

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Eneko Sagardoy txikitatik mintzatu da euskaraz. Ez du gogoratzen noiz ikasi zuen, baina berarentzat «arnasa hartzea bezain naturala» da. Goya sarirako izendatu zutenean, argi zuen saria irabaziz gero ama hizkuntzari behar bezalako presentzia emango ziola. Eta, elebitasunaz baliatuta, hitzaldi hunkigarria eskaini zuen.
'Handia' filmaren protagonistak 24 urte ditu eta Durangokoa da. Batua, durangarra eta elgoibartarra etengabe tartekatzen ditu, eta, bitxikeri gisa, aitaren familiarekin beti gaztelaniaz komunikatzen da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den Euskaraldian ahobiziaren rolean ikusiko dugu. Gaurkoan, beraz, ni izango naiz belarriprest.
-Azken boladan euskara eta arrakasta hitzak elkar lotuta daudela dirudi.
-Nire kasuan egia da karrera hasi nuenetik euskaraz egin ditudan gauzak arrakasta handia izan dutela. Zentzu horretan ikusi dut mugarik ez dagoela, eta publikoari, hizkuntza baino, benetan axola diona istorioa dela. Gakoa ez da euskaraz egin izana, ondo egin izana baino. Gainera, euskaraz egiteko inolako konplexurik ez daukagun belaunaldi batekoa naiz; euskaraz egiteko aukera guztiak zabalik ikusten ditugu, eta hori oso ona da.
-Argi geratu zen zure Goyetako diskurtsoan, bai.
-Ez zitzaidan logikoa iruditzen hitzaldia euskara hutsez egitea. Baina bai aprobetxatu nahi nuen lehenengo hitzak euskaraz esateko, ilusioa egiten zidan. Gero bi hizkuntzak tartekatu nituen. Aldarrikapen kutsu bat bazegoen ere hor sartuta, baina modu naturalean atera zitzaidan.
-Euskal zinemaren gorakada ere modu naturalean iritsi da?
-Asmatu da sakatu diren teklekin. 'Aupa Etxebeste!'-tik hasi eta horren ezagunak ez diren beste hainbat obretara arte. Ausartak izan gara, eta erakundeen sostengua lortu dugu. Eskerrak eman behar dizkiegu gure aurretik etorri zirenei, baina orain ezin da etenaldirik egon.
-Hain ausartak zarete 'Obabakoak' antzezlana euskaraz (gaztelaniazko azpitituluekin) eskaini berri duzuela Madrilen.
-Esan bezala, istorioa ona bada, jendearen interesa piztuko du. Pertsona asko kuriositate handiarekin hurbildu dira 'Obabakoak' ikustera, eta gainera euskaraz.
-Noiz hasi zinen antzezten?
-DBH-ko 2. mailan, 13 urterekin. Derrigorrezko ikasgaia zen Durangoko ikastolan, eta gai sozialak lantzen genituen, talde sorkuntza sustatuz. Bizitzako etapa guztiak egin ahal izan ditut euskaraz, bai esparru akademikoan (Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatua da) eta baita ere lan munduan. Badakit ez dela orain arte bide arruntena izan, baina posible da.
-Gaztelaniaz ere lan dezente egin dituzu.
-Elebitasunari esker bi merkatutan lan egin dezakegu, eta jende gehiagorekin komunikatu. Aukera bikoitza daukagu. Nik, gainera, nahikoa goiz ikasi nuen gaztelania, nire aitaren familian inork ez baitaki euskaraz hitz egiten.
-Zure euskarazko lanak ez dituzte ulertuko beraz.
-Nire amama Iruñeakoa da eta 'Goenkale' ikusten zuen, euskaraz jakin ez arren. Baina oso bizkorra denez gauza asko harrapatzen zituen: «Ya entiendo algo, ya» esaten zidan (kar, kar).
-Eta zure aitarekin zein hizkuntzatan hitz egiten duzu?
-Euskaraz. Aita 23 urterekin etorri zen Iruñeatik Gasteizera (Eusko Jaurlaritzan estatistikak egitera), eta orduan hasi zen euskara ikasten. Bosgarren profila atera zuen, eta inoiz ez digu eskatu berari gaztelaniaz egiteko. Beti ulertu du euskara gure hizkuntza dela, eta oso esku zabala izan da, nahiz eta hasieran galdu egiten zen eta gehiago kostatzen zitzaion.
-Meritu handia.
-Inoiz ez digu meritu moduan helarazi. Egin beharreko zerbait moduan ulertu zuen, besterik gabe.
-Esperientzia horretatik abiatuta, hiztunen artean zer edo zer hobetu dezakegu?
-Noski baietz. Nik neuk ere barre egin izan dut beste batzuek hanka sartu izan dutenean. Zentzu horretan autokritika egin behar dugu, eta ikasketa prozesuan dagoen pertsonari laguntzen saiatu.
-Ikasketa prozesua aipatu duzula, zein izango da zure hurrengo erronka?
-Frantziako zinema asko gustatzen zait, eta frantzesa ikasi nahi dut. Asko gustatuko litzaidake etorkizunean hango film batean lan egitea.
-Eta antzerkiaz gain, beste zaletasunen bat al daukazu?
-Pianoa jotzen dut, eta saskibaloian jokatu izan nuen urte askoan. Irakurri ere egiten dut, film asko ikusi eta musika asko entzun; betiko gauza normalak. Ingelesarekin ondo defendatzen banaiz ere, hizkuntza gehiago ikasi nahiko nituzke. Beti motibatu izan nau hizkuntzak ikasteak.
-Hiru euskara mota hitz egiten dituzu, gainera.
-Etxean elgoibartarra, nire amama Elgoibarkoa delako, lagunekin durangarrez, eta askotan batuan.
-Euskaraldiak gure hizkuntzaren osasuna hobetzeko balio izango du?
-Nik uste dut baietz. Oraindik badago jendea okindegi batera joan eta okinak inoiz euskaraz hitz egin ez diolako gaztelaniaz egiten diona. Eta berdin alderantziz ere. Euskaraldiarekin, txapa hori jartzean, batak besteari lasai hitz egiteko eta lasai entzuteko baimena emango dio. Euskararen erabileraren mesedetan izango da, eta hizkuntza erabiltzeko dauden mila modu normalizatzeko balio izango du.
Nómada. Este durangués licenciado en Comunicación Audiovisual vive en Madrid desde mayo. Cursó sus estudios en Mondragón y recuerda con cariño las tardes en las que él y su hermano disfrutaban con 'Doraemon', 'Sin-chan' y 'Goenkale'. También ha vivido en San Sebastián, Asturias y Santander.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.