![Faulknerrekin hegan](https://s3.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/202212/18/media/cortadas/faulkner1-kEsB-U1801051227375t8D-1248x770@El%20Correo.jpg)
![Faulknerrekin hegan](https://s3.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/202212/18/media/cortadas/faulkner1-kEsB-U1801051227375t8D-1248x770@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
'Amanece que no es poco' pelikulan kargu hartzen diote idazlegai bati Faulknerren 'Light in August' eleberria plagiatu duelako. Beste edozein plagia zezakeen, baina kaporalak garbi esaten dion bezala, herri hartan Faulknerrenganako benetako debozioa dute, eta onartezina da halakorik egitea. Izan ere, luzea da Faulknerren itzala. Fikzio zinematografikora heltzeaz gain, noski, eragin hedakorra izan zuen literaturaren esparruan garai batean, bereziki Hego Amerikako boomean. Mundu mailan ere sona handia izan zuten haren lanek. Sinbolismoz betetako estilo liriko, bihurri eta eliptiko baten jabe zen, koskaz betea ia beti. Faulkner irakurtzeko esperientzia ez da erraza lehen kolpean, baina apur bat saiatuz gero, ez dira nolanahikoak haren irakurketatik atera daitezkeen fruituak. Idazle esperimentala eta berritzailea zen, eta, aldi berean, iturri klasikoetatik edaten zuen: Biblia, Shakespeare, Dickens… Teknika ezberdinak erabiltzen zituen, ikuspegi ezberdinak, denbora-jauziak, han-hemenka xehetasun sotilak utziz, eta bat-batean xehetasun horiek sekulako garrantzia hartzen dute istorioetan; are gehiago, edo dena argitzen dute, edo dena iluntzen. Faulkner irakurri ahala, irakurlea bere nobela propioa marrazten doa buruan, baina xehetasun horietako batek beste nobela bat jartzen dio begien aurrean, beste aukera bat proposatzen dio. Gerta liteke, gainera, Faulknerren unibertso ilun eta anbiguoan galtzea ere. Baina, tira, ez da ezer gertatzen noizean behin bidea galtzeagatik.
AEBetako hegoalde sakoneko alegiazko konderri batean girotu zituen Faulknerrek bere nobelarik ezagunenak, Yoknapatawpha-n alegia, Mississippi ibaiaren ipar-mendebaldean alegia. Han sortu ziren, besteak beste, 'Hotsa eta ardaila' (Asun Garikanok itzulia), 'Absalom! Absalom!', 'As I Lay Dying', 'Santutegia' (Xabier Olarrak itzulia) edota 'Go Down Moses'. Borgesek, esaterako, 'The Wild Palms' ekarri zuen gaztelerara 1940an, jatorrizko bertsioa kaleratu eta urtebetera. Gaztelaniaz egiten zen idazle estatubatuarraren bigarren itzulpena zen. Lehena, Lino Novás Calvori zor diogu, 'Santuario' itzuli baitzuen Espasa Calpérentzat, 1933an. 1949an, Literatura Nobel Saria jaso zuen Faulknerrek, eta hortik aurrera, beste hainbat sari etorri ziren: National Book Award-a bitan eta Pulitzer Saria ere beste bitan.
Hala ere, bitxiki, Faulknerren lehen nobela 'Soldiers' Pay' izan zen, Lehen Mundu Gerran girotua. Hainbat ipuin girotu zituen testuinguru horretan, baita 'A Fable' eleberria ere. Eskola utzi berria zuen gerra piztu zenean, eta pilotu izatearekin amets egiten zuen. 1918an Britainia Handiko Errege Aire Indarrean izena eman, eta Kanadara bidali zuten entrenamendu ikastaro batera. Hala ere, lehen hegaldia egiteko aukera izan aurretik amaitu zen gerra. Pilotu uniformearekin itzuli zen sorterrira, britainiar azentuarekin eta herren arin batekin. Lagunei esan zien abiazio istripu batean egin zuela, eta garezurrean metalezko xafla bat jarri ziotela. Urteetan eutsi zion pilotu ibili izanaren kondaira horri, eta ezaguna egin zenean baino ez zuen aitortu gezurra zela, arazoak saihesteko. Neurri handi batean, esan daiteke gezur horri esker bihurtu zela gerora fikziozko idazle. Izan ere, gezur bat burutsua bada eta modu sinesgarrian kontatua badago, egiaren gainetik egotera hel daiteke. Nolanahi ere, inoiz ez zuen burutik kendu pilotu izatearena. 1933an, hegaldi lezioak hartu zituen, bere hegazkin propioa erosi zuen, eta, bolada batez, aireko akrobazien zirku-konpainia bat ere zuzendu zuen. Gaiari 'Pylon' izeneko eleberria eskaini zion, aireko ikuskizunak egiten dabiltzan pilotu batzuen gorabeherak ardatz hartuta eta Yoknapatawphatik kanpo girotua.
Faulknerren azken nobelak, 'A fable' edo 'The Reivers' (gaztelaniaz, berriki, 'La escapada' itzuli dute azken hau, nahiz garai batean 'Los rateros' izenburuaz ezaguna izan) egokiak dira oso idazle estatubatuarraren unibertsoan sartzeko, baita 'Abuztuko argia' eleberria edo haren ipuinak ere. Eta, hortik aurrera, erabaki ausartagoak har daitezke, eta gorago igo.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.