Juan Pablo Huércanos Oteiza Museoko zuzendariordea da.

«Eraikuntza sozial eta kolektiboa izan zen 'Gaur' taldearen muina»

Kutxa Fundazioak eta Oteiza Museoak 'Gaur' (1965-67) taldeari buruzko Juan Pablo Huércanosen liburua argitaratu dute

Mikel Onandia

Martes, 27 de abril 2021, 20:59

Oteiza Museoko zuzendariorde Juan Pablo Huércanosek (Donostia, 1971) 60ko hamarkadako euskal arte garaikidearen eta oro har euskal kulturaren giroa hauspotu eta abangoardiaren bidean kokatu zuen 'Gaur' taldeari buruzko liburua aurkeztu du. Ikerketa luze baten fruitu, bertan ikertzen da 1965-1967 urte bitartean Barandiaran galeriaren inguruan osatu zen kolektiboak arteaz haratago garaiko eraikuntza kolektiboan izandako eragina. Kolektibo hori osatu zuten artistak hauek izan ziren, besteak beste: Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga, Eduardo Chillida, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Nestor Basterretxea. Publikazio zaindua egin da: 20 azal ezberdinekin argitaratu da, orain arte ezagutzen ez ziren argazki erreportaje bilduma eta 'Gaur' taldearen jatorrizko katalogoaren faksimilea eta poster bat ere biltzen ditu.

Publicidad

-Zein testuingurutan ulertu behar dugu 'Gaur' taldearen sorrera? Zeintzuk izan ziren hura sortzeko arrazoiak?

-Proiektua 1965ean hasi zen, garaiko lehiaketa ofizialetatik aparte, arte ez-figuratiboko erakusketa bat egiteko aukera zehaztu zutenean. Dionisio Barandiaranekin elkartzeak ahalbidetu zuen erakusketa-espazio propioentzako aukera bat izatea. Horrek ekarri zuen, lehen proiektua, artea eraikuntza sozial eta kolektiboaren muina zuen dispositibo kultural bat bihurtzea. Lehenetariko ekimena izan zen artistek beren burua mediaziorik gabe esplikatu ahal izatea. Autogestioaren bidez, kanpotik inposatutako organizazio logiketatik at antolatu eta beren bilakaera propioa definitu ahal izan zuten.

-Zein izan zen 'Gaur' taldearen garrantzia Euskal Eskola bezala ezagutua dena artikulatzeko?

-'Gaur' taldeak Euskal Eskolaren hasiera markatu zuen. Hala adierazten zuen taldearen manifestu fundazionalak. Proiektu kolektibo honen ernamuinean zegoen beste herrialdeetara hedatzeko nahia: 'Emen' (Bizkaian), 'Orain' (Araban) eta 'Danok' (Nafarroan), edota 'Baita' (Iparraldean) taldeen bidez, azken biak eratu ez baziren ere. Euskal Eskolaren kontzeptuak kulturalki bereizteko nahi agerikoa du. Hasiera batean joera erreaktiboa badago ere, azken funtsean autoidentifikazio behar bati erantzun zion.

-Ezin da 'Gaur' taldearen sorrera eta izana Dionisio Barandiaranek Donostian ireki zuen galeriatik aparte ulertu. Oteizak berak «arte konposatuko produktore eta laborategi hedatu» gisa planteatu zuen. Nolako galeria izan zen?

-Hannah Arendt-ek gogoratu zuen bezala, ekintza politiko eta kolektiboak 'agertzeko espazio bat' behar du besteen aurrean definitzeko. Eta Dionisio Barandiaran enpresa-gizona funtsezkoa izan zen proiektu hura bideratu eta espazio alternatibo bat, ez soilik fisikoa, ahalbidetzeko. Gainera, Oteizaren «arte konposatuko produktore» kontzeptuak bi esangura biltzen ditu: batetik, ekoiztetxearen ideiak gainditu egiten du ekintza komertzialera dedikatutako galeriarena ('denda bat, eskola bat baino gehiago', Oteizaren hitzetan); eta bestetik, arte konposatuaren nozioak arte plastikoetatik haratagoko adierazpen kreatiboen integrazio bat bilatzen du, funtsean, bestelako kolektibo eta diziplinekin elkarlanean.

