Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
1821eko azaroaren 11n jaio zen Fedor Mikhailovitx Dostoievski. Beraz, aurten betetzen da haren jaiotzaren berrehungarren urteurrena. Aurkezpen handirik behar ez duen idazlea da errusiarra. Harenak dira, esaterako, 'Krimena eta zigorra', 'Ergela', 'Deabruak' edota 'Karamazov anaiak' eleberriak. Aipa genitzake, halaber, 'Jende gizagaixoa', 'Bikoitza', 'Hildakoen etxearen oroitzapenak', 'Jokalaria' edota 'Oharrak lurpetik'. Ez da inolaz ere laburra Dostoievskik utzitako maisulanen zerrenda. George Steinerrek liburu mamitsua eskaini zien Tolstoiri eta Dostoievskiri. Biak ala biak omen ziren absolutuaren bilatzaileak. Lehena, Homerorekin alderatu zuen; bigarrena, berriz, Shakespearerekin. Izan ere, kanpo mugimendua ez da Fedor Mikhailovitxen ezaugarri nabarmenena. Moskun jaiotako idazlearen lanak antzerkiaren moldean garatzen dira, eszena luze eta landuen bidez, pertsonaien arteko hartu-emanen bidez. Ez zaio horrenbeste axola nobelaren egitura bera. Nabokovek horixe leporatu zion errusiar literaturari buruzko bere ikastaroan, erdipurdiko idazlea zela, arrunkeria une asko zituela. Baliteke nobelagintzaren teknika ez izatea Dostoievskiren indargune handienetakoa, baina beste hainbat bertuterekin gainditzen zuen ustezko ahulgune hori. Garai batean giza arima deitzen genuen horretan jarri zuen arreta Dostoievskik. Gure barruko aingeru eta deabruak aztertu zituen, gure baitako usoak eta beleak. Eta zeregin horretan oso urruti heldu zen.
Kontuan hartu behar da literaturaren urrezko garai hartan, XIX. mendean alegia, sarritan gizon-emakumeen arteko maitasun gorabeherak izaten zituztela hizpide idazleek. Edo, bestela esanda, hondamendi handienak maila partikularrean gertatzen ziren. Dostoievskik eta Tolstoik landu zituzten gorabehera horiek, noski, baina harago joaten jakin izan zuten, eta gai politiko, sozial eta erlijiosoak naturaltasunez uztartu zituzten beren lanetan. Egiari zor, ez zuten oso hurbileko harremana izan bi idazleek. Dostoievski hiltzean, Tolstoik bere egunkarian idatzi zuen damu zela harengana gehiago hurbildu ez izanaz. Tolstoirentzat lur honetan zegoen Jainkoaren erresuma; Dostoievskirentzat, aldiz, erredentzioa eta fedea ziren hitz gakoak.
Dostoievski liberala eta mendebalde-zalea izan zen hasieran, harik eta Petraxevski sozialista utopikoen lagunartekoa izateagatik epaitu eta hiltzera zigortu zuten arte, Nikolas I.a tsarraren aurka konspiratzeko kargupean. Ezaguna da zer gertatu zen. Justu fusilatzera eraman ostean, fusilatze pelotoia parean zuela, zigorraren kommutazioa heldu zen. Bizitza barkatzearen truke, Siberiara bidali zuten preso. Gertaera hura maisuki kontatu zuen Stefan Zweigek 'Gizateriaren une ikusgarriak' saiakeran. Are gehiago, Zweigek beste lan bat eskaini zion, 'Hiru maisu: Balzac, Dickens, Dostoievski', non aipatu hiru egileen bizitza eta lana aztertu baitzituen.
Urte batzuk geroago, Siberiako kartzelaldian bizi izandakoak maisuki kontatu zituen 'Hildakoen etxearen oroitzapenak' gogorrean. Kartzelatik bueltan, norbait ezberdina zen Dostoievski. Jainkoarekiko fedea berreskuratu zuen, kontserbadore eta eslavofilo sutsua bihurtu zen. Horrez gain, hamaika arazo izan zituen bere bizitza pertsonalean, batez ere diru kontuekin eta osasunarekin (epilepsia arazoak tarteko). Dostoievskik bere gain hartu zituen hildako bere anaiaren lau seme-alabak eta honen zorrak. Izugarri kostata atera zen aurrera, eta finantza-arazoetatik ihes egitera ere iritsi zen, kasinoetako jokoetan babestuta. Esperientzia horretatik sortu zen 'Jokalaria' gogoangarria.
Gogoan dut hamazazpi urterekin irakurri nuela lehen aldiz Dostoievskiren 'Krimena eta zigorra'. Eskolan bidali ziguten irakurtzeko. Liburuak hankaz gora irauli zidan bizitza, eta betiko iltzatuta geratu zitzaidan protagonistaren izena: Raskolnikov. Geroztik, idazle errusiarraren liburuak irakurtzen joan naiz banan-banan, eta une bakoitzean neure buruari egin dizkiodan galderak ezberdinak izan dira, garaiaren arabera, baina horixe izan da inoiz aldatu ez dena: Dostoievskik guri galdezka jarraitzen du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.