Bigara elkarteko Itziar Aranburuk eta Ion Ander Garciak animalien izenekin sortutako 'Abere ba' palindromo bilduma sortu dute, ostegun honetan Durangoko Azokan aurkeztu dutena. Félix Morquecho

Euskaraz hitz egin ezin zenekoaz

Ehun urte igaro dira jada 'Kirikiñok' palindromoen lehiaketa martxan jarri zuenetik, garai latzetan gure hizkuntza erabiltzen jarraitzeko aitzakia zena

Jueves, 7 de diciembre 2023

Bazen garai bat, euskaraz hitz egitea posiblea ez zena. 1923an izan zen, Primo de Riverak estatu kolpea eman zuenean, gure hizkuntzaren erabilera publikoa debekatu zuela. Horrek zuzenean eragin zion Ebaristo Bustintzak, 'Kirikiño' bezala ezaguna zenak, lan egiten zion Euzkadi egunkariari, euskaratik gaztelaniara pasatu behar izan zuenak egun batetik bestera. Horrekin konforme ez, eta egunkarian euskara sartzeko aitzaikia bikaina aurkitu zuen berak: euskarazko palindromorik luzeena bilatzeko lehiaketa bat. 150 bat pertsonek parte hartu zuten bertan.

Publicidad

Gaur, ehun urte igaro dira garai hartatik dagoeneko, eta ekimen horren mendeurrena ospatzeko, Bigara elkarteko Itziar Aranburuk eta Ion Ander Garciak animalien izenekin sortutako 'Abere ba' palindromo bilduma sortu dute, ostegun honetan - ikasle goizean- Durangoko Azokan aurkeztu dutena. «Animalien irudiak eta hitz jokoak uztartzen ditugu bertan, agertzen diren irudietan ikus daitezkeenak», adierazi du Garciak.

Aurkezpena ez da edonolakoa izan. Ahotseneak literatur lanei bideratutako gunean izan da, musika eskolan. Eta Gautegiz-Arteagako Lehen Hezkuntzako hamazazpi ikaslek parte hartu dute bertan. Liluraturik geratu dira euskaraz bakarrik sortu daitezkeen palindromoen aurrean. «Ba al dakizue zer den palindromo bat? Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza. Eta ziur, zuek ikasitako lehenengo hitza ere palindromo bat izatea: ama». Horrela hasi du Garciak bere saioa. Eta iraun duen ordu t'erdi osoan, ez du ezkutatu hitz joko hauekiko duen pasioa. Izan ere, animalien izen askok, alderantziz irakurrita, beste hitz bat ezkutatzen zutela konturatu zenean hasi zen haien inguruan aztertzen. Sinesten ez baduzu, adi: 'Apo zopa', 'afari jirafa', 'asto hotsa', 'erbi libre', 'aker oreka', 'ele bele', 'oilo olio', 'alegia igela', 'karramarro horra marrak'... Animalia gehienen izenak beste hitz bat ezkutatzen du aurkako norantzan, eta hau ezin da kasualitatea izan, ala bai?

Halaber, palindromoen misterioa are hurrutiagora doa, bere barruan mezu bat gordetzen baitute: 'aker orekak' esaterako, barne hartzen du akerrak harkaitzetan ibiltzeko duen trebetasuna; 'Lo karakol' palindromoak bestalde, barraskiloen lo egiteko abileziaz hitz egiten du; eta 'Alegia igela'k, alegietan (animaliak protagonistatzat dituzten ipuinetan) igelen presentzia nabarmentzen dute horietako askotan, «printze urdina beti igel bilakatzen da», esaterako. Horrez gainera, letra batzuek, apur bat moldatuta, animalien itxura daukatela ohartu ziren. Horrela, 'Abere ba' liburuaren orrialde bakoitzean, palindromoei lagunduz, dagokion animaliaren irudia dago.

Milaka animaliz inguraturik

Guztira 101 palindromo batu dituzten liburuan, eta horietako asko gertutik ezagutzeko aukera izan dute ostegun honetako tailerrera bertaratu direnek. Horiekin jolasean ibili dira eta hainbat ariketa ezberdin egin dituzte, hala nola, orri-markatzaile bat sortu dute, beraiek asmatutako (edo existitzen den) palindromo bat erabiliz.

Publicidad

Aurkezpenean egoterik izan ez dutenek, ez dute zertan kexkatu. Mañariako Hontza museoak, Bizkaiko natur-zientzien museo bakarra denak, horren inguruko erakusketa bat jasotzen du bere baitan. 47.000 pieza baino gehiagok osatzen duen bildumak, toki bat egin die palindromoei. Eta zergatik ote?, galdetuko dute askok. Erantzuna oso erraza da: 'Kirikiño' idazlea, aipatutako palindromoen lehiaketaren sortzailea, gaur egun museoa den eraikinean bizi zelako. «Mendeurrena ospatu nahi genuen, gainera, gure liburuan palindromo guztiak animalietatik datoz. Eta non egin dezakegu erakusketa hobeto, 'Kirikiño'ren etxean baino? Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea ere, gaur egun, milaka animaliez osaturiko museo bat dela, zirkulu bat osatuz», adierazu du Ion Ander Garciak.

Aldi baterako erakusketa, martxora arte egongo da ikusgai Mañarian. Museoaren sarrera eta lehenengo solairua hartzen ditu, eta hainbat koadroz osatuta dago. Koadro bakoitzean palindromo bat ageri da, animalia baten izena beste berba batekin (edo batzuekin) egoki konbinatzearen emaitza.

Publicidad

Baina 'Abere ba' (Pamiela), ez da 'Kirikiñok' sortutako ekimenaren mendeurrena ospatuko duen liburu bakarra. Ostiral honetan bertan aurkeztuko da Durangoko Azokan, Talaia gunean, 'Markos Gimenoren 101 letrakartel' lana. Gimenok, ehundaka, edo hobeto esanda, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Euskadi Literatura Saria den Joseba Sarrionandiak horietariko 101 aukeratu ditu liburu horretan, Esteban Montorio ilustratzailearekin batera, bakoitzaren interpretazio grafiko bat sortzeko. «Sarrionandiak erreplika literarioa ematen dio erreplika palindromo bakoitzari. Liburua, beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazioa izango da», Azokatik bertatik adierazi dutenez.

Bestalde, aipatzekoa da ere azken horri zuzendutako erakusketa bat dagoela ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiaren Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Bertan, Gimenok euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako berrogeita hamar kartel baino gehiago ikus daitezke. Kartel horietako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina Joseba Sarrionaindiaren lanari esker haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi modukoan. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad