Euskal Herriko idazleak Frankfurten

Aurtengo liburu-azokan Espainia izan da herrialde gonbidatua

Joxeme López de Arana

Martes, 25 de octubre 2022, 08:07

Frankfurt hirian udazkenero egiten den liburu-azoka da, dudarik gabe, munduko garrantzitsuena sektore horretan. Esaten denez, hantxe negoziatzen dira munduan argitaratzen diren liburuen % 80ari dagozkion eskubideak. Aurtengo edizioan, gainera, goiburu adierazgarria darabil azokak: «Translate, Transfer, Transform».

Publicidad

Jakina denez, aurten Espainia izan da herrialde gonbidatua (aspaldiko partez, aurreko aldia 1991n izan baitzen). Hori dela eta, espazio berezia eskaini zaio pabilioi batean, eta han programa zabala garatu du kulturaren arloko ministerioak, urriaren 19tik 23ra bitartean. Antonio Muñoz Molina eta Irene Vallejo idazleak izan ziren irekiera ekitaldian mintzatzeko aukeratuak.

Euskal Herriko idazle eta ilustratzaileak

Programa horretan, agerpen handia izan dute Euskal Herriko idazleek, euskaraz zein espainolez idazten dutenek, eta baita ilustratzaile zenbaitek ere, hainbat formatutan (mahai-inguruak, elkarrizketak, biblioteketarako bisitak…).

Euskal egileen lehen agerpenak urriaren 20an izan ziren. Amalia Iglesias poeta ezagunak 'Kultura-aldizkarien garrantzia' izeneko mahai-inguru batean parte hartu zuen, 'Revista de Occidente' aldizkariaren izenean, Daniel Gascón ('Letras libres'), Jauma Boix ('El ciervo') eta Arsenio Escolar ('Archiletras') mahaikideekin batera. Kontatu zuenez, XX. mendearen hasieran Ortega y Gasset Alemaniara joan zen, Espainia Europara hurbiltzeko harremanen bila, orduko zenbait idazle garrantzitsurekin egin zituen harremanak eta, handik gutxira, 'Revista de Occidente' sortu zuen. Gaur egun, ordea, Amalia Iglesiasek adierazi zuenez, industria kulturari nagusitu zaion honetan, zilegi da galdetzea kulturaren eta kritikaren paperari eta zentzuari buruz, eta horretan dihardute aldizkarian.

«Euskaraz eta gaztelaniaz idazteaz galdetuta, Atxagak azaldu zuen hizkuntza bakoitzeko hitzek oihartzun eta ibilbide desberdinak dauzkatela eta, beraz, istorio desberdinetara daramatela»

Alde berean, ondoko espazio batean, Fernando Aramburu idazlea zegoen, Vicente Molina Foix eta Vicente Valerorekin batera, 'Memoriaren poetika' izeneko mahai-inguruan. Moderatzaileak galdetu ziolarik memoriaren eta ahanzturaren arteko harremanei buruz, eta memoriari eusteko bideei buruz, Aramburuk esan zuen idazleak nukleo afektiboen bidez bilatzen duela irakurlearen konplizitatea eta, bere kasuan, pribatuak eta aldi berean identifikagarriak izan daitezkeen istorioen bidez. Alemanian bizi den idazleak kontatu zuen 'Patria' idatzi baino lehen aztertu zuela alemanek mingarria gerta daitekeen memoriarekin izan duten harremana eta, haien kasuan, hiru «belaunaldi» edo jarrera bereizten direla. Lehenengoan, isiltasunarena, lehenaz beste egiteko eta auzokoarekin bakezkoak egiteko bide bezala. Bigarrena inplikatuen beldurrarena da, kontu eske etorri zitzaizkienean. Hirugarrena, gaur egunekoa, iragan beltzari aurre egiteko pedagogiarena da, belaunaldi berriei gertatutakoak azaltzearena. Laugarrenez, gaiari buruzko umorea posible den etapa berri bat sortu da, Alemanian bederen.

