Borrar
Albert Camus.
Camus ahaztu
Territorios

Camus ahaztu

Olivier Gloag irakasleak 'Oublier Camus' idatzi du. «Zaharra berri», euskaraz esaten den moduan, ez baitu egileak aspaldiko argudioez gain gaurkorik ekartzen

Sábado, 18 de noviembre 2023, 15:18

Lehentxeago ala geroxeago gertatu behar zuen, Camus gaitzetsia, beheratua eta apaldua izatea. Olivier Gloag idazleak Oublier Camus argitaratu du, eta bazterrak harrotu ditu kultura frantsesean, beti zeresanerako prest. Sarrerako testuan honako hau irakur daiteke: «Zer dute elkarrekin George W Bushek, Indianan heriotza-zigorrera kondenatutako afro-amerikar batek, Frantziako eskuin-muturrak, anarkisten federazioak, Le Figarok, L´Humanitek, Hollywoodeko izarrek eta intelektual antikolonialista arabiarrek? Denek aldarrikatzen dutela Camusek utzitako ondarea». Eta egia da; Camus, une honetan, hil eta hirurogeita hiru urtera, intelektualen artean onartuena da. Arrazoi asko daude, aipa daitezke batzuk: Camusen argitasuna, ilunaldian; Camusen ausardia, beldur-garaian, koldarrek hartutako gune eta tokietan; Camusen zintzotasuna, gaiztakeria nagusi zen munduan; Camusen bihoztasuna, ankerkeria eta gezurra zabaltzen ari zelarik berak ezagutzen zituen alderdi eta auzoetan. Baina ez da ezeren edo inoren kontra jarri behar, Camusen esanahia azalarazteko: indar eta kemen nahikoa du, betiro ere, dagoenean dagoela gailendu eta nabarmentzeko.

Nire belaunaldiko batzuei, ez guztiei zoritxarrez, Camusek zuzentasuna zertan zen erakutsi zigun. Gogoan dut 'Les justes' edo 'L´homme révolté' liburuak irakurri ondoren zer nolako zirrara barnean, zer nolako ziztada adimenean, zer nolako akuilukada pentsamenduan. Indarkeria goraipatua eta adoratua zen aldiaz ari naiz, noski. Dostoievskik idatzi zuen Jainkorik ez balego, dena litzatekeela zilegi. Sartrek erantsi zuen Jainkorik ez egonda ere, gizakia libre dela, gizatasuna askatasunaren sinonimo baita. Camusentzat ordea Jainkorik gabe, dena ez da zilegi, asmo on eta jakinak ez du justifikatzen baliabide oker eta kaltegarrien erabilera, helbururik ederrena ere gaiztotzen da hura erdiesteko erabakiak eta neurriak gaiztoak badira. Camusek, bai aldez eta bai moldez, bai teorian eta bai praktikan, zuzenak izaten erakutsi zigun. Sartrek, askeak izaten.

Iruditzen zait badela Camusen eta Sartreren arteko lehia edo eztabaida haren hondarra liburu honetan. Lagunak izatetik kontrarioak izaten amaitu zuten. Aljeria izan zen bien arteko desadostasunak leher egin zuen tokia. Sartre, inperialismoaren aurkakoa zen; Franz Fanonen liburu famatuenaren hitzaurrea idatzi zuen. Baina Camus Aljerian jaiotakoa zen, han igaro zituen haur eta gazte urteak, han ikasi zituen gizatasunaren oinarrizko kontuak. Aljeriari buruz Camusek idatzi zuen kolonialismoa krimen bat zela, baina deskolonizazioaren izenean krimenak ere egin zitezkeela eta ezin zirela justifikatu.

Hain zuzen, Camusek kolonialismoaz zuen jarrera da Olivier Gloag-en kritikaren muina. Berriro ekartzen du Sartrerekin izandako eztabaida eta polemika, Brasillachen auziaren inguruan plazaratutako iritziak; emakumeekin izan zuen portaera ere salatzen du, nolabaiteko 'donjuanismo'a. Errebisionismo gaurkotu honetan gutxiena da idazle batek edo pentsalari batek zer utzi duen ondare gisa, bere obrarekin, baizik eta zer ez duen utzi edo zer ez duen esan. Hil-garai hauetan komenigarri zaigu gogora ekartzea Camus zorionaren bila ibili zela bizitza guztian, askatasunaren eta berdintasunaren bila ibili izan zen bezala. Bata bestea gabe ez da ezer.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Camus ahaztu