Borrar
Dani Álvarez, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioko aurkezlea. EiTB
«Ezagutzen ez nuen gizartearen zati bat deskubritu dut euskarari esker»

«Ezagutzen ez nuen gizartearen zati bat deskubritu dut euskarari esker»

Euskararen Nazioarteko Eguna ·

Galizian jaiotako Dani Álvarez, Radio Euskadiko Boulevard saioko kazetaria, euskal hizkuntza ikasten hasi zen 2002an. Gaur, hamabost urte igaro direla, euskaldun bezala ospatzen du Euskararen eguna

Domingo, 3 de diciembre 2017

Dani Álvarezen ahotsa oso ezaguna da. Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa gidatzen du 2009tik eta, logikoa denez, munduko ikuspegi zabala du bere lanbideari esker (bere nortasunak eragina izan du horretan ere, noski). Zenbait komunikabidek bizkaitarra dela behin baino gehiagotan argitaratu duten arren, Galizian jaiotako kazetaria da 'El lector de huesos' programa zuzentzeaz arduratu den berrogei urteko profesional hau. Egia esanda, Euskal Herrira ez zen etorri hemeretzi urte bete zituen arte, eta une horretan, oraindik ez zekien bertan aurkituko zuenik bere etxea.

Leioako campusean Kazetaritza ikasketak burutu eta gero, euskara ikastearen grina piztu zitzaion Álvarezi. Musika izan zen erabaki hori hartzeko arrazoi garrantzitsu bat. Izan ere, bera «oso metaleroa» da eta ez zitzaion «batere gustatzen Su Ta Gar eta beste hainbat talde euskaldunen abestien letrak hizkuntzagatik ez ulertzea». Gauzak horrela, erronka moduan hartu zuen euskal hizkuntza behar bezala menperatzea eta, gaur, oso pozik dago Euskararen Eguna euskaldun bezala ospatu ahal izateagatik.

Dena den, berak onartzen duen moduan, askotan zaila suertatzen zaio hizketaldi oso bat euskaraz jarraitzea. Ondorioz, zer edo zer esaten ez badaki, gaztelaniaz erantzuten du inolako arazorik gabe. «Ez dit lotsarik ematen. Nire helburua hobetzen jarraitzea da eta batzuetan gaztelaniaz erantzuten badut ere, ez zait batere gustatzen besteek hizkuntzaz aldatzea horregatik. Aitzitik, hobe da niretzat beraiek berdin jarraitzea, horrela entzumena lantzen baitut eta noizbehinka euskaraz zer edo zer botatzera ausartzen naiz ere».

Bere lanpostuan eskatzen ez badiote ere, astean behin gure hizkuntza den altzor horretan aurrerapausuak ematen jarraitzeko klaseak hartzen ditu. Beraz, denbora libre gutxi duen arren, ahal duen bakoitzean euskaraz hitz egiten saiatzen da, nahiz eta normalean mundu guztia berarengana gaztelaniaz zuzentzen den.

-Nola erabaki zenuen euskara ikastea?

Euskal Herrira etorri nintzen bertan ikasketak egiteko helburuarekin eta hasiera batean Galizara bueltatzeko intentzioa nuen arren, bertan geratuko nintzela erabaki bezain pronto, argi izan nuen euskara ikasiko nuela. Nire ustez, edozein herrialde ondo ezagutzeko, bere hizkuntza ondo ulertzea ezinbestekoa da. Izan ere, hemengo herritar asko euskaraz mintzatzen dira eta ulertzen ez badiezu mugatuta zaude. Hamabost urte daramatzat erronka horrekin eta pozik nago orain arte lortutakoarekin.

-Oso zaila izan da zuretzat?

Ez dut uste zaila denik ezta erraza ere, hori ez da kontua. Nire ustez edozein hizkuntza behar bezala ikasteko garrantzitsuena lasai egotea da. Lanposturako eskakizunak lortu behar dituen jendea, esate baterako, hizkuntzaz nekatzen da askotan. Epe mugatu batean lortu behar dituzte hizkuntza eskakizunak eta, horrela, noski, ez dute hizkuntza horrek eskaintzen dizkien aukera oparoez gozatzen. Nik ez dut lanposturako titulurik behar eta hori lasai ibiltzeko aukera eskaini dit. Dena den, aurten B2-a lortu dut eta etorkizunean C1-a gainditzea gustatuko litzaidake. Baina presarik ez izatea oso garrantzitsua da, zalantzarik gabe.

«Jende gehiena gaztelaniaz zuzentzen da nigana, baina nik ez dut amore ematen eta euskara eske nabil askotan»

-Euskaraz hitz egiten duzu normalean?

