Borrar
Eman izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan!

Eman izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan!

Euskara sustatu nahi dutenek izena eman ahal izango dute azaroaren 18ra arte. «Denok eman dezakegu beste urrats bat», adierazi zuten antolatzaileek Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian

Jueves, 29 de septiembre 2022

«Murrizketarik eta maskararik gabe, aurten Euskaraldia masiboa izatea espero dugu». Hitz horiekin aurreratu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurten euskararen aldeko ariketa sozialetik espero dutena, asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian. Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte ospatuko da Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean, eta antolatzaileek belarriprest eta ahobiziek izena eman dezaten epea ireki zuten atzo Bizkaiko hiriburuan. «Euskara hitz egiteko edo entzuteko hamabost egun horiek euskal gizartean hizkuntza finkatzeko aukera gisa ikusten dugu» nabarmendu zuen Zupiriak.

Beraz, norbanakoak Euskaraldiaren webgunean eman dezake izena dagoeneko, nahi duen rolean parte hartu ahal izateko -entitateak urriaren 31ra arte apunta daitezke-. Oraindik ez dakizula zertan datzan rol bakoitza? Bada, hor doa: ahobizi rola aukeratzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte. Hala, euskaraz ulertzen dutela ikustean, euskaraz jarraituko dute. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko diote kideek ulertzen dutenean. 16 urte baino gehiago izan beharko dituzte parte hartzaileek.

Belarripestek, ordea, aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea nahi dute, eta horixe eskatuko diete modu esplizituan.

Presentzia handiagoa kaleetan

Bilboko ekitaldiko beste protagonistetako bat Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazi zuen hizkuntza indartzen ari dela. «Aurtengo Korrikak eta, oro har, euskararen alde egin diren ekintzek arrakasta handia izan zuten». Bere hitzetan, «denok eman dezakegu beste urrats bat eta edizio honetan txapa gehiago emango dugu euskararen erabilera masiboa lortzeko».

Aipatu zutenez, aurtengo erronketako bat euskara parte-hartzaileen artean denbora luzeagoan hitz egiten jarraitzea izango da. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak 2018ko ekitaldiari buruz egindako inkesta batek erakutsi zuen Euskaraldiaren eragina, batez ere, denbora-tarte zehatz batekoa izan zela, iraupen luzekoa baino gehiago. Dena den, ariketaren arrastoa bai sumatzen zela parte-hartzaileen artean, eta ariketa egin eta hiru hilabetera, lehen baino euskara gehiago hitz egiten jarraitzen zuten. Beraz, alderdi horretan hobetzen jarraitzea izango da ekimenaren helburu nagusietako bat.

Nola lortu hori? Bada erronka horretan aurrerapausoak emateko praktika linguistikoak aldatzera bideratutako ahalduntze eskolak abiatuko dituzte urriaren amaieran Getxon, Donostian, Tolosaldean eta Errenterian, eta gune ibiltari bat herriz herri ibiliko da Euskaraldiari buruzko informazioa ematen, besteak beste. Halaber, indar guztia jarriko da euskarak kalea har dezan, pandemiaren erruz bigarren edizioan oso mugatuta geratu zen puntu garrantzitsua, eta indar handiagoa emango zaie ariguneei. Nafarroako Gobernutik, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok adierazi zuen azken edizioan gune horietara hurbildu ziren «6.000 pertsonen kopurua» gainditzen saiatuko direla aurtengo edizioan.

Prozesua errazteko urratsak

Beti bezala, Euskaraldia.eus webgunea «euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatzea» helburu duen ekimenera sartzeko atea izango da, bai aurreko edizioren batean parte hartu dutenentzat, bai 2022an lehen aldiz parte hartzea erabakitzen dutenentzat.

Gauzak errazteko, lehenengoek Euskaraldian berriro parte hartu nahi dutela errepikatzea nahikoa izango dute. Aurretik izena emateko erabili zuten posta elektronikoa baino ez dute eman beharko, eta bete nahi duten rola aukeratu. Datozen egunetan, gainera, hirugarren Euskaraldiarekin bat egiteko aukera emango dien mezu bat jasoko dute.

Ez ezazue pentsa, beraz, eta anima zaitezte Euskaraldiaren edizio berrian izena ematera. Merezi du!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Eman izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan!