Borrar
Fotolia
Aldaketak

Aldaketak

Aforismoa, pentsamenduaren trinkotasuna, esaldiaren borobila, bizitzaren adibide

Viernes, 2 de junio 2023, 20:41

Bi esaldi dabilzkit aspaldion buruan bueltaka, zein baino zein tematiago biak eta ez didate sosegurik ematen, ez gau eta ez egun. Lehendabizikoa La Rochefoucauldena da: «Le soleil ni la mort ne se peuvent regarder fixement». Eguzki eta Herio ezin begiz begi jo. Aspaldiko kontua da; eguzkia eta heriotza biak dira indartsuak, biak ahaltsuak, biak potentzia handikoak eta begiratzen dituena bera jotzen dute begiz, itsusteraino batean edo hiltzeraino bestean. Gizakia deus ez da, eguzkiaren edo heriotzaren aldean bederen. Gizakiaren ezaugarria bizitza da, eta bizi den bitartean ez du heriotzaren zantzurik sumatzen. Horrek ez du esan nahi hilko dela ez dakienik. Badaki, bai, badakien bezala heriotzari erreparatzea hiltzen hastea dela. Gure literaturan testu asko dago nola hil behar den erakusten dutenak, aszetika liburuak gehien bat, kristau moral hertsiaren adibide: 'Ontsa hiltzeko bidea'. Baina La Rochefoucaulden bizitza (1613-1680), Europako gerra odoltsuen artean igaro zen: Erreforma eta Kontrarreforma aurrez aurre, protestanteak eta katolikoak elkarri mokoka, hilkintza eta triskantza nonahi, segurtasunik eza. Hori jakinda, ordea, gizakiaren hilkortasuna onartuta, bestelako begiez begiratzen zaio bizitzari berari. Era laburrean bizitzaren eta bere garaiaren laburtasuna azaldu nahi du La Rochefoucauldek. Maxima, gehiena esatea ahalik eta hitz gutxienekin. Aforismoa, pentsamenduaren trinkotasuna, esaldiaren borobila, bizitzaren adibide. Etorkizuna hodei beltzez estalita badator, bizitza da geratzen den ziurtasun bakarra.

Bigarren esaldia John Donnek bere gaztaroan ikurtzat hartutakoa da: «How much shall I be changed, before I am changed». Zenbat aldatuko naizen aldatuko naizen baino lehen! John Donne poeta eta predikaria, krisi garaian bizi izan zen (1572-1631); eliza katolikoaren praktika debekatuta zegoen, eta katolikoek ezin zuten kargu publikorik izan ez unibertsitatean ez administrazioan ere. Haren libururik ezagunenetakoa 'Devotions' da, 'Devotions upon Emergent Occasions', osorik esanda, deboziozko eskuliburu bat, larrialdietan erabilgarri. Liburu horren parte bat, 'Meditations' izena duena, 'Meditazioak', Patxi Ezkiagak itzuli zuen, aspaldi, bere gaixotasuna itzal artetik zelatan zuenean. «A zein aldakorra eta, horrexegatik, errukiorra den giza egoera! Oraintxe bertan ongi nengoen eta oraintxe bertan nago gaizki». Bere gaztetasunaren txinparta airean ezabatutakoan, heldutasunarekin batera erantzukizun larria nahi bainoa arinago zetorrela oharturik, aldatzea erabaki zuen John Donnek, eta, katolikotasunari uko eginez, agerian bederen, Ingalaterrako Elizaren kide egitea erabaki zuen eta, bide horrek eskaini zizkion abantailak baliatuz, dekano izatera iritsi zen, San Paulo katedralean, Londresen. Bertan ehortzi zuten, hainbestetan predikatu zuen tokian. Lehenago Montaignek azaldu zuen mundua jira eta bira dabilela, orain gora doana bihar behera eta azpira joan daitekeela; ez baitago ezer geldirik, dena etengabe mugitzen da, eta ezin jakin nora. Ondorioz, munduari egokitu beharra dago, mundua norberari egokitzea zaila baita. Eta munduari egokitzeko ezagutu behar dira mundua mugiarazten duen sistema, edo agintaria, zein eta nor den. Jakin behar, era berean, munduan bizi diren gizon-emakumeak zein desirak, zein grinak, zein irrikak eramaten dituzten bizialdian aurrera, ekaitzaldian uholdeak ibai ura, eta haize-zirimola abar hautsiak eta hosto lehorrak airean altxatzen dituen antzeko indar eta pasioz.

Barnera begiratu behar horretarako, hor baitago ezkutuan eguzki eder eta distiratsu bat. Batzuek kontzientzia deitzen diote; beste batzuek, bihotz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Aldaketak