

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa Mungiako Izenaduba Basoa zentroan izango da ekainaren 11tik urriaren 24ra arte. Astearte honetan izan zen erakusketaren estreinaldia, eta ekitaldian parte hartu zuten Alaitz Erkoreka Mungiako alkate andreak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Álvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazio-arduradunak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak.
Erkorekak aurkezpenean adierazi zuenez, «orain dela ehun urte gure euskarak galaraziak zituen erabilera-esparruak irabaztea gura dugu (goi-mailako lanbideak, administrazioa, irakaskuntza osoa…) eta, batez ere, orduko bizi-indarra berreskuratzea eta gordetzea». Halaber, Arrizabalaga diputatuak esan zuen «belaunaldien arteko, herrien arteko eta gure kulturarekiko maitasuna eta errespetua partekatzen duten guztien arteko zubiak eraikitzen dituen hizkuntza» dela euskara, baita «erakusketa ibiltari honek gure lurraldea zeharkatzea ahalbidetu» duela ere, «euskararen aberastasuna guztioi hurbilduz eta gure kultura-ondarea jagonez eta sustatuz».
Azladu zutenez, Euskara ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezala, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxia alorrean). Hala, «Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria», esan zuten.
Erakusketa bost atal nagusitan banaturik dago (Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza), eta atal bakoitza atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, hala, bisitaria begi-kolpe bakar batez hizkuntza-aldaera horien guztien jabe egingo da. Eta horren ostean, jokoak, animazioak eta entzungai gisako tresnak ere erabiltzen ditu erakusketak herri-hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
Hori gutxi balitz, zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendariak adierazi zuenez, «bisitariak euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutu». Halaber, gogorarazi zuen «80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean, euskal hiztunek altxor hori eman ziguten, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahiko lioke. Horixe da, besteak beste, erakusketa honen helburua».
Erakusketa ibiltaria ekainetik urrira egongo da zabalik. Bisita libreak ekainaren 15ean, 22an eta uztailaren 13an, 20an eta 27an izango dira, 11.00etatik 13.00etara. Doako bisita gidatuak ere antolatu dira: irailaren 13an (12.00etan); irailaren 21ean (12.00etan); irailaren 28an (12.00etan); urriaren 5ean (12.00etan); urriaren 12an (12.00etan).
Dena den, bertaratu nahi duen orok Mungiako Izenaduba Basoan eman beharko du izena (946740061 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo izenaduba.basoa@gmail.com posta elektronikora idatzi).
Ekimenaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) da, eta euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu, hots, lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Santander, capital de tejedoras
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.