Borrar
«Sufrimenduzko plazerra izan da eleberria idaztea», aitortzen du Hendaiakoak. iñaki de la cruz
«Emakumeak itzalean geratu dira askotan eta ezinbestekoa da haien istorioak kontatzea»

«Emakumeak itzalean geratu dira askotan eta ezinbestekoa da haien istorioak kontatzea»

Maddi Anne Txoperenak neskameen bizipenak mahai gainean jartzen dituen 'Ene baitan bizi da' bere lehen nobela aurkeztu du Barakaldon

Irati Alonso

Sábado, 1 de mayo 2021, 22:10

Jada gaztea zenean, koaderno batean idazten zituen Maddi Ane Txoperenak bere pentsamendu eta sentimenduak. «Betidanik gustatzen zait idaztea», aitortzen du Hendaian jaiotakoak, gaur egun Lesakan bizi den arren. Kazetari eta bertsolaria, 'Ene baitan bizi da' bere lehen eleberria kaleratu du berri du, Clara Campoamor Kultur Etxean aurkeztu zuena pasa den astean Barakaldo Hitza programaren barnean.

Bi emakumeren istorioak ditu ardatz 'Ene baitan bizi da'. Josefina neskame lanetan aritu zen 1950eko hamarkadan sorterria utzi eta gero. Marie, haren bilobak, horren berri izan nahi du. Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena ematen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen. Horrela, kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, bilobaren begiradapetik. Guztia etorkizunaren eta orainaren arteko saltoak ematen.

Gutxi idatzi den gaia neskameena, eta emakumeek bizi izan zuten eta gaur egun bizitzen jarraitzen duten errealitatea ezagutzera emateko aproposa. «Emakumeak itzalean geratu dira askotan eta ezinbestekoa da haien istorioak kontatzea ere. Egin zuten eta egun egiten duten lan guztia aldarrikatu behar da», nabarmentzen du.

Beste hainbat gai sozial ere jorratzen ditu idazleak eleberrian: lan baldintzak, gatazka politikoa, amodioa... guztiak, Txoperena bera den gazte baten ikuspegitik. «Marieren pertsonaiaren bitartez gazte bezala ditudan kezkak ekarri ditut lehen planora. Zeharkako modu batean bada ere, aukera izan dut gai horiek lantzeko», aitortzen du. Izan ere, literaturak botere hori du: «Ez zait gustatzen oso 'panfleteroa' izatea baina uste dut literaturan eta beste hainbat sorkuntza kulturaletan kontatzen ditugun istorioen bitartez pentsaraztera animatu ahal dugula. Nik hausnartzera animatu baldin badut, pixka bat bada ere, pozik nago».

«Marieren pertsonaiaren bitartez gazte bezala ditudan kezkak ekarri ditut lehen planora»

Ikuspegia

«Ziurgabetasuna sentitzen nuen, ez dakizulako idazten zaudena jendeari gustatuko zaion»

lehen eleberria

Erantzun positiboa

2017an hasi zen 'Ene baitan bizi da' eleberriaren sorkuntza prozesua. Txoperenak neskameen gaiarekin lotutako zerbait idazteko gogoa zuen, «banekielako 1940 eta 1960 hamarkaden artean emakume asko ibili zirela Lapurdin eta Frantzian lan hauetan». «Gure lurraldean jazotako gertakari historikoa da, ez zaiona ordea garrantziarik eman. Gizonezkoek bizitzakoaren inguruan asko idatzi da, emakumeen istorioak ordea ezkutatuak izan dira», azaltzen du. Horregatik, informazioa biltzen hasi zen eta ondoren eleberri forma ematen.

'Ene baitan bizi da'

  • Egilea Maddi Ane Txoperena

  • Urtea 2020

  • Editoriala Elkar

Kazetariak aurretik ehundaka lerro idatzi dituen arren, lehen nobela du Marie eta Josefina protagonistatzat duen hau. Prozesua «zaila» izan dela aitortzen du, sentimendu ezberdinak eragin dizkionak: «Sufrimenduzko plazerra izan da. Alde batetik asko gozatu dut idazten, urtebete eman nuelako istorioan murgilduta eta hori oso polita izan zen. Baina ziurgabetasuna sentitzen nuen ere, ez dakizulako zu idazten zauden hori jendeari gustatuko zaion ala zer irudituko zaion. Bertigo pixka batekin ibili nintzen».

Baina momentu horiek atzean geratu dira eta orain «oso pozik» dago publikoak emandako 'feedback'-arekin. «Jende askok irakurri du liburua eta gehienek asko gustatu zaiela esan didate. Erantzuna oso positiboa izan da».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Emakumeak itzalean geratu dira askotan eta ezinbestekoa da haien istorioak kontatzea»