Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
1941eko ekainaren 2an Thelonius Monk piano-jotzaileak eta Kenny Clarke bateria-jotzaileak 'Epistrophy' doinua idatzi zuten, alegia, be-bop izeneko orduko jazz uhin berriaren konposiziorik garrantzitsuenetako bat bilakatuko zena. Epistrophy izenak ez du kultura beltzean errorik ez iturbururik. Alderantziz, greziar hizkuntzatik datorren hitza da. Literatura klasikoan erabili ohi den estilozko errekurtsoa da epistofra, hitz bat edo esaera bat testu baten azken partean nahita errepikatzen denean. Monk eta Clarken doinuak musika-esaldi bat errepikatzen du bukaeran, eta horrela literaturatik hartutako errekurtsoa jazz musikaren iturri bilakatzen da.
Jazzaren eta idatzizko kulturaren arteko harremanak aztertzeko, Brent Hayes Edwards idazleak 'Epistrophies. Jazz and the literary imaginations' liburua argitaratu du Harvard University Press argitaletxean. Liburuaren helburua jazzaren semiologia deskribatzea da, bere zeinu deigarrienak adieraztea. Kontuan izan behar da jazza europar musika klasikoarekin alderatuz, askoz gazteagoa dela eta kultura zuria hegemonikoa den gizarteetan garatu behar izan dela, batez ere AEBetan. Beraz, liburu honetan, jazzak eta idatzizko kulturak elkarren artean dituzten interferentziak azaldu nahi ditu Brent Hayesek.
Jazzaren poetikaren zeinu adierazgarrienetako bat 'Scat'a da, hots, letra gabe abesteko modu inprobisatua. 'Scat'aren jaiotza gertaera historiko batean koka daiteke, eta aldi berean esanahi metaforikoa du. 1926ko otsailaren 26an Louis Armstrong eta Hot Five bere taldea bigarren aldiz ari ziren grabatzen Okeh diskoetxean. 'The Heebie Jeebies dance' abesten ari zen bitartean, abestiaren letra idatzita zuen papera lurrera erori zitzaion. Grabazioa gera ez zedin, ezer gertatu ez balitz moduan, letra gabeko doinua inprobisatzen hasi zen Armstrong. Grabaketa bukatu bezain laster estudioetako teknikariek Armstrongengana jo zuten korrika, «utzi hori barnean» esanez. Hayesen liburuaren arabera, scat famatua, jazz abestuaren ezaugarri nagusietako bat, istripu baten ondorioz sortu zen, Louis Armstrongek literalki paperak galdu zituelako alegia.
Hayesen azterketa nolabait luzatuz esan dezakegu jazzak gauzatzen duen estetika beltzean, istripua eta ezbeharra bilakatu direla artearen iturburua, poetika zurian baino modu esanguratsuagoan. Mendebaldeko poetika zuriaren deskripzio klasikoena Aristotelesen 'Poetika' liburuan agertzen da. Estagirako pentsalariaren ustez, errepresentazio poetiko batek hiru zati nagusi ditu: hastapeneko egoera edo 'arché', aldakuntzak edo 'peripéteia' eta azkena edo 'katastrophé'. Irudi horrekin alderatuz, poetika beltzak katastrofean du abiapuntua, giza talde beltzen esklabotza eta mendekotasunaren esperientzian alegia. Hori dela eta, poetika beltzaren iturburuan nabaritzen da afroamerikarrentzat musika katastrofearen gainditzea edo erredentziorako bidea bilakatzen dela. Horregatik, artearen bitartez errelebantzia soziala eta ikusgarritasuna lortu ditzakete musikariek. Scat abesteko modua prozesu horren mikro-zeinua da, hitzetan deskribaezina den traumaren (saminaren) eta narrazio artikulatuaren (kronikaren) arteko bitartekaria.
1977ko apirilaren 17an Carnegie Hall aretoan Mary Lou Williams eta Cecil Taylor piano-jotzaileek bi pianorentzat prestatutako kontzertua eman zuten. Kontzertuaren helburua zen ordurako jalkita zegoen jazz tradizioaren interpretazio bikoitza ematea. Artista biek modu ezberdinean ulertzen zuten iraganeko lorpen musikalekin eduki behar zuten elkarrizketa. Williamsek mesfidantzazko jarrera garatu zuen 60ko hamarkadan, uste zuelako abangoardiaren adibide batzuetan jazzaren bultzatzailea zen indar espirituala galtzen ari zela, komertzialtasunaren atzaparren eraginpean. Taylor zen, bestalde, abangoardiaren ordezkari gailenenetako bat. Aldi berean, Taylorrek Mary Lou Williamsen errespetua zuen, tradizioa ondo ezagutzen zuelako, alegia. Baina Taylorren jazz tradizioaren hermeneutika erabat desberdina zen.
Taylorrentzat, abangoardiako musikariak jazz tradizioarekin zeukan elkarrizketa nolabaiteko arkeologia bilakatzen zen. Alde batetik, musikaria saiatu behar zelako grabaketa batean espresuki adierazi ezin dena lurpetik ateratzen. Beste kasu batzuetan, jasotako formak eta joerak saihestu behar zituelako, nolabaiteko interpretazio negatiboa eginez.
Taylorrentzat «historian miatzea prozesu espirituala da» eta horrekin esan nahi duena da une historiko batean gauzatzen diren forma musikalak kutsatuta bezala ager daitezkeela. Hau da, balitekeela formaren atzetik dagoen aipatu araketa, katastrofetik artikulaziora doana, baliabide musikal egokiago batzuetan gauzatu ahal izatea. Esate baterako, jazzaren belztasuna kultura zuriaren kategoriez xurgatuegia egon daitekeelako. Horregatik esan daiteke Cecil Taylorrek hermeneutika berraztertzailea, kritikoa eta leheneratzailea proposatzen duela.
Brent Hayesen liburuak bertute asko ditu. Jazza maite duenarentzat informazio kopuru ikaragarria ematen du. Gainera, irakurtzeko modu atseginean dago idatzita, joera ezberdinak denboran erraz kokatu ahal izateko moduan. Balantze orekatua egiteko liburuak dituen ahulezia batzuk adierazi nahi ditut ordea. Idazleak saiakera zintzoa egiten du terminologia berritzailea erabiltzeko, jazzaren eta teoria estetikoaren interferentziak hobeto kontzeptualizatzeko, baina ez ditu kontuan hartzen semiologian garrantzi handia izan duten teoria batzuk. Esate baterako, ez du Harreraren Estetikaren eredua kontuan hartzen, eta lagungarria izango litzateke bere azalpenarentzat. Jazzari buruzko hausnarketa pragmatiko garrantzitsu batzuk ere ez ditu kontuan hartzen, esate baterako R. Keith Sawyerren 'Creating conversations' liburuan jasotzen direnak. Hala ere, jazza, musika eta artea orokorrean maite dituen jendearentzat, 'Epistrophies' irakurketa atsegina eta emankorra izan daiteke.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.