Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Andres Urrutia (Bilbo, 1954), abokatua, notarioa, idazlea eta Deustuko Unibertsitateko irakasle ohia, hemeretzi urte betetzear dago euskaltzainburu gisa. Familia euskaldun batean jaio zen, baina Bilbon eman zituen lehen urteak eta ikasketak ikastetxean gaztelaniaz egin izanak ez zioten utzi ama-hizkuntzan nahi zuen bezala komunikatzen. 14-16 urterekin hasi zuen bere burua euskalduntzen, lehenenengoan Lekeition, gero «Ondarroan zer esanik ez», eta urte hauetan guztietan jakituria hori hurrengo belaunaldiei transmititzen saiatu da. Baliteke une honetan Zea Mays, Imanol Urbieta edo bere Dire Straits maiteen abesti gogokoenetako bat entzuten egotea. Baina bermatuta dagoena da Euskararen Nazioarteko Egun honetan rockzale klasiko honek euskaldunen hizkuntzan hitz egingo duela, urteko gainerako egunetan bezala.
-Ia 30 urte igaro dira egun hau instituzionalizatu zenetik, Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker. Zer garrantzi ematen diozu?
-Euskararen Egunak oroitarazten digu euskara hortxe daukagula, gurea dela eta egunero erabili behar dugula. Ez badugu bere presentzia bermatzen, alferrikoak dira horrelako ospakizun guztiak. Hau da, askoz garrantzitsuagoa da hurrengo eguna.
Noticia relacionada
Jan Echevarría
-Zein da euskararen egungo egoera?
-Gazi-gozoa. Gozoa, aurrera egin duelako gizartean. Presentzia bat lortu du, eta gero eta onartuagoa da euskara herri honen barruan badaukala bere zeregina eta herri honen osagai bat dela. Orain gehiago idazten da euskaraz eta gehiago erabiltzen da, eta hori oso garrantzitsua da. Gazia, ez dugulako nahi bezain arin jokatu. Gainera, denbora gutxian hain hazkunde handia izateak kalitatearen ikuspegitik aje batzuk ekarri ditu.
–Baina gazte gehienak elebidunak izatea lortu da.
-Elebiduna, hirueleduna edo laueleduna izatea beti dator ondo. Irekiera bat eta mundua ikusteko beste aukera bat ematen dizu. Argi dagoena da gazte batek gaztelania (Iparraldean, frantsesa) eta ingelesa menderatu beharko dituela. Eta, horietaz gain, euskara ere bai. Baina nik ez nuke esango bigarren mailan, horiekin batera baizik. Gazte askorekin gertatzen dena da lanera iristen diren momentuan euskara ahaztu egiten dutela. Gradua, masterra, horraino iristen da euskera, baina hortik aurrera ez da heltzen.
-Duela aste gutxi, EHUk iragarri zuen bere ikasleen erdiak baino gehiagok dagoeneko euskaraz ikasten dutela. Hori lanpostuetan nabarituko da?
-Espero dezagun irakaskuntzaren esparrutik eguneroko lanbide esparruetara joatea. Euskaraldiaren azken kanpainan, halako ahalegin bat egin zen euskara sartzeko eta orduan egin ziren ikastaro batzuk, hiztegi batzuk... Baina hori da 'in-vitro' eta nik eskatzen dudana da 'in vivo'. Hau da, ikastaroak ematen badira, hiztegiak egiten badira, erabiltzeko izango da, ezta? Momentuz, behintzat, nik esango nuke portzentaiak ez direla oso esanguratsuak. Badakit ez dela gauza bera Zuzenbidea, Ekonomia, Kimika edo Ingeniaritza. Eta badakit ahaleginak egiten direla hori aurrera ateratzeko, bai agintari politikoen ikuspegitik eta bai gizartearen hainbat eragileren ikuspegitik. Baina nik igartzen dudana da nolabaiteko sakabanatze bat, eta askoz batuago jokatu egin beharko genuke. Helburuak askoz partekatuagoak izan beharko lirateke, baina hori herri honetan oso zaila da.
-Harrigarria da hezkuntza arloan hainbatek euskaraz ikastea, baina gero gaztelaniaz hitz egitea...
-Fenomeno hori da ditugun hutsen artean beharbada nabarmenetako bat. Ni 32 urtez izan naiz irakasle Deustuko Unibertsitatean, Zuzenbide Fakultatean. Eta hasi ginenean, euskarazko testurik ez zegoen, baina euskaraz hitz egiten genuen gelan eta gelatik kanpo. 32 urte geroago, euskarazko testuak baditugu, baina orain euskara da hizkuntza akademikoa, eta, eskola bukatzen den momentuan, talde euskaldunetan gaztelaniaz hasten dira. Hori gertatzen da arrazoi sinple batengatik: ingurumena. Gazteek ikusten dutena da beraiei ematen zaien materiala edo sormena gehienbat gaztelaniaz edo ingelesez datorrela. Eta hor ez dut irakurri sendagirik ikusten.
–Aurrerapen garrantzitsua izango litzateke Netflix, Prime Video eta HBO bezalako plataformetan euskararen presentzia handitzea?
-Bai, alde batetik, inportantea da lehendik izan ez ditugun plataforma horiek izatea, eta, bestetik, erabiliak izan daitezela. Izan ere, edukiak sortzen badituzu eta gero kontsumitzen ez badira... Sustatu eta suspertu egin behar da jendea horra joan dadila, eta, horretarako, jakina, egiten duzun eskaintzak erakargarria izan beharko du.
-Merezi al du euskararen erabilera sustatzeko egiten den inbertsio handiak?
-Dudarik gabe. Gertatzen dena da pena eta etsipena sortzen duena dela batzuetan zer nolako baliabide ederrak egiten diren eta zer nolako emaitza edo ondorio ateratzen ditugun. Hala ere, oraingoz ondorio horiek laburrak baldin badira ere, horrek ez du esan nahi egin behar ez dugunik. Horrek esan nahi du, hain zuzen ere, kontrakoa: egin behar dugula. Bestela uztarik ez dugu bilduko.
-Jende gehienarengana iristeko, euskara batuaren garrantzia ezinbestekoa izan dela imajinatzen dut.
-Euskara batua edo euskara estandarrik gabe, ziur aski gaur ez ginateke hemen hitz egiten ari izango. Euskararen zabalkunderako gizartearen barruan, jendartearen barruan, behar beharrezkoa zen unifikazio hori. Hau beti errepikatu behar izaten da, baina estandarrak ez du kentzen euskalkirik, biak baitira elkarren osagarri. Estandarra, gure kasuan, batze bat da, biltze bat, moldatze bat, non osagai ezberdinak hartu diren batetik eta bestetik, guztiontzat erdigune izan daitekeen hori sortzeko. Badakigu estandarizazio prozesuetan gehiegikeriak egoten direla, dudarik gabe; hemen, Katalunian, Espainian, Galizian... eta kanpora joaten bagara, ziur aski Frantzian ere bai. Kontua da duela 300 urte gertatu zirela horiek eta jendeak ahaztu egin duela. Lagun arteko giroan, ondarroarra edo lekeitiarra bazara, zer egingo duzu, batua? Ez. Aldiz, hitzaldi bat eman behar baldin baduzu, Euskal Herri osoko entzuleak dituzula, zer erabiliko duzu? Batua, noski. Baina batua egiten dugunean, hiztun bakoitzak egiten du bere batua.
-Euskara Batuaren Eskuliburua duzue.
– Bai, eta sekulako arrakasta handia izan du. Laburra eta zehatza da, eta Euskaltzaindiaren webgunean zein paperean eskura daiteke. Gauza izan gara orain arte normatibizazioaren ikuspegitik zer egin dugun jendeari emateko eta erakusteko. Eta nik uste dut bide horretan jarraitu egin behar dugula.
–Nola antolatu zarete zuen sorreratik?
– Euskaltzaindiak bi alor izan ditu sorreratik bertatik. Bata da Iker saila, eta, bestea, Jagon saila. Lehena da gaur egun euskararen normatibizazioaz arduratzen dena. Hau da, ortografia, hiztegia, gramatika, toponimia... Jagonekin, berriz, bilatzen duguna da sustapena, hau da, hizkuntza aurrera eramatea Euskal Herri osoaren lurralde guztietan.
-Eta nondik ateratzen dituzue hitz berriak?
-Batzuk pentsatzen dute Euskaltzaindiak sortzen dituela hiztegia eta hitzak, baina ez, hitzak herriak sortzen baititu. Euskaltzaindiak egiten duena da notario lana, hau da, hitz horiek hartu, bildu, sailkatu, erabili izan direla eta erabiltzen direla egiaztatu, eta gero jendeari berriro ekarri modu antolatu batean.
-Eta zertan ari da lanean Euskaltzaindia egungo gizartearen behar berrietara egokitzeko?
-Duela gutxi ospatu zen erakundearen mendeurrenak etorkizuneko oinarriak finkatzeko balio izan zuen: nazioartekotzea, profesionalizazioa, gizarteratzea eta digitalizazioa. Ahalegin handiak egiten ari gara sare sozialak eta webgunea garatzeko, urteetan pilatutako materialak eta jakituria kalean egoteko, eta kontsultagai.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.