Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Ezagunak dira Literaturak beste arteekin dituen harremanak. Pinturaren eta Literaturaren arteko senidetasuna askotan aipatu ohi da, urrutira joan gabe, gurean, Amaia Iturbide poetak maiz erabili izan du arteen arteko elkarrizketa bere poesia egiteko orduan. Horretan, Juan Mari Lekuonaren, bere maisu nagusiaren jarraitzaile ona izan da.
Usu eman da, era berean, literaturaren eta musikaren arteko lotura. Dela musika aipatu egiten delako, eta hori gertatu izan da pop kultura poesian sartzeko joera erakutsi zuten 80ko hamarkadako idazleek, dela musika poesiaren erritmoaren gune bihurtu delako obra bera sortzeko unean, dela beste mila arrazoirengatik, tartean poesia kantatua izan delako, lirikaren eta musikaren arteko harremana estua izan ohi da.
Ez da horrenbestekoa literaturaren eta eskulturaren arteko zubia. Hau da, literatura baliatzea eskultura egiteko orduan. Eta horixe egin du Iratxe Larrea eskultoreak izenburu ezin hobeaz, 'Konexioak' [Loturak], deitu izan duen lanean.
Lanaren azpian frantsesez idazten duen Leila Slimani idazle marokoarraren liburu bat dago. Slimanik bere argitaletxeko buruaren proiektu bati jarraituz gau bat pasatu zuen Veneziako Punta de la Dogana Museoan. Bakarrik egon zen denbora horretan, museoko gela batean, «Gaueko dama» ('mesk el-lil') deituriko zuhaitza ikusi zuen, Marokon maitaleek eta poetek askotan kantatzen dutena. Haren usain goxoak haurtzaroa ekarri zion gogora, Slimanik jakin baitzekien zuhaitzak bere loreak gauez ematen dituela bakarrik: «Izadiak baditu bere trikimailuak, pentsatu dut. Lore horiek ageri dira soilik itzalak datozenean, zuhaitzak bere edertasuna ezkutatu nahi balu bezala, sekretuan gorde, begiradara agertu ez, nik ere neure burua mundutik urrun gordetzearekin amesten dudan bezala».
Kontua da, baina, zuhaitzaren izaera aldatu egin zuela Hichan Berrada artistak erakusketa horretan. Eta zuhaitzaren ingurua argiz inguratu zuela gauez, eta iluntasunez egun-argiz, eta horrela Museoko zuhaitzak berezko zikloa aldrebestu egin zuela. Egunez agertu lorea, eta gauez estali. Eta bat-batean egiten du lotura egileak, Leila Slimanik, idazketarekin: «Txekhovek idazle nagusiez esan zuena datorkit gogora. Haiek dira uda betean elurra egitea lortzen dutenak, eta malutak hain ondo deskribatzen dituztenez, hotzak jota sentitzen zara eta dardarka hasten zara».
Leila Slimanik Punta de la Dogana Museoan iraganiko gaua idazketari eta sormenari buruzko hausnarketa borobil bihurtu du 'Gaueko loreen lurrina' (Le parfum des fleurs la nuit) liburua. Eta sormenari buruzko bere esaldiek aforismoen indarra dute. Hona idazketaren eta sormenaren helburuari eskainitako bat: «Zer gertatzen da Sarajevoz, zer itolarri haren aztarnez? Agian, hori izan daiteke artistaren eginkizuna. Hobitik ateratzea, ahanztura errotik kitatzea, iraganaren eta orainaren arteko deabruzko elkarrizketa hori osatzea. Hil-atorra janzteari uko egitea».
Ideia horretan oinarritu da Iratxe Larrea euskal eskultorea 'Conexiones' [Loturak] bere erakusketa osatzeko orduan. Bere eskultura modua, ulertzeko bidea ez da ohikoa. Hasteko, erro-errotik emakumeek historian zehar egin duten lana du buruan, edo, hobeto esan, esku artean. Esku lana da bere artearen abiapuntua, gure herriko emakumeek egin duten bezala. Ez du ahaztuko eskultura guztiak duela eskulana abiaburu, baina begi-bistakoa da eskultura asko eta asko egiten direla tresnaren bat erabilirik: mailua, zizela, aiztoa eta, noiz edo noiz, aizkora. Eskularrua du Iratxe Larreak tresneria huts. Zuzen-zuzenean eskuaren eta materiaren arteko ezkontza. Lihoaren penak, Euskal Herriko emakumeen artisautza artearen iturri gisa. Eta horretan, bere emakume identitatea uzten du agerian, gure begien bistan.
Materia izango litzateke bigarren alorra. Bere lanaren azpian emakumeen langai tradizionala aurkitu dezakegu: ehuna, batez ere. Eta hori izan da gehien baten Larreak erabili izan duen materiala. Erakusketa honetan, baina, artistak nahiago izan du eskuz egindako oskolak (edo begiak) osatu, pieza bakoitza tapiz misteriotsu baten lore xumea balitz bezala. Horregatik egunaren eta gauaren irudikapen nagusia osatuz, zuriak eta beltzak dira erabilitako koloreak, gure bizitza zikloko erritmo nagusia birsortuz, birplanteatuz. Beltzaren zeinu nagusian, lore argiak jarri ditu, Leila Slimanik aipaturiko 'Gaueko dama'ren edertasuna agertzeko arnasarekin gure sentipenak osatuz.
Bere lanaren azalpena eman duen testu batean Iratxe Larreak dio, baina, dena ez dela sorkuntza agerpena. Bere lanak sustrai historikoak dituela. Bere eskulturak sorkuntzaren hausnarketa agerian uzteaz gain, identitate lotura adierazi nahi duela. Genero identitatea, izaera kulturala. Bidegurutze historiakoak azken batean.
Leila Slimanik garbi utzi zuen bere idazkerak kutsu historikoa duela, bidegurutzean aurkitu duela bere burua idazkera prozesuan. Idazlea da, baina era berean eta une berean emakumea, marokoarra baina Frantzian bizi dena (gaur egun Lisboan), jaioterriko ez dena eta hartu duen herrikoa ere ez, deserriaren zentzu berezian: «Jasanezinak ziren nire kontraesanak. Haiek onartua izan nahi nuen, baina ondoren ez nuen haietakoa izan nahi. Herrialde desberdinetakoa, kultura desberdinetakoa zaranean, anabasa sortzen zaizu. Hemengoa eta hangoa zara era berean. Arrotz gisa ageri duzu zure burua, baina gorroto duzu besteak horrela ikusten zaituena».
Ez da ataka hori Iratxe Larrearena. Bera ez da herrialdez aldatu, ez du urrunera joan beharrik, nahiz eta New Yorken ikasi duen. Bere bidean bere emakume identitatea erakutsi du nagusien oinordekotza onartu duelako, haien lana berea egin duelako. Eta bere identitatea garbia ageri du, erroaren eta sustraiaren metafora gisa erabili dituen koloreetan. Zuri eta beltz horiek gure arte tradizioan agertu izan diren diseinuaren eta koloreen zordun dira. Baina eraldaturik ageri dira tradizioari begira ari badira ere, zeren artistaren eskuak abangoardiaren hatsa eman die, eraberritu duelarik haien joera markatua.
Iratxe Larrearen tapizek tradizioa maite dute, baina etorkizunari begira daude. 'Gaueko dama'ren magia argitu dute, abangoardiaren bidez tradizioaren formak ezkutatu dituen une berean.
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.