Publicidad

«Diziplinen artean inolako hierarkiarik ez zela inposatu. Hori izan zen funtsezkoena»

-'Gaur' taldearen fundazio-erakusketako katalogoan publikatu zen manifestuari atal bat eskaini diozu. Zein da haren berezitasuna?

-Manifestua funtsezkoa da, hitzaren bidez esparru publikoan bestelako interbentzio bat dakarrelako. Zentzu honetan, atentzioa ematen du 'Gaur' taldearen testuak eraikuntza sozialaren eta proiektu kolektiboaren gaineko auziak baino ez dituela abordatzen, kuestio estetikoak (a priori arte talde bati legozkiokeenak) albo batera utzita. Errealitate bat eraiki nahi bada, lehenik berau izendatua izan behar dela onartzen du manifestuak. Nominalizazioa ekintza baino lehenagoko fasea da, eta testuan ageri diren 'eskola' eta 'herri' horiek aipatuak ziren une horretan bertan ari ziren eraikitzen.

Publicidad

- Arte plastikoez haraindi, ekimen kultural asko (musika, antzerkia, erakusketa ibiltaria…) antolatu ziren 'Gaur'en inguruan. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?

-Hain justu, diziplinen artean inolako hierarkiarik ez zela inposatu. Hori izan zen funtsezkoena. Egia da, adibidez, musikak oihartzun handiagoa izan zuela, 'Ez Dok Amairu' mugimenduaren bidez artikulatu baitzen. Baina azpimarragarriena da transbertsalitate borondate hori kategoria barik gauzatu zela, goi eta behe kulturaren arteko bereizketa oro saihestuz. Izan ere, benetan dira interesgarriak artista plastikoen eta beren lanen bidez gauzatu ziren operazioak, bai kultura popularraren adierazpenen berrirakurketa egiteko bai haiek duintasun berri batez janzteko.

-Taldearen ibilbide laburraren eta haren desegitearen arrazoiak ere jorratu dituzu. Zergatik bukatu zen proiektu hura?

-'Gaur' taldearen disoluzioa hainbat faktorerengatik gertatu zela uste dut. Batetik, galeriaren zuzendaritzaren eta artisten arteko konfrontazio bat gertatu zen. Artistek sumatu zuten galeriaren programaren gaineko kontrol falta zeukatela, eta ez zeuden horrekin ados. Bide horretan, 'Gaur'eko kideek Espainiako Alderdi Komunista espainiarraren itzala ikusten zuten, instrumentalizatuak izateko arriskua, eta horregatik galeriatik aldentzea erabaki zuten. Bestetik, gobernadore zibilak presio izugarria egin zuen Dionisio Barandiaranek galeria itxi zezan, 'komunisten eta separatisten habia' bat zela uste baitzuen. Gainera, ia ez zen salmentarik egin, eta galeriak ez zuen irabazirik. Bukatzeko, artisten desiren eta errealitatearen arteko distantzia hain egin zen handia, ez zuen aurrera egiterik izan.

Publicidad

-Liburuko aportazio dokumentalen artean daude 'Gaur' taldearen aurkezpen eguneko erreportaje grafikoak. Zer nolako argazkiak ditugu?

-Publikazioaren ekarpenik handienetako bat izan da Arturo Delgado eta Paco Marí argazkilariek inaugurazio ekitaldian egin zuten erreportaje bana biltzea. Biak Kutxaren Fototekatik eratorriak dira. Bilduma hauek sekula ikusi bako argazki ugari eta jardunaldi mitiko haren sekuentzia bisual nahiko osoa eskaintzen digute. Hau guztia osatzen da Javier Usabiagak diseinatutako jatorrizko kartelarekin eta katalogoaren erreprodukzio faksimile batekin, biak ere gaur egun deskatalogatuta daudenak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad