Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aste zoroa izan da aurrekoa, politikagintzan amildegi ertzetik jardutekoa. Rajoy zorabiatzear utzi dute bata bestearen atzeko gertaera potoloek: Zaplanaren atxiloketak, aurrekontuen onarpen agonikoak eta Gürtel auziko lehen zatiaren biharamuneko epaiak, hain zuzen. Legealdia amaituz Ciudadanos-i aurre egiteko denbora irabazi ostean, aukera hori di-da ... batean ahitu zaio. Pedro Sánchezek iragarritako zentsura mozioak aurrera egin ez arren, PPri ezin zuzenago eragiten dion ustelkeriaren isla judizialak larri zaurituta utzi du Gobernuko presidentea, ia hilzorian. Ezaguna da honelakoetatik ihes egiteko Rajoyk duen aparteko ahalmena, eskapismorako maisutasuna. Errealitatea ukatzetik ekin dio azken urteotan, ezer ez zekiela esan eta aurrera jarraitzetik. Baina dagoeneko horrek ez dio gehiago balioko. Politikoki kiskalita dagoelako, inkestek beherakada nabarmena iragartzen diotelako eta Ciudadanos-ek aurrerantzean babestuko ez duela esana duelako. Entzutegi Nazionalak Gobernuko presidente baten lekukotza zalantzan jartzea eta bere alderdia ustelkeriarekin lotuta zigortzea hilgarria da, ezinbestean.
Alderdi Popularrak ez du lortuko egungo bere egoera kritikoa gainditzea sakoneko aldaketarik gabe. Ia birfundazio prozesu batean sartu barik. Rajoyk urte asko —gehiegi— daramatza lehen lerroan, eta ez du biziraungo ezjakinarena eginda. Ezinezkoa delako Aznarren garaian ere hain ardura garrantzitsuak zituenak PPren funtzionamendu ekonomikoari buruzko gorabehera guztiak ez ezagutzea, batik bat diru-sarrerak bermatzeari eta goi-kargudunen ordainketa moduei zegozkienak. Gezurretan ari da aspalditik, bata bestearen gainean pilatzen, aro oso bateko azken buruzagi aktibo gisa justiziaren itzaletik urrundu guran, baina alperrik.
Horregatik ezin dio bere buruari epe ertaineko helbururik jarri, horrenbeste denborarik ez duelako, eta horren jakitun delako. Eutsi gura horretan, aurrekontuen onarpenean tematu da oso bereziki, oxigeno politiko apurren bat lortzearren. Gobernu ororentzat ezinbestekoa delako horien inguruan gehiengo parlamentarioa biltzea, bideragarri dela adierazteko. Eta Rajoyk lortua zuen hori, nekez izan arren, baina zama astunegia darama lepoan 2020ra arte irauteko.
Oso kritiko jarri zaizkio hainbat eragile politiko EAJri aurrekontuei baiezkoa ematearren. Podemos, esaterako. 2016ko martxoan hauteskunde-kalkulu hutsengatik Pedro Sánchezen inbestidura saioan ezezkoa eman eta Rajoyren osteko jarraipena ahalbidetu zuen berberori. Edo EH Bildu, Euskadirako eta pentsiodunentzako hutsaren hurrengoa lortu duena. Ezker abertzaleagatik balitz ez legoke ez Gernikako Estatuturik, ez Kontzertu Ekonomikorik, ez Guggenheimik, ez Abiadura Handiko Trenik, ez herri honen autogobernurako eta aurrerapenerako funtsezko izan direnetako beste askorik. Baina besteren batek lortzen duena gupidarik gabe gutxiesten dute, euren iragana —eta oraina— onuraz betetakoa bailitzan.
Inork ezin du esan EAJ Katalunian 155. artikulua indarrean ez jartzeko, lehenik, eta bertan behera uzteko, ostean, eragile konprometituenetakoa izan ez denik. Urkullu lehendakariak berak jardun zuen bitartekaritza zereginetan urriaren 1eko galdeketa eta gero, egoerak txarrera egin ez zezan eta hango autogobernuari begirako gutxienekoak berma zitezen. Eta, ondoren, jeltzaleek, adierazpenetatik harago, euren esku zegoen guztia egin dute kaltea gutxitu eta hango autogobernua albait arinen lehengora itzultzeko. Areago, salbuespenezko egungo egoera Quim Torra president berria eta bere gobernua izendatu ostean etengabe luzatzeko Ciudadanos-ek —eta baita PPko sektore gogorrenek ere— egindako eskaera irmoei aurre egiteko erabakigarri izan dira. Rajoyk Kongresuan esan zuen bi urrats horiek egindakoan bere asmoa esku hartzea bertan behera uztea zela, eta hori berehala dator. Beharbada, ez zuten asmatu euren burua kronologikoki hain estu baldintzatzerakoan, politikoki soilik egin beharrean, azken maila honetan asko lagundu dutelako egoera oinarrizkoan normalizatzeko eta hori gertatzear dagoelako.
Aurrekontuen onarpenak Ciudadanos Gobernura heltzea urruntzen du, ostean jazotakoak kontuan izanda ere. Oso eskuineko sektoreek babes horrekin bere buruaz beste egitea leporatu zioten Riveraren alderdiari; eta, urruti joan gabe, UPN ezin deserosoago jarri dute EAJren lorpenek. Azken hauek oso nabarmenak izan dira, gainera: 540 milioitik gorako inbertsioa Euskadira ekartzea, Abiadura Handiko Trena behin betiko bultzatzea, tarifa elektrikoari dagokionez euskal industriari laguntzea edo-ta iaz lortutako beste hainbat konpromisori bide ematea. Baina, gainera, pentsiodun guztiek nabarituko dituzte akordioak dakarzkien onurak. Hala, 2023ra arte atzeratzen da jasangarritasun faktorea indarrean jartzea eta, bi urtetan pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearen pare igota, horien oinarrizko eskaeretako bat betetzen da. Gainera, alargunek, batez beste, ehun bat euro gehiago jasoko dituzte hilean. Ez da behin betiko konponbidea, jakina, baina oso onerako eragiten du Toledoko Itunean pentsioen inguruko eztabaida sakonak eta ondorengo akordio zabal batek horien etorkizuna eta eros-ahalmena epe luzera bermatu arte.
Egoera horretan, aurrekontuen onarpena urrats ausarta izan da, aurka bozkatzekoa baino askoz ausartagoa. Euskal gizartearen interesak lehenesten direlako berehalako erosotasun politikoaren gainetik eta hauteskunde aurrerapena saihestuta Ciudadanos-en asmoak galarazten direlako. Egia da Gürtel auziaren lehen zatiaren epaiak eta horren osteko zentsura mozioak agertoki politikoa hankazgora jartzen dutela, baina EAJk jarraitzen du giltza izaten. Eta horrekin zabaltzen den edozein atek Euskal Agendari utzi beharko dio pasatzen. Ez dira jeltzaleak Rajoy Gobernura eraman zutenak, orain gora-goraka dabiltzanetako batzuk baizik. Beraz, ardura hori ez da eurena. Hondoa jotzear dagoenaren aldetik Euskadirentzat ahalik eta onurarik handienak lortzea da duten betebeharra, eta hori zorrotz bete dute. PPri ezinbesteko zaion berritze prozesua alderdi horretako barne arazoa da, etorkizunik izan nahi badu gauzatu beharko duena. Eta gainerako ardura politikoa kitatzea bozemaileen esku dago. Baina jeltzaleek zegokiena egin dute, helburuak ondo sailkatu eta inori huts egin barik. Euren eragina egoki baliatuta, euskal herritar guztiei begiratuta.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.