Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Garazi Goia (Segura, 1978) eta Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970) idazleen artean sortutako gutun-truke baten emaitza da '1362 km euri' (Elkar argitaletxea) liburua. Teknologia eta abiaduraren garaian, patxadaz ekin diote proiektu honi. Ikus-entzunezkoaren arloan egiten dute lan bi idazleek. Goiak, Londresen, Sky enpresan; Landabasok, Bilbon, Radio Euskadin. Biek aldarrikatzen dituzte emakumeen ekarpenak, eta itzalpean zeuden hainbat sortzaileren esperientziak ezagutarazi dizkigute.
– Hiperkonektabitatearen garaian, zuek gutunak berreskuratu dituzue…
– Garazi Goia: Hain zuzen hiperkonektibitate horrek ekartzen dituen hainbat abantailaren itzalean, ahazten ari zaigu harremanen dimentsio garrantzitsu bat, eta azaleko komunikazioetan murgilduta bizi gara askotan. Gutunak idazteak, pentsatzeko, egoera aztertzeko eta barrena biluzteko ariketa zintzoago bat eskatzen du; hori ezinbestekoa zen proiektu honetan.
– Goizalde Landabaso: Berreskuratu nahi genuena patxada zen, irakurtzeko eta entzuteko patxada. Norbere buruarekin egoteko denbora hori, hain urri dabilkiguna azken boladan. Ez diogu konektibitateari muzin egin nahi izan, erakutsi nahi izan dugu bestearekin egoteko osterantzeko moduak daudela. Urrun egon arren beste pertsona batekin egoteko lasaitasuna eta denbora har ditzakezula eta beste horrekin egon, komunikatu. Abiada bizi honetan, galga saka daitekeela azaldu nahi genuen. Eta alde horretatik gutun-trukaketak abiadura gelditze horretarako aukera guztiak ematen zituela jabetu ginen.
– Lan aparta egin arren, ahaztuta gelditu diren hainbat emakumeri buruz mintzo zarete.
– G.G.: Ahaztuta gelditzeko, lehenik eta behin aukera bat eman behar zaio emakumeari kanpora ateratzeko eta esateko edo partekatzeko erakusteko zeukan hori. Kontua da, historian zehar emakume askori aukera hori ere ez zitzaiola eman. Guk egin dugun ariketa xumeak emakume batzuk itzaletik atera ditu, eta haien ekarpen txundigarria ezagutaraztea izan da helburuetako bat.
– G.L.: Harrigarria da zein erreferentzia gutxi daukagun emakumeok. Eskolan ia ez ziren existitzen, irakasle oso konprometitua ez bazen eta andrazko erreferentziak bilatzeko ahalegina egiten ez bazuen, pentsa zenezakeen historian emakumeek ez zutela deus ere egin. Alegia, gizonezkoen erreferentziak agerian zeudela, eta emakumezkoenak bilatu egin behar zenituela. Eta nire ustez, bai gizonentzat, eta batez ere, emakumeentzat ezinbestekoa da jakitea aurretiaz izan direla emakume ekintzaile, ausart, garrantzitsuak... Gizonezkoek idatzitako historiak jan ditu, desagerrarazi ditu, baina izan, hortxe daude, azal azpian begiratu besterik ez dago. Emakume horiek toki bat merezi dute gure testuinguruetan, gauza handiak egin zituztelako, apurtzaileak izan zirelako, eta batik bat, existitu zirelako. Eta guk ere merezi ditugu.
– Emakume asko aipatzen duzue, baina zeintzuk izan dira gehien harritu zaituztenak?
– G.G.: Ni orokorrean harritu edo kontzienteago bihurtu nau ohartzeak itzalean zeuden emakume guztiak aldarrikatzeko eta merezi duten lekua historian egiteko oraindik zenbat lan egin beharra daukagun.
– Harrigarria da, esaterako, Eulalia Abaitua hain ezezaguna izatea.
– G.L.: Oso harrigarria. Berari esker ditugu Euskal Herrian diren XIX. mendeko argazki gehienak. Baina ez dakigu nork egin zituen. Ziurrenik, gizonezkoa izan balitz bestelakoa izango zen egoera. Bilboko Zazpi Kaleetako Euskal Museoan daude argazki horiek. Emakume aberatsa izan zen Eulalia Abaitua, baina ezberdina; jakin-min handia zuen, begiratzeko modu berezia, eta egia da atzerrian bizi izanak eman ziola beste ikuspuntu bat. Esperimentatzen zuen, emakumeak atera zituen zenbait lan egiten. Virginia Woolfek nork bere gela aldarrikatu baino lehen, Eulalia Abaituak bazuen bere gela propioa. Ordainetan, Bilbok kale estu eta galdu bat eman dio Txurdinaga auzoan, ataririk ere ez duena. Gure kale izendegiak asko esaten du gutaz, nabarmena da.
– Pentsa dezakegu emakumeen ekarpenak ez direla gutxietsiko etorkizunean edo xaloegia da ideia hori?
– G.G.: Mendeetako desabantaila eta galdutako bidea daramatzagu bizkarrean, eta hori ez da egun batetik bestera zuzentzen. Bide onetik goazela iruditzen zait, baina tamalez ez nintzateke baieztapen hori egiten ausartuko.
– G.L.: Nik pentsatu nahi dut etorkizunean aintzat izango dituztela emakumeek egindako lanak, izango direla emakumezko erreferentzia gehiago. Historiako orrietan ere azalduko direla. Baina, bai, mendeetako desabantaila daukagu, eta gero beste gauza bat: oraindik ere emakumeak zenbait tokitan ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko direla. Gu munduaren alde onean jaio gara: zorionekoak gara, lan egiten dugu, gure erabakiak hartzen ditugu, gure soldatak ditugu, autoak gida ditzakegu, bozka dezakegu... Gu alde onean gaude. Baina badira munduan bestelako egoeratan bizi diren emakumeak. Nik ere pentsatu nahi dut txiri-txiri bagoazela, eta gustatuko litzaidake pentsatzea orain arte urratutako bidean ez dela atzera pausorik egongo. Baikor izan nahi dut.
– Beste gai batzuei ere heltzen diezue. Garazi, zu, liburu hau idazten ari zinen bitartean haurdun zeunden, eta amatasunari buruz hitz egiten duzu.
– G.G.: Bai, eta horretarako, Paula Modersohn-Beckerrekin hasi nuen gutun-trukaketa. Berak amatasunarekin oso istorio berezia eta mingarria dauka, eta sentitzen zituen hainbat galdera eta barne-gatazkak oso esanguratsuak dira niretzat. Bestalde, badaude amatasunaren inguruan horrelako tabu edo zabaldu nahi diren jarrera batzuk askotan emakumearen potentziala gutxiesten dutenak. Horiek oso presente nituen idazten ari nintzenean. Norberaren ametsen atzetik joateren kontzeptua adibidez edo bizitzan oreka bat bilatzearena. Liburuan azaltzen diren hainbat hausnarketa nire egoa (edo alter-egoa!) kudeatzeko terapia izan direla esan dezaket.
– Goizalde, zuk perfekzionismoaren kontra jardun duzu testu batean. Perfektu izateko beharrak itotzen gaitu?
– G.L.: Bai, uste dut emakumeari perfektua izatea eskatu eta eskatu ari zaiola beti. Perfektua izan behar du lanean, janzkeran, jarreran, amatasunean, harremanetan, koherentzian… oso nekosoa da. Superwoman izatea eskatzen zaigu etengabe, eta batzuetan, sinetsi dugu superwoman izan behar dugula. Nire inguruko emakume askok engainatua izan delako sentsazioa dauka maiz. Nik uste dut ahal duguna egiten dugula, batzuetan asmatzen dugula, eta besteetan, berriz, ez. Gizonek bezala. Ez gara perfektuak, gizakumeak gara, eta perfekzio horretatik ihesean libertatea aurkitzea gauza handia da.
– Gutun asko bidaian daude idatzita; liburu honek, beraz, kosmopolitismo-ukitua du.
– G.G.: Londresen bizi naizen aldetik, eta nire lanak eskatzen didalako bestalde, hainbat lekutako erreferentziak eta perspektibak garrantzitsuak dira niretzat. Hori modu batean edo bestean liburuan azaltzea ekidin ezin den zerbait dela iruditzen zait.
– G.L.: Eta, seguruena, zerikusia dauka idazteko aurkitzen genituen tarteekin. Nik oporretan idatzi dut asko. Eta uste dut batean eta bestean idatzi izanak aberastu duela idatzia, baina baita egiten ditugun hausnarketak ere. Egunerokoan egiten ditugun hausnarketak direlako. Baina ez da gure gauza soilik. Denok egiten ditugu hamaika gogoeta egunean zehar, kanpora goazenean, ezaguna egin zaigun norbait aurkitzen dugunean, orekatik at zerbait gertatzen denean… finean, bizitza da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.