Normalean ez. Pentsa ezazu ni erreferentea naizela gaztelaniaz, albisteak hizkuntza horretan ematen baititut. Orokorrean, jende gehiena gaztelaniaz zuzentzen da nigana, baina nik ez dut amore ematen eta euskara eske nabil askotan: 'Zuk hitz egidazu euskaraz nik galdetuko dizudala ulertzen ez badizut', esaten diet. Praktikatzeko aukera asko galtzen ditut arrazoi horregatik eta benetan amorrua ematen dit. Izan ere, oso ondo hitz egiten duen jendearekin egoten naiz egunero eta jariotasuna lortzeko aukera ezin hobea izango litzaketela uste dut. Hori alde batera utzita, bai, saiatzen naiz klasetan beti euskaraz hitz egiten (irakasleak asko motibatzen nau) eta nire 4 urteko semearekin hizkuntza erabiltzen ere bai. D ereduan dago eta irakasle bikaina da (kar, kar).

-Hizkuntza ondo menperatzen dutenek besteen hanka sartzeekin oso zorrotzak direla uste duzu?

Bai, euskaldunek autokritika egin beharko lukete horren inguruan. Pertsona askok lotsa handia pasatzen dute euskaraz hitz egiten dutenean eta zoriondu beharko genituzke euren esfortzuagatik, kritikatu ordean. Nire ustez, barre egiten duzun bakoitzean hiztunak galtzen dituzu eta, beraz, hizkuntzaren kontra egiten ari zara. Gauzak horrela, pertsona bat prestatzen bada telebistan edo irrati saio batean euskaraz hitz egiteko ez dugu kritikatu behar, zoriondu baizik. Harrituta geratzen naiz eztabaidan parte hartu duen pertsona batek euskaraz ondo mintzatzen ez dela entzuten edo irakurtzen dudanean. Kontuan izan behar dugu euskara ez dagoela ingelesa bezalako egoera hegemonikoan eta euskaldunek harrera hobea egin beharko lukete.

-Euskarazko programa bat aurkeztea gustatuko litzaizuke?

Bai, asko gustatuko litzaidake eta ez dut baztertzen etorkizunean zer edo zer egitea euskaraz. Nire ibilbidea jarraitu duten euskaldun guztiei omenaldia egiteko aukera paregabea izango litzateke, zalantzarik gabe. Egia da mikrofonoak errespetua ematen duela, baina orain dela hilabete batzuk elkarrizketa bat egin nuen Joseinarekin Gaztean eta, mugatua sentitu nintzen arren, oso esperientzia polita izan zela onartu behar dut. Hortaz aparte, 20. Korrikaren gaineko dokumentalean ere parte hartu dut eta pixkanaka-pixkanaka alor horretan aurrerapausuak eman ditudala esan dezaket.

«Pertsona bat prestatzen bada telebistan edo irrati saio batean euskaraz hitz egiteko ez dugu kritikatu behar, zoriondu baizik»

-Zer ikasi duzu euskal gizartetik euskarari esker?

Alde batetik, jendearen izaera hobeto ulertzen. Logikoa denez, euskaldun zaharrak desberdinak dira euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiten dutenean, eta hizkuntzari esker, ñabardura horiek ulertu ditut. Bestetik, kulturari dagokionez, bertsoez, abestien letrez... gehiago gozatzea ere lortu dut. Athletic zale asko, esate baterako, San Mamesera joaten dira astero bere klubaren abestiaz ezer ulertu gabe eta hori pena bat da.

-Zer egin daiteke euskararen alde egiteko?

Erreferente berriak eta positiboak bilatu behar dira gazteek hizkuntza erabili dezaten. Euskarari buruzko albiste askok aintzinako euskaltzaleak hartzen dituzte abiapuntutzat eta nire iritziz hori aldatu behar dugun kontua da, gazteentzat ez baita batere erakargarria. Kezkagarria iruditzen zait, bestalde, euskara lanpostu bat lortzeko ezinbesteko baldintza bezala edota oso hizkuntza zail bezala ikustea. Nire ustez, beraz, hobe da hizkuntza munduan zehar ibili den Berri Txarrak bezalako taldeekin erlazionatzea, antzinako kontu arkaikoekin baino.

-Zer da zuretzat Euskararen eguna?

Euskararen Nazioarteko Egun bat ospatzea oso positiboa da niretzat. Komunikabideek ahalegin handiagoa egiten dugu egun honetan gure hizkuntzaren alde -nik, esaterako, albistegia euskaraz hasten dut- eta pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak eman ditugula esan dezakegu. Euskara altxorra da eta horren alde hartzen diren neurri guztiak oso onak dira.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ezagutzen ez nuen gizartearen zati bat deskubritu dut euskarari esker»