Erakundeentzat garrantzi handikoa da azpiegiturek eta zerbitzuek herritarren oniritzia jasotzea. Azken finean, horretarako daude Aldundia, Jaurlaritza eta bestelakoak: arlo publikotik zergapekoei oinarrizkoan erantzuteko, hauengandik jasotako dirua ahalik eta txukunen kudeatzeko. Osasunarekin lotutakoak dira funtsezkoenak, horien kalitateak ongizatean ezin zuzenago eragiten duelako. Baina badira beste asko, gizarte batek zein ezaugarri dituen zehazten dutenak. Horien guztien egoeraren araberakoa izan ohi da herritarren pertzepzioa eta, aldi berean, zergak ordaintzen jarraitzeko duten gogoa.

Publicidad

Aldundia bizkaitarren egunerokoan dago, maila guztietan. Ogasuna bere esku dagoelako, hasteko. Baina baita ohiko arloei dagozkienetan eskumen askokoa delako ere. Azpiegituretan, esaterako, sekulako ahalegina egin du herritarren borondateak osatutakoa denetik, eta jauzia galanta izan da. Hala, errepide-sareak ez du garai batekoarekin zerikusirik, eta horrek ez dio bakarrik mesede egin ibilgailu bidezko komunikazio soilari baizik eta, batik bat, lurraldeko dinamismo ekonomikoari. Herritarren ongizate mailari, azken finean.

Erakundeak urtero egin ohi duen inkestaren aurtengo emaitzen arabera, Bizkaiko errepide-sarearen kalitateari buruzko balorazioa gero eta hobea da erabiltzaileen artean, hamarretik 7,83 puntukoa hain zuzen. Garbitasuna, seinaleztapena, obrei buruzko informazioa eta segurtasuna dira bereziki onerako nabarmendutakoak. Bide-sarien gastu-muga ezarri izana oso gogoko dute gidariek eta, dagoeneko, 19.000tik gora dira horretarako sisteman izena emandakoak.

Etorkizuneko egitasmoen artean sekulakoa da Bilboko itsasadar azpiko tunela, Getxo eta Portugalete lotuko dituena. %83k trafikoa arinduko duela uste dute, arlo horretako egungo arazoetako asko konpontzeari begira lagungarri izango dela. Inbertsioa oso noizbehinkako horietakoa denez, balio handikoa da herritarren oniritzia, haren eraginkortasunari buruzko babesa.

Datuok bultzagarri dira Aldundiarentzat, aspaldiko lan-ildoa baiesten duten neurrian. Beti dagoelako zer egin, baina urte amaieran balantzea hain ona izateak nondik jotzen jarraitu adierazten duelako. Bat-batekorik gabe, politika landuekin, Bizkaia hona ekarri duten errezetetan sakonduta. Eta herritarrek gura dutenarekin bat eginda.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad