Borrar
Fotolia
Euskal literaturaren gaurko egoeraz

Euskal literaturaren gaurko egoeraz

Jueves, 30 de marzo 2023, 00:22

Erantzuten erraza balitz bezala, galdera orokorra bidali dit kanpoko aldizkari literario batek. Zein da euskal literaturaren gaurko egoera? Nik ere esan dezaket, Xenpelarrek Iparragirreri esan omen zion moduan, «Ni ez nauzu ibiltzen,/ kantuz dirua biltzen,/ komediante moduan», eta ikuspegi orokorrak baino gehiago maite dut zertzeladaz osaturiko erantzuna, hain zuzen ere baliagarri gertatzen ez dena, zeren jendeak zuri-beltza maite baitu, eta ez grisez osaturiko paisaia. Baina oraingo honetan erabaki dut jausiko naizela tentazioan eta saiatuko naizela, orokorki baina zehaztasunez, erantzuten.

Gabriel Aresti eredu

Arestik azken urteetan idatzitako poema baten bertsoak izan ditut gogoan: «Ene euskalduntasunaren mugak hauk/ Dira: Ifarrean: Justizia./ Hegoan: Libertatea./ Oestean: gizonak bizitza noble bat edukitzea […]/ Lestean: mutikoek (eta neskatxek) estudiatzeagatik alokairu sufizient bat irabaztea».

Eta pentsatu dut Arestiren euskalduntasunak mugak baldin bazituen, horrela deskribatu dezakegula, neurri berean, gure euskal literaturaren egoera ere.

Iparrean, instituzioa

Gaurko euskal literaturaren egoerak asko zor dio instituzioari. Eta hitza zentzu bitan ulertu behar dugu. Alde batetik, legeek –Euskadin, 1982an onarturiko «Euskararen erabilpena arauzkotzezko oinarrizko Legeak», eta Nafarroan, 1986ean onarturiko «Euskararen Foru legeak»–, euskara eskolan sartuz, ikaragarrizko bultzada eman diote, era berean, euskal literaturari. Gauza jakina da eskola oinarrizko tresna eta baliabidea izango dela literaturaren bizibiderako, eta ezinbestekoa da, gure letren egoera aztertzeko orduan, legediaren sistemari egindako aipua. Batez ere, argitaletxeen sustapena ekarri duelako euskarazko eskolaratzeak.

Bigarrenik, baina, euskararen inguruan dabiltzan erakunde ofizialen indarra aipatu behar da. Dena dela, erakunde ofizialez kanpo aritu behar badugu, norbaitek euskal literaturaren esparruan lan egin nahi badu, hobe du talde bat sortzea eta ez bakarrean eta bular hutsez aritzea. Hobe du kultur erakunde bat sortzea. Ez gara kasu honetan erromantikoak, gizakiaren genioan sinesten dugunok, talde gisa agertuz gero, askoz ere onarpen handiagoa lortzen dugu laguntza ematen duten erakundeen aurrean.

«Transmisioa dago idazleen artean, eta sistema ez da hausten, arazo politikoengatik iraganean maiz gertatu izan zaigun moduan»

Hegoan, sortzaileak

Baina sistemarik ez da sortzen egilerik eta sortzailerik gabe. Eta badirudi arlo honetan gaurko euskal letren bidea zabalik dagoela. Idazleak eta sortzaileak toki berezia dute euskal komunikabideetan. Norbaitek lehen liburua argitaratzen badu, izango du oihartzuna, xumea baina oihartzuna; egunkarietan eta aldizkarietan elkarrizketarik egingo diote, eta maiz baita kritika-aipamenen bat ere. Eta itzala luzatu egingo da egile berria bertsolaritzaren munduan ezaguna baldin bada.

Topiko bihurtua da esatea lau (edo bost) belaunalditako idazleak ari direla gaur egunean letren plazan. 40ko hamarkadan jaiotakoak, 50ekoan, 60koan (62-63 urteetako 'bomm'arekin)… eta 90ekoan jaiotakoak (Izaskun Igoa, 1995, Elena Olave, 1997) edo mende berrian (Leire Vargas, 2002). Topikoa izan daiteke, baina egia ere bada, eta sistemaren iraunkortasunaren eta egonkortasunaren seinale da. Transmisioa dago idazleen artean, eta sistema ez da hausten, arazo politikoengatik iraganean maiz gertatu izan zaigun moduan.

Beste kontu bat da liburuen salmentarena. Medioetan agertzeak ez du ziurtatzen irakurleek erosiko dutenik aipaturiko liburu hori. Badago muga berezi bat itzalaren eta salmenten eragiketen artean. Agian zahartzen ari garelako, baina adiskide batek bere irudikapena adierazi zidan gutunez: «Literaturak ez du gure bizitzan pizten lehenago pizten zituen garra eta eztabaidarako gogoa».

«Askotan historian gertatzen den bezala, ezustean etorri da berritasuna, ordea, eta emakume izena du»

Oestean, berritasunak

Lau (edo bost) belaunaldi horiek kanon bat sortu dute gure sisteman eta zaila da idazle nagusien itzala lortzea. Hasiera batean, demagun 80ko hamarkadan, zazpi ziren euskal idazle handiak: Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Joan Mari Irigoien eta Joseba Sarrionandia, harik eta 2002an, Hasier Etxeberriaren elkarrizketa liburua etorri zen arte, eta saiogileak bost izenetan utzi zuen kanona. Gerora, aldaketa gutxi…

Pentsabide orokorra da esatea aldaketa historiko zein politiko batek berarekin dakarrela sistema literarioaren aldaketa. Bizi izan ditugu gure historian egoera latz eta tragikoak. 2001ean hasi omen zen berriz gure bizitza Dorre Bikiei egindako erasoarekin batera; pentsatzekoa zen, gainera, 2008an eta 2009an nozitu genuen krisi ekonomikoak ere aldaketa ekarri zuela gure letratxoen munduan, edo ETAren bukaerarekin 2018an. Askotan historian gertatzen den bezala, ezustean etorri da berritasuna, ordea, eta emakume izena du. Isobara kulturalen artean deigarria izan da, haur eta gazte literaturaz at, Euskadi Sarietan emakume idazleek lortu duten itzala. 2018an Eider Rodriguezek (1977) irabazi zuen, 2019an Irati Elorrietak (1979), 2020an Karmele Jaiok (1970) eta 2022an Uxue Apaolazak (1981). Horretaz gain, Miren Agur Meabek 2021ean lorturiko Espainiako Poesia Sari Nazionala ere gogoratu behar dugu.

Lestean, internazionalizazioa

Euskal idazleen artean beren lana kanpoko hizkuntzetan agertzeko gogoa aitortu gabe doa. Bernardo Atxagak, 'Obabakoak' lanarekin Narratiba Sari Nazionala irabazi zuenean, ateak zabaldu zituen euskaraz egindako liburuek beste herrialdeetan ezagutzera eman zitezen. Haren ondoren etorri ziren beste batzuk. Kirmen Uribe New Yorken bizi da, eta handik saiatzen da bere lana mundura zabaltzen. Harkaitz Canok ere askotan itzuli ditu bere obrak. Gaur egun Eider Rodriguezek, Karmele Jaiok eta Katixa Agirrek zabalpen handia dute gaztelaniaz.

Uhin desberdinak osatu dira gaztelaniaz, baina esango nuke ingelesera egiten diren itzulpen zuzenek (eta bide horretan lan handia egin du Amaia Gabantxo itzultzaileak) dutela kapital sinbolikorik handiena gure artean.

Honaino bada Gabriel Arestiren eskutik nire indar ahulez egin dezakedan gaurko euskal literaturaren lau alde desberdinen argazkia.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Euskal literaturaren gaurko egoeraz