Borrar
Euskaltzaindiak eta EITBk elkarlan hitzarmena berritu dute «erronka berriei batera aurre egiteko»

Euskaltzaindiak eta EITBk elkarlan hitzarmena berritu dute «erronka berriei batera aurre egiteko»

Andres Urrutia eta Andoni Aldekoak adierazi dute helburua kalitatezko euskara sustatu eta hedatzea dela

pello zupiria

Viernes, 12 de febrero 2021, 14:09

Hizkuntza bizi bat inoiz ez dago geldirik. Etengabe ari da mugitzen, bidea egiten. Gizartea aldatuz doan heinean, hizkuntza hari moldatzen zaio. Euskarak hori ongi daki, Europako hizkera zaharrenetakoa izanda, arrakastaz gainditu ditu mendetan jasandako eraso eta zailtasunak. Garai ezberdinetan erronka berriei aurre egin behar izan die, baita orain ere. Eginkizun horretan ezinbestekoa da Euskaltzaindiaren lana, eta horretan burubelarri dabil erakundea arauak eta aholkuak berrikusiz eta emanez. Hala ere, hori ez da nahikoa. Erabaki horiek gizartean txertatu behar dira eta ikusi funtzionatzen duten ala ez. Euskarazko hedabideak dira helburu hori betetzen laguntzen dutenak, eta, nola ez, Euskal Irrati Telebista, hain garrantzitsua izan dena euskararen normalizazioan. Bi erakundeak 2003tik datoz elkarrekin lanean, eta horrela jarraituko dute aurrerantzean ostiral honetan erakutsi nahi izan dutenez.

Andres Urrutia, Euskaltzaindiako presidenteak, eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak lau urteko hitzarmena sinatu dute «kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzeko». Akademiak Bilboko Plaza Berriko eraikinean eginiko ekitaldian, biek azaldu dute hedabide publikoek euskara estandar eredugarria zabaltzen eta finkatzen lagunduko dutela, eta aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratu eta balioan jartzen ahaleginduko dira, beti Euskaltzaindiaren arau eta irizpenak betez. Gainera, EITBk egindako materiala, hau da, egunero sortzen diren testuak, bai idatzizkoak eta aho hizkuntzakoak, Akademiaren eskuetan jarriko dira, horiek bildu eta erabaki linguistikoak hartzeko erabiliak izateko.

Andres Urrutiak euskal hedabide publikoek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Ezin gara bizi marfilezko torre batean, gure arauak eta hizkuntzari buruzko aholkuak emanez, horiek gero ez badira gizartean hedatzen. Eta han, EITBk egiten duen lana behar beharrezkoa da», adierazi du. 2003an sortutako elkarlana, gune estrategikoa ere badela gaineratu du, bai aurrerakuntza linguistikoaren aldetik, eta baita estatusaren aldetik ere. «Erronka berriak datoz, eta elkarrekin egin behar diegu aurre», azaldu du.

EITBko zuzendari nagusi berriak ere argi ikusten du bi erakundeen arteko «elkarbide emankorrari» eustea ezinbestekoa dela, gizartearen aldaketei gogotsu ekin eta haren eskakizunei heltzeko. Hortaz, lankidetza akordio berriak ondoko eremuak hartuko ditu: Euskaltzaindiak euskararen batasun bideak emaniko arauak, gomendioak eta irizpenak, hedabideetan baliatzen diren erregistroak aztertu, jaso eta hobetzea, euskararen erregistro berriak, lagunarteko hizkera eta euskalkiak, EITBk euskararen alorrean dituen beharrak eta kontsultak; eta profesionalen hizkuntza-maila jasotzeko prestakuntza saioak, argitalpen partekatuak, glosarioak eta eskuliburuak.

Hitzarmenak, beraz, euskara gizarteari moldatzeko ahaleginean kokatzen da. Pandemiak erakutsi duenez, hainbat hitz berri etorri zaizkigu beste hizkuntza batzuetatik, eta euskara egokitu dira. «Hizkuntza etengabe ari da mugitzen, eta etengabe erantzun eman bat eman behar zaio», bukatu du Urrutiak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Euskaltzaindiak eta EITBk elkarlan hitzarmena berritu dute «erronka berriei batera aurre egiteko»