![Etenaldi dramatikoak](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/202002/07/media/quitero-puntan.jpg)
![Etenaldi dramatikoak](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/202002/07/media/quitero-puntan.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Segundo bateko isilunea, betikotasuna da irratian. Mantra hori, kazetaritza ikasketan beste egia ukaezin askoren artean horrenbestetan errepikatua, nonbaitera joan zen Jesus Quinterok isiluneak urre bihurtu zituenean. Gaueko saio hark, 'El Loco de la Colina' izenekoak, milioika entzuleren onespena lortu zuen, irratiak jendearen bizitzan askoz denbora gehiago hartzen zuen garai batean. Elkarrizketa haietako protagonistak politikariak edo modako kantariak izan zitezkeen, baina baita kabaretariak, gaixo psikiatrikoak edo hiltzaile konbiktuak ere. Arrakastak telebista egitera ere eraman zuen, 'El Perro verde', 'Ratones Coloraos' , 'Cuerda de Presos' eta beste hainbat programetan. Irratiak eman zion ospea inoiz errepikatu ez bazuen ere, pieza horiek objektu preziatu izaten jarraitzen dute belaunaldi berrien artean.
Joan den igandean Jordi Évolek Quinteroren figura berreskuratu zigun. 'Lo de Évole' izeneko programa berriaren lehen atalean, kartzeletara sartu nahi zuen hainbat presorekin elkarrizketak egiteko asmoz, 'Cuerda de Presos' saioan Quinterok egiten zuen legez, baina orain, hogeita lau urte geroago, askoz zailago bihurtu da kartzeletara iristea. Kataluniako espetxeek baino ez zizkioten ateak ireki, Oriol Junqueras elkarrizketatzeko. Quinterok berak ere ez zion erraz jarri. Antza denez, hiru urte daramatza Évolerengandik ihesi, izurria bailitzan.
Beraz, isiluneak izan ziren saioaren benetako protagonistak. Ikusi ahal izan genuen Quintero Jordiri ongi etorria ematen bere etxeko atarian eta Oriol Junqueras bere egunerokoaz mintzatzen, baina momentuz behintzat, gehiagorik ez.
Frustrazioak frustrazio, Évolek eta haren taldeak une onak eskaini zituzten lehen emanaldi honetan. Harrigarriak benetan Quinteroren programa zaharretatik berreskuratutako zatiak: Rafa Escobedo bere suizidio hurbila iradokitzen; Alfredo Evangelista hondoa jota, bere «gamelu» egunak zehatz-mehatz kontatzen; krimen matxistagatik kondenatu bat «hitz itsusi bat esan ziolako» emaztea hil behar izan zuela azaltzen...
'Presoen soka' hartan elkarrizketatuen artean Gasteizko preso intsumiso bat izan zen eta gaur egungo bertsioan ere ikusi ahal izan genuen igandean, orain garai hartan baino askoz «beldur» gehiago dituela aitortuz.
Javier Salvagorekin egindako elkarrizketa ere erabat argigarria izan zen. Hark esandakoaren arabera, batzuetan, Quinteroren isilune ospetsuak hutsegite arinak besterik ez ziren, eta beste batzuetan, gonbidatuak isildu nahi zuena esatera behartzeko modua.
Orain inork ez du isilunerik erabiltzen telebistan. Zarata da nagusi. Dena 'Estefania' oihua bezain histrionikoa izan behar. Modan dauden elkarrizketagileek gatz larria eta 'gag' etengabea bilatzen dute: Zenbat aldiz jotzen duzu larrua astean? Zenbat diru daukazu?
Isiluneek, ikasketan esaten zigutena, debekaturik daude antza berriro ere; pentsatzeko erabil genitzake, edo. Burura datozkit Leteren hitzak: «Handitzen zarenean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio dun». Baina Évolek lehenengo atalean utzitako isiluneak, «etenaldi dramatikoak» omen dira. Badirudi hoberena etortzeke dagoela. Hala bedi.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.