Borrar
Jose Luis Otamendi. E.C.
Erloju hila

Erloju hila

Jon Martin-Etxebeste

Sábado, 1 de octubre 2022, 21:29

Apur bat leku hobea izan daiteke mundua poesiaren betaurrekoetatik begiratzen bada. Oinazearen erreari eta haizearen ederrari sakonago erreparatzeko ohiturari eusten dio Otamendik. Gazte garaiko ametsen porrota duintasunez liseritu du autoreak, eta onarpen horretatik garaipen txikiak erdietsi daitezkeelako adibideak eskaintzen ditu. Borroka zaharren oihartzunak eta erronka berrien erantzunak biltzen ditu liburuak, zoli: «humanitatearen aldiko porrotik tarteko ez balitz/ ez luke hain garaitza ankerrik lortuko beti kapitalak». Pandemiaz eta haren ondoren geratu zaigun munduaz idazten du poetak, eta bost urte lehenago pentsaezinak liratekeen jolasak proposatzen ditu: «gu geu suntsipen eta/ amodio masiboko makinak ez gara ba», «negatibo faltsuak/ zorion probetan», «uste dut/ mende biren arteko ibi estuan/ immunitatez gaixo egon naizela».

'Landura'

  • Jose Luis Otamendi Susa. 90 orr. 13 euro

Bere aurreko liburuan ('Disoluzio agiriak') erauntsietan itotzeko beldur zela esanez amaitu zuen liburua poetak. Hiru urte beranduago, bere bertso-lerroak euri finarekin hasten dira. Lurrun dira batzuetan, eta besteetan putzu; aldiro inguru solidoaren formara egokitzen diren isurkari. Bizi ere, bustiz, euri bilakatuz bizi behar dela ohartarazten dio irakurleari lehen poematik. 31 poema dakartza eskutik Otamendik. Haietan nabarmentzen du nola edertasun globalak eta erosotasun lokalak minaren gainean eraikita dauden. Horren jakitun da autorea, eta zenbaitetan errudun sentipena nabari da poematan. 'Erloju hila' edo 'Bigarren loa' bezalako poematan goia jo du poetak. Bere lerroen zaleek egongela erosoa topatuko dute liburu honetan, argi zaharberritu batek eraldatua. Bere lerrorik inoiz irakurri ez dutenek euskal literaturako poema ederrenetako batzuk irakurtzeke dituzte. Bere antologia liburuari orrialde dezente erantsi beharko zaizkio...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Erloju hila