Publicidad

Hurrengo egunean, urriaren 21ean, Bernardo Atxaga elkarrizketatu zuten. Galdeturik nolakoak izan ziren haren idazle-hasierak, gogoan hartu zuen Gabriel Arestiren sostengua, eta gaineratu zuen hasieratik islatu nahi izan zituela baserri giroko jendeen barne adierazpenak, alegia, ulertzen ez denaren aurrean sortzen diren sineskeriak edo, Atxagaren esanetan, fantasmak. Animalien bidez idazteko joerari buruz, berriz, esan zuen erabaki intelektual bat izan zela, ingurua ulertzen saiatzeko bide bat; izan ere, idaztea mundua ordenatzeko modu bat da. Guztiarekin ere, bere gairik handiena bakardadea dela aitortu zuen. Euskaraz eta gaztelaniaz idazteaz galdetuta, azaldu zuen hizkuntza bakoitzeko hitzek oihartzun eta ibilbide desberdinak dauzkatela eta, beraz, istorio desberdinetara daramatela, baina arazoa bi hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko orduan sortzen dela. Hori guztia, ohi bezala, adibide eta anekdota ugariz lagundu zuen.

«Katixa Agirre, Nuria Labari eta Silvia Nanclares aritu ziren ama politikoki zuzenak ez direnei edo ama txarrei buruzko narrazioen inguruan»

Hurrengo saioan euskal komikigile batek, Javier de Isusik, 'Immigrazioaren kronika' izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen, Bibiana Candia, Juan Gómez Bárcena eta Aroa Morenorekin batera. 'Los viajes de Juan Sin Tierra' eta 'Asylum' bere obrak ekarri zituen, esateko azken batean erbestealdiko istorio guztiak oso antzekoak direla, emigratuen seme-alaben hitzetan beti dagoela ulertu ezina erakusten duen galderaren bat, bigarren belaunaldietan gertatuari buruzko isiltasuna dela nagusi eta isiltasun hori elkarrizketen bidez apurtzen saiatu dela.

Publicidad

Eguerdi aldean, Dolores Redondo idazle donostiarrak Carlos Ruiz Zafónen omenezko mahai-inguruan parte hartu zuen; eta, arratsaldean jada, Daniel Innerarity pentsalari bilbotarrak 'Datorkigun mundua' mahai-inguruan esku hartu zuen, Marina Garcés eta César Renduelesen ondoan.

Urriaren 22an, bi mahaitan izan ziren euskal idazleak. Batetik, Miren Agur Meabe, 'Musika hitzetan' poesiari buruzko mahai-inguruan. Mahaiko beste kideak Yolanda Castaño, Elena Medel eta Mariano Peyrou izan ziren. Meabek hitzaren garrantzia aldarrikatu zuen komunikazioaren katarsirako baliabide gisa, eta ahaztutako hitzak berreskuratzen diharduela esan zuen.

Publicidad

Geroago, alemanez 'Rabenmutter?' izeneko mahai-inguru batean, Katixa Agirre, Nuria Labari eta Silvia Nanclares aritu ziren ama politikoki zuzenak ez direnei edo ama txarrei buruzko narrazioen inguruan. Amak «idatziak» izan omen dira orain arte, eta bazuten garaia «kriatzeari» utzi eta «kreatzen» hasteko, baina hori ez dago beti ondo ikusia.

Azokaren azken egunean, Antonio Altarriba, Nadia Hafid eta Alvaro Pons komikigileak aritu ziren 'Komikia azentuarekin' mahai-inguruan.

Euskal haur eta gazte literatura ere presente egon zen Frankfurten. Hiriko liburutegi batean idazle eta ilustratzaile bikote bi izan ziren bertaratutako umeen aurrean: Leire Bilbao eta Maite Mutuberria, eta Patxi Zubizarreta eta Jokin Mitxelena. Azkeneko bi horiek azokaren egoitzan ere izan ziren publiko orokorraren aurrean mintzatzen eta marrazten.

Publicidad

Esanak esan, antolatutako jarduera guztiek jasotako harrera bikaina ikusita, antolatzaileen artean poza zen nagusi, eta ez zen gutxiagorako. Igande arratsaldean, Eslovenia datorren urteko herrialde gonbidatuari pasatu zitzaion lekukoa eta amaitutzat jo zen aurtengo azoka.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad