Jan Echevarria
Martes, 2 de julio 2024, 10:16
Astelehen honetan eguerdian, uztailaren 1ean, Atharratzera (Zuberoa) heldu ziren Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik abiatutako autobusak, Nafarroa, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoako kideak jasota. Gainera, antolatzaileek jakinarazi zuten Ipar Euskal Herriko kide batzuk datozen egunetan batuko zaizkiela, orain Brebetako azterketa dutelako. Atharratzeko Maite Pitrau alkateak harrera egin zien bertaratutakoei, eta, ondoren, udaleko kideek familia argazkia atera zuten ia 127 gazte, 30 lan taldeko kide, eta, nola ez, EuskarAbenturako elkartekideekin. «Orain bai esan dezakegu: 2024ko espedizioa hasi da!», adierazi zuten Ipar Euskal Herriko udalerriko plaza estaliko ekitaldian.
Publicidad
Non pasatuko dute gaua parte-hartzaileek? Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Herri horietatik eta beste askotatik zeharkatuko du marea laranjak aurtengo udan Euskal Herria.
Lantaldea Bertan parte hartzen ari dira 2 koordinatzaile, 10 xerpa (begirale), 4 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara teknikari 1, 2 argazkilari, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1.
Euren hitzetan, gainera, astelehen honetako egunaren helburua taldeak egin, kamisetak banatu, ezagutza-jokoak gauzatu... izan zen. Hau da, «lehen kontaktua izan dugu, eta, batez ere, hurrengo hilabetean elkarrekin bizitzeko antolaketa aurrera eraman: eguneko eskema nola izango den esplikatu, etapak azaldu otordu eta garbiketa ardurak banatu....», esan zuten.
Baita astearte honetan lehen etapa izango dutela adierazi ere: «Atharratzetik Maulera, 13.2 km, eta datozen egunetan Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Orreaga, Auritz eta Zubiri zeharkatuko ditugu. Den-dena EuskarAbenturaren sare sozialetan jarraitu ahalko duzu, eta noski, elkarbanatu! Ura, ura, ura, euskarabentuta!».
Azpimarratzekoa da uztailaren 31ra arte parte hartuko duten Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek «ia 400 km luze» dituztela aurretik, 27 herri eta beste hamaika eduki ezagutzeko. Eta «den-dena euskaratik eta euskaraz!». Gainera, «diasporako gazte bat Cuscotik (Peru) etorri da, eta pasa den urteko Valentzia eta Buenos Aireseko kideen antzera, gogo itzelak ditu abentura honetaz Euskal Herrian eta euskaraz gozatzeko», diote.
Halaber, antolakuntzatik jakinarazi dute parte hartzaileak errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzeko gazteak direla. «Gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte (%33,85); gipuzkoarrak 28 dira (%22,05); Nafarroatik 24 etorriko dira (%18,90); Arabatik 13 (%10,24); Lapurditik 10 (%7,87); Behe-Nafarroatik 6 (%4,73); Zuberoatik 2 (%1,57) eta diasporatik bat, aipatutako Cuscokoa (%0,79). Taldearen % 66,93 emakumezkoa da (85 neska), % 32,28 gizonezkoa (41 mutil) eta ez binarioa % 0,79 (pertsona 1)», azaldu dute antolakuntzatik, aurten Iparraldetik pertsona gehiago etorriko direla ere jakinarazi dutenak (ia bikoitza kontuan izaten badugu 2023an 10 etorri zirela, eta aurten 18), baita Arabatik pertsona bat gehiagok parte hartuko duela esan ere (2023an 12 etorri ziren, eta aurten 13).
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.