Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak (BEST) Bilboko Euskalduna Jauregira bueltatuko dira larunbat honetan bere bigarren edizioan. Arte diziplina guztietako emakume sortzaile ugari eta anitz batuko ditu (besteak beste, adin eta lurraldetasun ezberdinetakoak), eta parte hartzeko beharrezkoa izango da best.eus webgunean izena ematea ostiralera arte. Gainera, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.
Oraindik ez duzula hizkuntza nahi bezain ondo menderatzen, egon lasai. Itxaso Payá proiektuaren zuzendariak azaldu duen bezala, «hizkuntza ez da oztopo edo muga izango BESTen, horretarako itzulpengintza zerbitzua eskainiko baitugu mahai-inguru ezberdinetan. Gainera, sortzaileek modu askean erabili ahalko dute nahi duten hizkuntza».
Zelako Kultur Ideiak elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin sortutako esperientzia hau doakoa izango da, eta bere helburu nagusia kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzea izango da. «Bizkaiko emakume sortzaileak asko gara baina ikusgarritasuna falta da eta, gure aburuz, egitaraua sortze hutsarekin hemen gaudela demostratzen ari gara».
2022ko debutari dagokionez, Payák dio «antologikoa» izan zela, «Bizkaiko sortzaile eta sormen zale ugari hurbildu baitzen topaketetara eta elkar ezagutzeko helburuari ondo heldu baikenion denon artean». Jakinarazi duenez, arazo ugariren identifikazioa egitea ahalbidetu zuen topaketak (iruzurgilearen sindromea, elkarren ezezagutza, bide koletibo bat sortzeko beharra...), eta horien inguruko hausnarketak partekatzeko espazio ederra bilakatu zen. «Noski, iazko balorazio eta proposamenetatik abiatuta irudikatu dugu aurtengo edizioa», gaineratu du.
Beraz, puntu batzuk hobetu dituzte. Esate baterako, «iaz publiko gisa bertaratutakoek modu zuzenean eta aktiboan parte hartzeko aukera eskatu zuten eta aurten horrela izango da». Hau da, hurbiltzen den pertsona orok eztabaidatzeko, hausnarketak plazaratzeko eta hitz egiteko aukera izango du. Eta parte hartze irekia aprobetxatu eta ondo bideratu asmoz, aurreratu dute ariketa kolektibo berezi bat eramango dutela aurrera goizean. «Zer edo zer garrantzitsua sortzen ari garen sentsazioa badugu. Eta larunbateko topaketetara gonbidatu nahi ditugu Bizkaiko emakume sortzaile guztiak, baita sormenaren inguruko zaletasuna daukaten herritarrak ere, hemen eskainiko zaien guztiaz goza dezaten». Horretarako, eta seme-alabak dituztenen egoera errazteko, adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko da egun osoan.
Hori nahikoa ez dela, aurten, omenaldi berezia eskainiko zaio Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarrari, eta argazkigintzak leku berezia izango du. Horrela, Abaitua eta bere lanak egun osoan antolatuko diren askotariko jardueretan integratuko dira. Horren harira, gogoratu behar da bigarren edizio honetako irudi berezia Arrate Etxebarria Hernández diseinatzaile talentudun basauriarrak sortu duela.
BEST programaren barne egongo dira askotariko jarduera aberasgarriak. Topaketa 10.00etan hasiko da eta goizeko abiapuntua 'hitza' izango da. June Fernández kazetariak moderatutako lehenengo mahai-inguruan parte hartuko dute Eire Larrea dantzariak, Kristina Mardaras bertsolari eta irakasleak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendariak. Sortzaileen beharrei buruz eztabaidatuko dute.
Handik denbora gutxira, 12.15ean, goizeko bigarren mahai-ingurua hasiko da, June Fernandezek berriro gidatuta. Bertan egongo dira Irantzu Varela kazetaria, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa.
Eztabaida bien ondoren dinamika parte-hartzaile bat egingo da Artaziak Koop-ekin batera, ideiak partekatu eta sakontzeko. Eta lehen aipatu bezala, mahai-inguruek aldi bereko interpretazio zerbitzua izango dute.
Arratsaldeari dagokionez, dantza, antzerki eta musika ikuskizunak egongo dira. 17.30ean, Iholdi eta Ibabe Beristainek antzezlana eskainiko dute; 18.00etan, Lorelei Greenek bere musika interpretatuko du; 18.30ean, Adriana Bilbaok dantza ikuskizuna eskainiko du, eta, 19.00etan, Bogako eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Ondoren, 19.30ean Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco, Mirari Matinerna, Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabalek 'Bertsopotorre' izeneko jarduera egingo dute, eta bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna nahastuko dituzte. Gainera, larunbat osoan Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketa bisitatzeko aukera ere egongo da.
Eta berritasun gisa, aipatzekoa da edizio honetan BESTek Bizkaia Irratiarekin lan egingo duela hilean behin podcast bat sortzeko, eta bertan askotariko arte diziplinetako emakume sortzaile bizkaitarren lana azpimarratuko dela.
Beraz, topaketa berezi hau galdu nahi ez baduzue, kontuan izan ostirala izango dela izena emateko azken eguna, puntu garrantzitsu bat antolatzaileen hitzetan, «alde batetik, edukiera kontrolatzeko eta, bestetik, zerbitzuen neurrira egindako eskaintza egin ahal izateko». Zeren zain zaude? Klikatu hemen.
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.