«Korrika egiten dugunean bezala, euskara entrenatu beharra dago»
ZIGOR ITURRIETA, TELEBISTA AURKEZLEA ·
Zigor Iturrieta telebista aurkezleak herritarrak Euskaraldian murgiltzera animatzen ditu: «Nahiz eta pauso txikiak edo handiak izan, aurrera egiteko badira, beti izango dira lagungarriak»
NAHIKARI CAYADO
Jueves, 24 de noviembre 2022, 22:55
Askok 'Chiloé, lasterketa munduan' saioagatik ezagutuko dute, beste askok aldiz 'Txoriene' sukaldaritza saioa aurkezteagatik. Zigor Iturrietak zortzi urte daramatza Euskal Telebistako lehenengo katean munduan gehien gustatzen zaizkion bi gauzak uztartzen: gastronomia eta kirola. Harrotasunez dio bere eguneroko bizitzan Ahobizi dela, euskaraz bizi eta lan egiten baitu urte osoan barrena: «Lagunekin nagoenean ere, beraien artean gaztelaniaz hitz egiten ari baldin badira, niri beti euskaraz hitz egiten didate», eta Euskaraldiak tendentzia hori aldatzeko balio duela ere adierazi du.
- Zortzi urte daramatzazu Euskal Telebistako lehenengo katean aurkezle lanetan. Zelako bilakaera nabaritu duzu euskararen inguruan orokorrean?
-Geroz eta gehiago erabiltzen dela pentsatu nahi dut, izaen ere, gazteek orain badakite euskaraz. Anekdota bat kontatuko dizut: Bilbon nengoen behin, Berbagune batean, Barakaldako 15 urteko gazte batzuekin. Gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zuten. Nik euskaraz eta beraiek gaztelaniaz. Baina ulertu egiten zidaten. Beraz, nik ondorengoa esan nien: 'Aspaldi, zuen adina neukanean eta futbolera jolasten nuenean Barakaldoko jendearen kontra, gure estrategia euskaraz hitz egitea zen, beraiek ez zutelako ezer ere ez ulertzen. Eta zuek behintzat ezagutu egiten duzue, naiz eta erabili ez'.
- Eta bizi zaren herrian ere, Abadiñon, bilakaera nabaritu duzu?
- Bai, berdina gertatu zait ere Euskaraldiaren kontu honengatik. Txapari esker konturatu naiz nik txikitatik ezagutzen dudan jendea, euskaraz ez zekitela uste nuenak eta beti gaztelaniaz hitz egin diodanak, Ahobizi zirela. Eta galdetu izan diet, 'zuk euskaraz badakizu ala? Eta nola da posible gure artean beti gaztelaniaz hitz egitea'. Txikitan uste genuen bakarrik ikastolara joaten zirenak zirela euskaldunak eta ez zen horrela. Askok, nahiz eta ikasketak gaztelaniaz egin, etxean euskaraz hitz egiten zuten, bizkaieraz gainera.
- Euskaraldia bezalako ariketak beharrezkoak al dira euskararen erabilera sustatzeko?
- Beharrezkoa? Ez dakit beharrezkoa den, baina bai asko laguntzen duela. Guk daukagun gurasoen lagun taldean gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute, tamalez. Baina egia da lehenengo Euskaraldian harrituta geratu nintzela. Haietako askok uste baino euskera gehiago dakite eta gehiago hitz egiteko saiakera bat nabaritu genuen. Nik uste dut jendea motibatu egiten dela txapa jartzearen kontu horrekin eta hori beti da ona. Nahiz eta pauso txikiak edo handiak izan, aurrera egiteko badira, beti izango dira lagungarriak. Eta euskararen egoera ikusita, denak balio du.
- Zuk parte hartu duzu?
- Bai, Ahobizi naiz. Baina ni beti naiz Ahobizi. Lagunekin nagoenean ere, beraien artean gaztelaniaz hitz egiten ari baldin badira, niri beti euskaraz hitz egiten didate. Eta horrek harrotzen nau. Pozik esan dezaket nire inguru guztia euskaraz dela, dena euskaraz egiten dudala.
- Eta behin Euskaraldia amaituta, euskaraz hitz egitearen joera albo batera geratzen dela nabaritu duzu?
-Bai. Eta nik hori jendeari esan egin diot: «Zer, atzo euskaraz ibili ginen eta gaur zer? Txapa kendu eta amaitu da?». Horregatik, nik uste dut jarraipen bat falta dela, euskaraz hitz egitea ez da zerbait puntuala izan behar bakarrik. Korrika egiten dugunean bezala. Gauza ez da bakarrik petoa ipini, korrika egin, eta kentzean, listo. Ez, entrenatu egiten dugu mantentzeko. Ba euskararekin berdin. Gainera, ikusten da badagoela jende bat euskaraz hitz egiten jarraitzeko prestatasuna daukala, nahiz eta lotsa ematen dion. Eta aukera eman behar zaio. Ni ere horrelakoa nintzen, lagunekin banengoen eta ikusten banuen gaztelaniaz egiten zutela, gaztelaniara pasatzen nintzen. Horretan nire aita zen gozada bat. Norbaitekin hitz egiten bazebilen, eta hark euskaraz bazekien, nire aitak lau orduz hitz egingo zion euskaraz nahiz eta besteak gaztelaniaz bakarrik erantzun. Euskaraldiarekin nik ere neukan tendentzia hori kendu dut eta euskaraz jarraitzen ditut elkarrizketak. Hori bai, batueraz egiten diot, bizkaieraz egin beharrean, hobeto uler dezan. Guk ere gure aldetik jarri behar dugu eta kontuan hartu behar dugu beraiek euskera ulertzeko egiten duten esfortzu handia.
«Zoriontsu naiz sukaldean»
- Nola ustartzen dituzu Txoriene eta Chiloe telebista saioak?
-Txoriene egunero botatzen da telebistan, beraz, Chiloeko bidaia datorrenean aste batez grabatu gabe egoten gara. Horregatik, bidaia datorrenean aste osoko lana aurreratu beharra dago. Eta karga hori batez ere etxekoek nabaritzen dute, bidaia bakoitzean 5 edo 6 egun egiten baititugu etxetik kanpo. Baina nire bi seme txikiek betidanik ezagutu dute hori, eta gainera, gaur egun mugikorrekin egunero ikusten dugu elkar.
- Zein izan da 'Chiloé, lasterketa munduan' saioarekin egindako azkeneko bidaia?
-Igande honetan bertan, azaroaren 20an, Costa Blancatik etorri ginen, Elchetik. Benidorm eta inguru hartan ibili gara eta maiteminduta geratu naiz, benetan. Hiriburua ez dugu ukitu, baina bertan dauden mendiak, gastronomia, kostan aurkitu ditugun toki ezkutuak... Niretzako toki hori guztia 'tabu' bezalakoa zen, eta benetan gustatu zaidala. Hainbeste, emazteari esan diodala Aste Santuan bertara joateko oporretan.
- Eta amaitzeko, egin beharreko galdera bat: zer nahiago duzu, kirola praktikatzea edo sukaldean aritzea?
-Ez da erraza aukeratzea. Egia da sukaldean egunero ibiltzen naizela eta kirola ez dudala egunero egiten, astean sei bat aldiz egiten saiatzen naiz. Biak asko gustatzen zaizkit, baina egia da ere grabazio egun bat eta gero, hau da, sukalde batean 10 orduz grabatzen egon eta gero, etxera heldu eta egiten dudan lehenengo gauza sukaldean sartu eta afaria prestatzea dela. Nire emazteak dio hori dela nire 'konfort' tokia. Zoriontsu naiz sukaldean. Baina era berean beharrezkoa dut ere mendira joan eta bi orduz bakarrik eta lasai egotea bertan, bai korrika zein bizikletan. Nahitaez behar dut hori, eta egunero egin ahal badut ondo, bestela ahal denean.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.