Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Gaur egun ezagutzen ditugun hainbat idazle, bertsolari eta kazetarik irabazi dute 1991etik Resurrección María Azkue Literatura Saria. Hor ditugu, besteak beste, Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Urtzi Urrutikoetxea. Zerrenda, jakina, urtero luzatzen da, eta aurtengo irabazleak ostiral honetan Euskaltzaindiaren egoitzan egin den sari banaketa ekitaldian jakinarazi dira.
Andres Urrutia euskaltzainburuak kategoria ezberdinetako hamabi irabazleak zoriondu nahi izan ditu (guztira 374 lan aurkeztu dira), Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan izan den agerpenean, eta euskarazko literaturaren mesedetan jarduteko eskatu die: «Zuek zarete euskal literaturaren etorkizuna, eta, ondorioz, euskararena berarena ere bai. Eutsi zuen hizkuntzari eta eutsi sormenari», esan du. Era berean, epaimahaiaren izenean, Patxi Zubizarretak eta Jabier Kaltzagortak nabarmendu dute saritutakoak testu «landuak» eta «erritmo bizikoak» izan direla.
Sarituei dagokienez, hiru irabazle izan dira A kategoriako (10 eta 13 urte bitarteko gazteen kategoria) narrazio sailean, eta beste hiru poesia sailean. Halaber, sei diploma eman dituzte B kategorian (14 eta 17 urte bitartekoenean), modu berean banatuta. Gaztetxoen artean, Harriet Mitxelena nagusitu da narrazioan eta Ibai Maquibar poesian. Eta adin-nagusitasuna betetzear daudenen edo urteak bete dituztenen kategorian, Josu Arrieta nagusitu da narrazioan eta Naiara Gutierrez, poesian.
Bitxikeria gisa, azpimarratu behar da lehiaketan lehen aldiz ikasle bat hiru aldiz saritu dutela, izan ere, Zarautzko Oteitza lizeo politekniko Elaia Garciak bigarren saria lortu du B mailako narrazioaren alorrean 'Hotzikara' lanarekin, eta bigarren eta hirugarren sariak olerkiaren alorrean, 'Biluzten nauzunean' eta 'Aske' lanekin. Jakina, epaimahaiak ez daki nork idatzi duen testua zuzentzean. «Olerkiak pixka bat esperimentalak izan ziren. Horietako gutxi idatzi ditut eta ez nuen espero bi sari jasotzea. 'Biluzten nauzunean' lanaren kasuan, Sarrionandiaren olerki bat ardatz hartuta, orain gauzak beste modu batean ikusten ditugula aldarrikatu nahi izan dut, berak harreman afektibo-sexualen ikuspegi oso erromantizatua eskaintzen baitzuen. 'Aske' lana ere antzekoa da, eta 'Hotzikara'n, bestalde, behin gertatu zitzaidan gauza batean oinarritu naiz», esan du batxilergoa amaitu berri duen eta Euskal Filologia ikasi nahi duen idazle goiztiar honek.
Nafarroako Lekaroz institutuko Josu Arrietak, bestalde, lehen saria irabazi du B mailako narrazioaren atalean, 'Itaxura' kontakizunari esker. Garciak bezala, Euskal Filologia ikasi nahi du, eta aurkezten den lehen lehiaketa izateagatik ez zuen saririk espero. Bere testuaren hasieran berak sentitzen edo sentitu dituen gauzez hitz egiten du, eta kontakizunak aurrera egin ahala, sentimendu horiek nola garatzen diren eta nola aldatzen diren kontatzen du.
Zehazki, diploma jaso duten idazle gazteak hauek izan dira: lehen saria A kategoriako narrazioaren alorrean, Harriet Mitxelena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun-Gipuzkoa), 'Horma' testuagatik; bigarren saria, Arhane Martinez (Zubi Zaharra ikastola, Balmaseda - Bizkaia), 'Erantzun baten bila' lanagatik, eta hirugarren saria, Aitor Collado (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria - Gipuzkoa), 'Izpien dantzaldia' narrazioari esker. Olerkiaren alorrean, bestalde, Ibai Maquibarrek (Herri arte eskola, Errenteria - Gipuzkoa) jaso du lehen saria 'Hiria neguan' testuari esker; Liher Larreak (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa), bigarrena, 'Maindire kuttuna'rekin, eta Intza Mitxelenak (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa), hirugarrena, 'Ispilu'rekin.
B mailako sariei dagokienez, bestalde, Josu Arrietak (Lekaroz BHI, Lekaroz – Nafarroa) jaso du lehen saria narrazioaren alorrean, 'Itaxura' lanari esker; Elaia Garciak (Oteitza lizeo politeknikoa, Zarautz – Gipuzkoa), bigarrena, 'Hoztikara'rekin, eta Eneko Garciak (J.M. Iparragirre BHI, Urretxu – Gipuzkoa), hiriguarrena, 'Askatasun zorabioa'rekin. Azkenik, olerkiaren atalean lehen saria Naiara Gutierrezek (Minas BHI, Barakaldo – Bizkaia) jaso du, 'Garbiketa sakona'ri esker; eta bigarrena eta hirugarrena Elaia Garciak lortu ditu berriro, 'Biluzten nauzunean' eta 'Aske' poemekin.
Azpimarratzekoa da Euskaltzaindiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dutela helburu nagusi, eta, urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituztela epaimahaiak. Izan ere, aurtengo epaimahaikideak Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta, Manu López Gaseni, Amaia Jauregizar, Castillo Suárez eta Patxi Zubizarreta izan dira. Zalantzarik gabe, goi mailako adituak, hain maila handiko sarietarako!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.