian bizi izan zen -1875ean jaio eta 1926an hil zen-, eta egia esan nagusi ziren ideiekin ez zen bat etorri, garaiko estetikaren bat egin ez zuen bezala.
Poesiak, azken finean, bide errazak saihesten ditu, eta apartekoak aukeratzen, egina den oro eginkizun bihurtuz. Denok aldarrikatuko bagenitu gizonek goraipatzen dituzten ezaugarriak, zer gertatuko zatekeen? Emetasuna gizatasuna da, noski: indarra da, indarkeriarik gabe; ausarta da, ausarkeriari deitu gabe; gogorra da, baina ez du gogorkeriarik maite batere. Maitasuna da, eta gorrotoan ere emea. Gozotasuna da, eta, era berean, samurtasuna, beratasuna. Denak baliagarriak zaizkigun arren, nolabaiteko gozotasuna adierazteko, koska gutxi dago beren arteko ibilbidean. «Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz», irakurtzen da Mateoren Ebanjelioan. Bihotz gozoa ez da, noski bihotz eztia, ez bihozbera, ez bihotz samurra, baina antzeko esanahikoak dira. Gogorkeriaren aurkaria da gozotasuna, baina ez dio aurre egiten beti. Gozotasunaren aldarria jotzen da gozorik gabe. Oihenarten esaera batean irakur daiteke, laburbildurik: «Hik maka, nik saka». Hik, afana, nik, lana.
Gizartearen eredu bihurtzen da, bestelako ereduek porrot egiten dutenean, eta munduaren akabera gertu ikusten denean, eta ezin ezeri heldu eta ezin norengana jo egoera horretatik libre ateratzeko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.