Borrar
Uxue Sagarminaga, María José Arrieta, Eneko Carrillo eta Alazne Astorga Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. J. Echevarría
«Euskaraldia udaberrian ospatuko dela aprobetxatuz, Bilboko kaleak bete nahi ditugu»

«Euskaraldia udaberrian ospatuko dela aprobetxatuz, Bilboko kaleak bete nahi ditugu»

Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua maiatzaren 15etik 25era ospatuko da, eta Bidebarrietako Liburutegian egindako aurkezpenean «auzo eta entitateen parte-hartzearen garrantzia» azpimarratu dute

Jan Echevarría

Martes, 11 de marzo 2025, 13:26

Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15etik 25era ospatuko da, eta hainbat udalerritan hasi dira jada hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekimena aurkezten. Bada, astearte honetan, Bidebarrieta Liburutegian aurkeztu da Bilbon garatuko den programa. Bertan izan dira María José Arrieta, Bilboko Udaleko Euskara zuzendaria; Alane Astorga eta Uxue Sagarminaga, Bilboko Euskaraldiko dinamizatzaileak; eta Eneko Carrillo, Berbaizu Euskara Elkarteko langilea. Edizio berriaren ezaugarriak eta aurtengo xehetasunak azaldu dituzte.

Aurtengo edizioa udaberrian izanik, helburua Euskaraldia kalera ateratzea dela adierazi dute. «Bizitzaren zati handi bat kalean egiten duen gizartea gara. Horregatik, kaleak euskarazko elkarrizketak izan nahi dituzten pertsonaz bete nahi ditugu, Euskaraldiak horretarako giro ezin hobea sortzen baitu», azaldu du Sagarminagak.

Bi rol posibleak

  • Ahobizi Ahobizi rola aukeratzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte. Hala, euskaraz ulertzen dutela ikustean, euskaraz jarraituko dute. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko diote kideek ulertzen dutenean. 16 urte baino gehiago izan beharko dituzte parte hartzaileek.

  • Belarriprest Belarripestek aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek beraiei euskaraz hitz egitea nahi dute, eta horixe eskatuko diete modu esplizituan.

Ildo horretan, Astorgak honakoa esan du: «Askotan ez gara konturatzen, baina gure lehenengo hitzak beste pertsona batekin daukagun harremanari hizkuntza ezarriko dio». Eta jarraitu du esanez Euskaraldiak duen «altxorrik politena» dela epaiketarik gabeko gune seguruak sortzea. Jarraian, Arrietak argi utzi du «interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen» duela, eta, «elkarrekin jardunez, giro ederra» sortzen dela. «Bilbon ere indartsu ager daitekeen eta lekua izan ahal duen ekimena da», gehitu du.

Auzoen garrantzia

Bidebarrieta liburutegian azaldu dute Euskaraldiaren jarduera asko auzoetan ere garatuko dituztela. Izan ere, Carrilloren hitzetan, «Bilboko herritar askoren sozializazio gune nagusia bizi diren auzoak dira». Horiek horrela, dagoeneko hainbat «info-mahai antolatu» dira Bilboko auzo desberdinetan eta auzo ezberdinetan dauden «batzorde desberdinak berraktibatzen dabiltza, haien zonaldeetan ekimen ezberdinak eramateko».

Bestalde, entitateek izena-ematera animatu dituzte, euskaraldia.eus webgunean. «Euskararen biziberritzean ezinbesteko lagunak dira entitateak. Ariketa aurrera eramateko espazio seguruetan bihurtzen baitira», azpimarratu du Astorgak.

Halaber, azaldu dute laugarren edizio honetan definizio berria ezarri zaiola Euskaraldiari, hots, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua. «Ez da izango soilik 11 eguneko ariketa soziala, baizik eta denboran eta gizartean zabaldu nahi den dinamika», amaitu dute.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Euskaraldia udaberrian ospatuko dela aprobetxatuz, Bilboko kaleak bete nahi ditugu»