Borrar
Jon Arretxe idazle bizkaitarrak 'Musker Amarruak' eleberria aurkeztuko du Durangoko Azokan. Ignacio Pérez
«Euskaraz asko eta kalitate handiarekin produzitzen da. Baina irakurleak falta dira»
Jon Arretxe idazlea, Touré detektibearen sortzailea

«Euskaraz asko eta kalitate handiarekin produzitzen da. Baina irakurleak falta dira»

Jon Arretxe idazleak bere azken eleberria den 'Musker Amarruak' aurkeztu zuen asteazkenean Ahotsenean, Touré bildumako hamargarrena

Miércoles, 6 de diciembre 2023

Jon Arretxe idazlea «hodei batean» bizi da. Irailean amaitu ziren bere eleberrietan oinarritutako 'Detective Touré' telesailaren grabaketak, Bilboko San Frantzisko auzoan garatu direnak. TVEk lurralde osoko pantailetara eramango duen istorioak, geroz eta zailagoa den gaztelaniazko merkatu bateko ateak irekiko dizkio idazle bizkaitarrari. Gainera, Touré bildumako hamargarren liburua denaren aurkezpean ibili da buru-belarri, Durangoko Azokan bertan asteazkenean aurkeztu zuena .

-Touré detektibearen nondik norakoak kontatuko dizkigun telesailaren grabaketak amaitu dira dagoeneko. Zer nolakoa izan da esperientzia?

-Kristona, aspaldiko ametsa da. Uste dut, idazle guztiok daukagula gure buruan gure obraren bat zinema edo telesail batean ikustea, eta nigan fijatu zirenean, poz handia hartu nuen hiru arrazoi nagusigatik: alde batetik, nire karrerari emango dion bultzadagatik eta irakurle berri asko lortuko ditudalako Euskal Herritik kanpo; bestetik, Bilboko San Frantzisko auzoari justizia egingo zaiolako munduko mapan jarriz, eta azkenik, Touré perfileko jendeari begira, jendeak haien errealitatea ezagutuko duelako, pentsakera aldatuz, liburuak irakurtzean gertatu izan zaien moduan.

-Grabaketan parte hartu duzu, eta baita zure seme-alabek ere.

-Oso giro onean aritu gara lanean. Zuzendariak eta gidoilariak ezagutu ditut, eta lagunartean bezala ibili gara, nire iritzia eskatu didate askotan, eta aktoreekin egon naiz ere. Nik ere kameo txiki bat egin dut, nire semea figurante moduan agertzen da eta alaba aktore moduan, Touré-ren laguntzailearena egiten du. Esperientzia itzela izan da.

-Orain, Touré bildumaren hamargarren liburua izango dena aurkeztu berri duzu: 'Musker Amarruak'.

-Bai, erlojuaren kontra ibili gara, baina ia beti bezala. Durangoko Azokarako prest izatea bilatu dut. Izan ere, idazle euskaldunontzat abiapuntu polita da Azoka. Jendearekin egotea, irakurleekin hitz egitea... Giro bikaina izaten da beti.

-Zertan ariko da orangoan detektibea?

-Touré Las Palmasera joan da, Kanariar uharteetara. Aurreko nobelan, 'Lyrica Garaia'n, txarto amaitu zuen, ospa egin behar izan zuen, eta bertan agertzen da. Bunkerretan bizi den tipo bat ezagutuko du bertan, borroka kanariarrean aritzen dena, Musker izenekoa. Honek Touré borroka horretan parte hartzera animatzen du, baina gizona iruzurgilea da, hortik 'amarru' hitza. Tranpak, apostuak eta humorea batzen dira bertan... humore askoko nobela da.

«Behi sakratua»

-Eleberria Kanariar uharteetan kokatzeak bere arrazoia dauka ere.

-Alexis Ravelo idazleari omenaldi bat da. Niretzako, Espainiako nobela beltzeko idazlerik onena zen, nire lagun handia izateaz gainera, eta urtarrilean hil zen. Hasieran ez neukan asmorik Touré-ren hamargarren liburua han kokatzeko. Ideia, berez, bertako kazetari batek eman zidan elkarrizketa batean, eta justu Alexis hil zen, beraz, aitzaki horrekin, Kanarietara ekarri dut. Gainera, eleberrian hainbat keinu egiten dizkiot, Eladio Monroy (bere bildumako pertsonaia nagusia dena) tramaren barruan kokatuz.

-Irakurzaleek Durangoko Azokan dute liburua erosteko eta zurekin egoteko aukera.

-Hala da, Ahotsenean ere auzketu dut 'Musker Amarruak'. Asko gustatzen zait bertan egotea, 30 urte baino gehiago daramatzat eta oso polita da jendearekin hitz egitea, haien iritziak jasotzea, argazkiak ateratzea, liburuak sinatzea...

«Oso polita da Azokan jendearekin hitz egitea, haien iritziak jasotzea, argazkiak ateratzea eta liburuak sinatzea»

-Atzera begira, zure lehen Azoka gogoratzen al duzu?

-Bai, primeran gainera. Behi sakratu baten alboan tokatu zitzaidan: Joan Mari Irigoien, aurten hil dena ere. Idazle aparta izateaz gainera, oso pertsona jatorra, atsegina eta dotorea zen. Han ikusten nuen, sinatu eta sinatu... Beti irribarrez, mundu guztia agurtzen... Eta ni geldi, nire liburu bakarrarekin. Ez ninduen inork ezagutzen eta han tokatu zitzaidan, bere alboan, gixajo baten antzera ea norbait hurbiltzen zitzaidan begira. Baina horren ondoren, urtero joan naiz eta, insistentziaz, lortu dut irakurle kopuru fidela izatea, beraz, ez naiz kexatzen.

-Zure ustez, ze egoeratan dago orain euskal literatura?

-Produkzio aldetik oso ondo dago, eta baita kalitade aldetik ere. Emakume idazle asko daude, eta oso onak eta arrakastatsuak dira gainera. Nazioarte mailan asko dabiltzanak. Alde horretatik ez dago arazorik. Arazoa dira irakurleak. Ez daudela. Ez euskaraz eta ez gaztelaniaz. Lehen gutxi irakurtzen zen, eta orain are gutxiago. Asko produzitzen da, baina gutxi irakurtzen da, hori da nik ikusten dudana.

-Zer egin daiteke arazo horren aurrean?

- Zoritxarrez, ez da barita magikorik existitzen. Beti egiten dena, txikitatik irakurzaletasuna bultzatzea, eskolan, Lehen Hezkuntzatik hasita. Guk, idazleok, bestalde, egin behar duguna istorio interesgarriak kontatzea da. Produktu ona eman, erakargarria, hunkigarria edo barregarria izan dadila, baina irakurlea atrapatzeko gai izatea. Hala ere, faktore asko daude horren barruan, haien artean, hizkuntza bera ere ez izatea lar korapilatsua.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Euskaraz asko eta kalitate handiarekin produzitzen da. Baina irakurleak falta dira»