Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Leire Larrazabal
Sábado, 15 de junio 2024, 00:21
San Bizente Ikastolak ia mende erdi darama Oionen errotuta lanean. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta uneotan 201 familiak, 288 ikaslek, 34 irakaslek eta langilek osatutako komunitatea da ikastolarena. Funtsezko bi oinarrik ematen diote berezko nortasuna. Alde batetik, kooperatiba da, gurasoek antolatuta, euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez. Bestetik, ikastetxe euskalduna da, integratzailea, akonfesionala, hezkidetzagilea eta metodologia parte-hartzailea eta kudeaketa irekia eskaintzen dituena Oiongo eta inguruko familia guztientzat.
Izan ere, inguruko herrietatik ere jasotzen ditu ikasleak, bai eta Errioxara bizitzera joandako zenbait familiaren seme-alabak eta zenbait ikasle nafar ere. Azken finean, Arabako Errioxako haurrak euskalduntzen dituzte, eta eginkizun hori betetzen dute nafarrekin, errioxarrekin eta urrunagotik etorri berriekin ere...
Bada, San Bizente Ikastolak Araba Euskaraz 2024 antolatzeko ohorea du. Arturo López de la Callek bederatzi urte daramatza zuzendari lanetan. Jairako atzerako kontaketa hasi da.
-Araba Euskaraz bihar ospatuko da. Prest zaudete festari aurre egiteko?
-Noski baietz! Urte osoa daramagu ilusioz prestatzen eta igandea iristeko irrikitan gaude.
-Festa potoloa antolatu duzue euskaltzaleontzat?
-Bai, egun garrantzitsua da eta familia osoarentzat egitarau erakargarria eta dibertigarria prestatu dugu. Hiru gune egongo dira: lautada, mendia eta erreka.
-Zer nabarmenduko zenuke?
-Ekitaldi eta ikuskizun ugari, publiko eta adin guztientzat. Giro euskalduna eta euskal kultura bazter guztietatik. Gainera, dastaketa ezberdinak izango ditugu egun osoan zehar.
-Aurten ere Olarizun.
-Bai, oso leku egokia da. Jendearentzat hurbiltzeko errazagoa, eta tokia, eszenatokiak, garbiketa eta abarren antolaketarako ere bai.
-San Bizente Ikastolak ia mende erdi darama Oionen lanean. Ibilbide luze eta emankorra?
-Ongi diozu, mende erdi euskararen alde, konfiantzaren pedagogia eta ikasleen ongizate emozionalean oinarritutako ikasketa eredu propioa sustatuz, eta batez ere Arabako Errioxako eta inguruko herrietako familia guztiei proiektu euskaldun bat eskainiz, 0 eta 16 urte bitarteko euren seme-alabek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Denontzako eta denona. Gurea eta familiena.
-Zer nabarmenduko zenuke San Bizente Ikastolatik?
-Mugan gaudela baina mugaezin (aurtengo leloak dioen moduan). Oiongo gazteak, Moretakoak, Ekorakoak, Bilarrekoak, Labrazakoak, Barriobustakoak… eta Errioxa eta Nafarroatik jasotakoak euskalduntzen ibili gara azken 48 urteetan.
-'Mugaezin' aipatu duzu, aurtengo leloa hain zuzen ere.
-Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagoak irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat.
-Nola ikusten duzu euskara zure inguruan?
-Gure eskualdean ez da erraza, baina euskara entzuten da kaleetatik, inoiz baino gehiago. Duela 40 urte ume erdaldunak ginenak, gaur euskaldunak gara, euskaraz bizi eta euskaraz lan egiten dugun euskaldunak. Eta horrek elikatzen gaitu eta indarrak ematen dizkigu aurrera jarraitzeko.
Guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak ia %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.
-Eta Araban?
-Araban ezagutza maila altua da, batez ere gazteen artean baina gure eskualdean bezala, erabilpen maila oraindik ez da orokorra. Indarra egin behar da zentzu horretan eta horregatik aldarrikatzen dugu ikastolok egiten dugun lana.
-Araba Euskarazen beste gauza garrantzitsu bat da jaia antolatzen zortzi ikastola aritzen zaretela. Eskuz esku, buruz buru.
-Koordinazio maila altua da eta guztiontzat helburua berdina da. Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle-laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena… Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta.
-Zer egingo duzue bildutako diruarekin?
-Ikastolako jantokia 2017an eraiki genuen, eta oraindik ordaintzeko falta zaigu; hori da helburuetako bat. Gainera, ikastolako komunak oso zaharrak dira eta berritu nahi ditugu, hori ere beste helburu bat da.
-Beno, bada, Olarizura jende andana hurbiltzeko, eguraldiak laguntzea besterik ez da falta!
-Bai, mesedez! Hori ezinbestekoa da egunaz behar den moduan gozatzeko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.