Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Euskaraldia beti da esperientzia positiboa, euskaraz nork dakien jakiteko aukera ematen baitigu, baita gure hizkuntzan komunikatzeko prest nor dagoen ezagutzeko ere. Ostegun honetan, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatutako ariketa sozialaren ikerketaren emaitzen aurkezpena eskaini dute Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan izan dira Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea; Javier Arakama, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, eta Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun, azterketaren egileak diren Siadeco ikerketa elkarteko teknikariak.
Azaldu dutenez, iazko ekitaldian parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Gainera, azpimarratzekoa da «elkarrizketa elebidunetan %44,7tik %76,5era igo dela euskarari eusten diotenen portzentajea».
Ildo horretan, Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak, adierazi du Euskaraldia «eraginkorra» dela. «Tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiten dituelako. Izan ere, balio izan du inguru erdaldunenetan euskararen erabilerarako aukerak sortzeko, baita lan eta entitateen munduan ere». Era berean, azpimarratu du 1. eta 2. gune soziolinguistikoetan Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu dela, ekitaldiaren aurretik eta ondoren izandako aldaketa esanguratsuagoa baita.
Egia da, dena den, Euskaraldian izena eman zuten pertsonei erreparatuta, datuak ez direla hain positiboak. Izan ere, 2022an 158.440 lagunek eman zuten izena ekimenean (horietatik %77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta %22,4, berriz, belarriprest izan zen), eta horrek aurreko edizioekiko %11,1eko jaitsiera suposatzen du. «Badakigu pertsona askok aurreko edizioetako txapak erabili eta azken Euskaraldian parte hartu zutela izena eman gabe, baina oso zaila da hori egin dutenen kopurua ezagutzea», esan du Urkijok. Zalantzarik gabe, hau izango da 2024ko edizioari begira hobetu beharreko puntuetako bat.
Baina zeintzuk izan dira beherakada horren arrazoiak? Bada, gazteen parte-hartzea bereziki jaitsi dela, eta gizonezkoen izen-emateak ere behera egin duela. «Lehendik zegoen genero-aldea handitu egin da, eta 2022an inskribatutako pertsonen % 64 emakumeak izan dira», azpimarratu du Unai Oiartzunek. Adinari dagokionez, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan zuen arrakastarik gehien azken Euskaraldiak, parte hartzaileen %34,4 baita adin tarte horretakoak. Eta lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.
Bestalde, parte-hartzaile gehienek (%81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute, eta rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienak (izena eman dutenen % 6, hain zuzen ere).
Entitateen kasuan, osteguneko agerraldian jakinarazi dute 8.610 izan direla Euskal Herri osoan 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak, 2020an baino 301 gehiago (%3,6 gora). Eta ariketa sozialak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, nahiz eta aurreko egoerarekin alderatuta Euskaraldiak iraun bitarteko erabilera datuak altuagoak diren (%6 eta %13 puntu bitarte igo da), ariketaren ondoren ere datuak hobetu dira, %4 eta %7 puntu bitarteko igoerarekin. Gainera, parte hartutako entitateen ia heren batek lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea (%31,3), eta entitateen %10ek erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia, %21,3k ordutik euskara gehiago erabiltzen dutela adierazi duen bitartean.
Hori nahikoa ez dela, ikerketatik ondorioztatzen da ariguneek laguntza gisa funtzionatzen dutela, eta gehiago dira taldean bakarrik baino erosoago sentitu direnak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.