Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Zurekin
Martes, 19 de enero 2021, 20:13
Euskal Herriko LGTBI mugimenduaren genealogian murgilduko da astearte honetako 'Ur Handitan' saioa. Vicente Badillo 'Francis' Errenteriako 32 urteko gaztearen hilketatik abiatuta, gaur egungo borroka eta aldarrikapenetara egindako bidea erakutsiko du 'Harro gaude, Francis' atalak. ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 22.30etik aurrera.
'Francis'-en hilketa Euskal Herriko 'Stonewall' gisa aldarrikatzen du LGTBI mugimenduak: 1979ko ekainaren 10ean, Polizia Nazionalaren agente batek tiroz hil zuen 'Francis' (Vicente Badillo), Errenteriako gau giroan armairutik kanpo bizi eta trabesti gisa ikuskizunak egin zituen 32 urteko gaztea. Hilketa hark Euskal Herriko LGTBI mugimendua azalerazi zuen, bereziki Gipuzkoan: ordura arte klandestinitatean ibili zirenek manifestazioak publikoki egin zituzten lehen aldiz.
'Alfer eta gaizkileen' legearen baitan lehenik, eta 'eskandalu publikoaren' legearen ondorioz gero, bost urteko espetxe zigorra ezar zitekeen homosexualitateagatik 1988ra arte. Hala ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan LGTBI mugimendua oso gogorra izan zela oroitzen du Juan Antonio Nielfa 'La Otxoa'k. 10 urte zituen Eduardo Gaviña 'Yogurinha Borova'k Francis hil zutenean eta, gaur, eskerrak ematen dizkie orduan borroka egin zuten guztiei.
Saioan elkarte ezberdinen sorrera izango dute hizpide, eta bertako hainbat kideren testigantzak ere jasoko dituzte. Izan ere, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua (EHGAM) 1979an sortu bazuten ere, ez zen legeztatua izan 1983ra arte. Urte haietan, taldeko militanteek mehatxu eta erasoak jasan zituztela azalduko du Imanol Alvarezek. 'Francis'en hilketaren ondorengo epaiketan akusazio partikular bezala aurkeztu zen elkartea eta Mikel Martin EHGAMeko kide errenteriarrak ondo oroitzen du hilketa salatzeko herrian egin zen batzarra.
Asun Urbietak, berriz, emakumeen biltzarrean militatzen zuen baina EHGAMi esker jaso zuen sexu askapenaren inguruko diskurtsoa. Lesbianismoa hautu bat gehiago zela ulertu zuen, heterosexualitatea bezain zilegi, eta horrek bultzatuta sustatuko zuen gero Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboa. Maite Irazabalek, berriz, Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboan militatu zuen, eta laurogeiko hamarkadan deitu zituzten lehen manifestazio jendetsuak gogoratuko ditu.
Eskubide zibilak lortzeko 2005era arte itxaron behar izan zuten, eta horrek ekarritakoa ere aztertuko dute saioan. Hala, ezkontza eta adopzio legea onartzean, «dibortziatu ahal izateko» ezkondu zen Natalia Gardeazabal, bere bikotekideak ere seme-alaben gaineko eskubideak izan zitzan. Bestalde, zenbait eskubideren lorpenekin borrokarako grina apaldu zela iritzi dio Kattalin Minerrek, eta argi du legeek ez dutela LGTBI mugimenduaren kontrako indarkeriarekin amaitu.
Homofobia zigortua dagoen garaian hazi den belaunaldiaren parte da Yuri Paramos oñatiarra, baina transfobiak gizartean errotuta jarraitzen duela uste du. Bestalde, gure gizartean heteroaraua oso txertatua dagoela dio Ibai Fresnedok, eta, horren ondorioz, LGTBI kideek euren burua etengabe justifikatzera behartuta ikusten dutela salatu du, tartean, armairutik irteteko beharra. Azkenik, B.A.L.A. kolektiboko Shu Oteroren testigantza ere jasoko du aste honetako saioak, heterosexualitatea eta espazio mugatzaileak hizpide. Beraz, 'Ur Handitan: Harro gaude, Francis' saioa astearte honetan izango da ikusgai, 22.30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.