'Amek ez dute' nobelaren arrakastaren ostean, Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) 'Berriz zentauro' argitaratu du Elkar argitaletxean. Kontakizun honetan, egileak XXI. mendearen erdira garamatza. Paula Pagaldai protagonistak proiektu pedagogikoak sortzen ditu metabertsorako. Feminismoaren aitzindari hartu ohi den Mary Wollstonecraft idazlearengan oinarritu nahi du bere azken lana. Horretarako, Parisera bidaiatzen du bidaia fisikoak luxu bilakatu diren garai batean. Gai asko jorratzen ditu Agirrek, baina nahasketaren ideia du nagusi. Eta galdera sakonak zabaltzen dizkio irakurleari bere begirada ironiko eta irudimentsuaren bitartez: Metabertsoak arazo berriak ekarriko dizkigu emakumezkooi? Gai izango gara orain arte errealitatetzat hartu duguna eta errealitate birtuala ezberdintzeko?
Publicidad
-Zergatik jo duzu etorkizunera?
-Badago erantzun luze bat eta beste bat motza. Motza da, besterik gabe, imajinaziorako toki oparoagoa iruditzen zaidala etorkizuna, aukera gehiagorekin; erantzun luzea da, orain dela hiru edo lau urte, etorkizunean kokatuta zegoen ipuin bat idatzi nuela, eta asko gustatu zitzaidala ariketa, eta, behin makineria hori martxan jarrita, ezin izan nuen gelditu, eta jarraitu nuen pentsatzen etorkizuneko gauzetan, teknologiaren garapenean…
-Nobedade teknologiko asko asmatu dituzu. Dibertigarria izan da ariketa hori?
-Oso dibertigarria, eta izenak asmatzea eta hori guztia oso interesgarria suertatu zait. Baina ez da zerotik hasita egin dudan ahalegin bat, nik begiratu dut zer teknologia dagoen eta hortik pixka bat tiratu egin dut, baina ez dut ezer hutsetik asmatu. Aipatzen diren kontu guztien hazia hor zegoen; nik, besterik gabe, urte batzuk eman dizkiot ikusteko nola garatuko den hori, nola sartuko den benetan gure bizitzetan.
-Zure ustez, gure bizitzak teknologiaren bitartez biziko ditugu hein handiegi batean?
-Nik uste dut joera hori dela, eta ikusita zein den gizateriaren historia azken berrogeita hamar urteetan, ikusten ari gara azeleratuz doan kontu bat dela. Ezin dugu ulertu gure bizitza telefonorik gabe, Internetik gabe; dependentzia izugarria dugu eta kontua izango da ea lortzen dugun dependentzia hori era positibo batean garatzea. Guretzat lan egitea eta ez guk teknologiarentzat.
-Dena den, 'Berriz Zentauro' nobelan aurkeztu diguzun etorkizuna ez da erabat distopikoa.
-Ez, eta nahita gainera. Nahi nuen zerbait positiboagoa egin, baita esperantzari bide bat emateko ere.
-Nobelaren protagonista, Paula Pagaldai, Parisera doa Mary Wollstonecraft idazlearen arrastoa ikertzera, bai eta Frantziako Iraultzarena ere; baina feminismoaren aitzindari horrek pertsonaia bihurtzen duzu, ez da gogora ekartzen den figura bat bakarrik.
Publicidad
-Pertsonaia oso interesgarria egiten zait, eta nahi nuen bizitzara ekarri edo istoriora, eta errealitate birtualaren aitzakiarekin hori posible da, zeren eta iragana ekarri daiteke gaur egunera edo etorkizunera eraman. Beraz, nobelak badauka hortik, nahasmendu horretatik: iragana, oraina eta geroa, dena nahastuta, zer den erreala eta zer ez den. Zer da erreala? Fisikoki, zuzenean bizitzen duguna? Errealitate birtualaren bitartez bizitzen duguna? Gure haluzinazioak edo imajinazioak ere errealak dira? Hori guztia nahastuta egoteko, ez jakiteko benetan zer den erreala, eta hor dago pertsonaia hori, iraganetik datorrena eta interaktuatzen duena protagonistarekin, bere imajinazio edo bere haluzinazioen bitartez.
-Eta non dago muga errealitatea eta fikzioaren artean?
-Nik ez dakit. Badago oso argi ikusten duenik, baina nik ez. Idazten dugunean ere konturatzen gara, ezta? Zenbateraino ari garen geure buruari buruz idazten, edo erreala den, edo, fikzio pixka bat sartu dugunez, dena da dagoeneko fikzioa… Denok bizi gara imajinazioak oso baldintzatuta.
Publicidad
-Teknologiak sorrarazten dituen sentimenduak errealak dira?
-Bai, eta efektuak dituztenak errealitatean.
-Nahasketaren ideia oso garrantzitsua da nobelan.
-Hori da ideia zentrala: horregatik izenburua, horregatik jartzen da zalantzan generoen arteko banaketa zurruna (protagonista fisikoki emakumea da, baina metabertsoan gizonezkoa). Metabertsoan, gorputzez libratzen garenez, generoaz ere libratu gaitezke.
-Paulak, Parisen, Max Dox ezagutzen du, teknologiaren aurrean jarrera kritikoa duen gaztea.
-Bai, Paula baina askoz kritikoagoa da, etorkizunean esperantza dauka eta oraindik mundua berregin daitekeela sinesten du.
Publicidad
-Dagoeneko badira teknologia berriekin nazkaturik dauden gazteak.
-Bai, nik ez dut uste hain arraroa izango denik hori, zeren txikitatik hori bizi izan dutenek beste ikuspuntu batetik begiratuko baitiote teknologiari. Gure generazioa Internetekin egon daiteke liluratuta, ikusi dugulako hazten, baina beste batzuek jaiotzatik ikusi dute eta beste distantzia batetik ikus dezakete.
-Klima-aldaketaren ondorioak larritu egin dira nobela.
-Bai, errealista izanda eta ikusita klima aldaketa ez dela hipotesi huts bat, eta horretan sartuta gaudela, zaila da pentsatzea hemendik berrogeita hamar urtera hobera egingo dugunik. Ez da gauza bat mundu guztiari eragingo diona berdin, zeren eta protagonistak oso bizimodu erosoa mantentzen baitu, baina inguruan k-errefuxiatuak (klima errefuxiatuak) ikusten ditu eta milioika dira, eta populazio aldaketa handiak gertatu dira, eta hori guztia atzeko planoan bezala dago, ez zaio gertatu zehazki protagonistari, baina agian datorren urtean gerta dakioke, ez dago inor libre.
Publicidad
-Paularen senarra ezinbesteko pertsonaia da. Berak gorpuzten ditu emakumezkook etorkizunean ere izango ditugun zailtasunak.
-Nahiko ezkorra da nobela alde horretatik. Paularen senarra etorkizuneko gizon bat da eta pentsa dezakegu gauza batzuetan aurrera egin dugula (senarrak pentsatzen du baietz), baina benetan ez; hori, adibidez, aitatasuna bizitzeko moduan ikusten da. Aitarena egiten du, eta ez du hainbesteko energiarik jartzen, eta horretan dago protagonistaren krisialdietako baten kakoa: horren ondoren nola ari den bere harremana hondoratzen, maskulinitate berri hori ez delako hain berria.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Te puede interesar
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.