Borrar

Euskaltzaindiak hamabi urgazle berri izendatu ditu, horietako bost bizkaitarrak

Hamabi euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Akademiak. Horien artean daude Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla bizkaitarrak. Gainerakoak Ipar Euskal Herrikoak eta Gipuzkoakoak dira

Amalia Ibargutxi

Martes, 24 de julio 2018

Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle berri izendatu ditu, eta oraingo honetan bost dira izendapena jaso duten bizkaitarrak: Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza eta Gotzon Lobera Revilla. Gainerakoak Ipar Euskal Herrikoak eta Gipuzkoakoak dira.

Euskaltzaindiko batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari diren pertsonak dira denak, pasa den hilaren 20an Bilbon egin zen Osoko bilkuran hautatu zituztenak. Andres Alberdi Gorostiaga, Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal 'Euzkitze', Josu Pikabea Torrano eta Luis Mari Zaldua Etxabe dira urgazle gipuzkoarrak, eta Ipar Euskal Herrikoak Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.

Izendapen honen gisako azkena duela bi urte egin zuten, 2016an, eta Araba eta Nafarroakoak ziren hautagaiak. Orduko hartan izendatu zituzten Nafarroatik, Amaia Apaulaza Ollo; Xabier Erize Etxegarai; Maite Lakar Iraizoz; Patxi Petrirena Altzuguren; Rosa Ramos Alfaro; eta Castillo Suarez Garcia. Arabatik, Iñaki Martinez de Luna, Karmele Jaio, Rikardo Arregi, Patxi Salaberri, Blanca Urgell eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. Azken hau euskaltzain oso izendatu zuten otsailean.

Hautatu berri dituzten urgazleen artean, askotariko profilak daude. Batetik, Jon Aizpurua Espin (Durango, 1963) Euskal Filologian lizentziaduna dago, itzulpen masterra eta HIZNET hizkuntza-plangintza graduondokoa egin dituena. Hango irakasle da egun, gainera. Eusko Jaurlaritzaren BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluatzailea ere bada, eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburua da. Urte luzez, Elgoibarko Euskara Mintegiko koordinatzaile aritu da eta, besteak beste, Bigarren Hezkuntzako euskara eta literaturako dozenatik gora ikaslibururen eta Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuaren koordinatzaile eta egilekide ere izana da. Egun, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta erredaktorea da.

Ainhoa Arregi Saratxo (Bilbo, 1969) Euskal Filologian lizentziaduna da. 1993tik UZEIko lexikografia saileko kidea da, eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko eta 'Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak' lantaldeko kide. Lan egin du, besteak beste, 'Lexikografia: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko prestalanak', 'Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO)', 'UZEIren Sinonimoen Hiztegia', 'Maiztasun Hiztegia', 'Hitz-bukaeren hiztegia' eta 'NafarHitz. Corpusgintza: Euskaltzaindiaren XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa eta Lexikoaren Behatokia' delakoan.

Hirugarren urgazle bizkaitarra, Asier Bidart Meabe (Galdakao, 1973) Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea da. Euskal Filologian lizentziaduna; HIZNET, hizkuntza plangintza graduondokoa egin du; Itzulpengintza unibertsitate-masterra; Administrazioa eta merkataritza, marketina. Zenbait ikerketa-lan ere egin ditu. Zamudioko eta Bediako mapa toponimikoak, adibidez.

Agurtzane Elordui Urkiza (Bilbo, 1964) Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeko kidea ere izendatu dute urgazle. Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea (UPV/EHU), Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da 1999az geroztik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Soziolinguistika da ikerketa eremua, bereziki, Komunikabideen Soziolinguistika du. Hizkuntza-aldakortasunaren trataera estilistiko eta ideologikoak ikertzen ditu euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenetan.

Eta bosgarren urgazle bizkaitarra Gotzon Lobera Revilla (Barakaldo, 1959) da. Euskaltzaindiaren Sustapen batzordean ari da. Zuzenbideko lizentziaduna da, eta Euskal Kulturaren graduondokoa dauka. Bizkaiko Foru Aldundiko euskara-gaztelaniako itzultzailea da. EIZIEko lehendakaria izandakoa eta oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren koordinatzailea Euskaltzaindiaren izenean. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria ere izandakoa da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Euskaltzaindiak hamabi urgazle berri izendatu ditu, horietako bost bizkaitarrak