Borrar
Jagoba Ormaetxea, elkarrizketa batean. Jokin Fernández
«Ekintzaile izatea erronka benetan garrantzitsua eta konplexua da»
Jagoba Ormaetxea, ekintzailea

«Ekintzaile izatea erronka benetan garrantzitsua eta konplexua da»

Territorios ·

Ekintzaile peto-petoa, hainbat proiekturen buru da. «Goizero begiak zabaltzen dituzun bakoitzean, funanbulista sentitzen zara», dio

Oihane Calvo

Sábado, 2 de marzo 2024, 00:23

Jagoba Ormaetxea (Basauri, 1986) ekintzaile izateko jaioa da, zalantzarik gabe, eta horren berri da 2022ko CEBEK Emprende Sarietako finalisten artean egon izana (Bizkaiko enpresaren balioak ordezkatzen dituzten eta etorkizunean gure gizartean balioa, enplegua eta aberastasuna sortzeko eta hazteko baldintzak dituzten Bizkaiko enpresa berriei ematen zaien saria).

Musika eta produkzio ikasketak amaituta, hainbat proiektu burutu ditu arlo eta esparru oso ezberdinetan; besteak beste, Taom Producciones musika produkzio-etxea, Hay/Días marketing agentzia, GürePoke slow food jatetxeen katea (honengatik lortu zuen arestian aipatutako Sarien finalera iristea), baita Mentes Peripatéticas izenburuko podcast-a ere. Bizkaitar ekintzaileak erakusten duen izaera polifazetikoa ukaezina da; beraz, horren inguruan hitz egin dugu berarekin.

-Musikari, konpositore eta produktore gisa lan egiten duzu. Alex Ubago, Manuel Carrasco, Boni (Barricada), Blas Cantó, Paula Mattheus, Carlos Rivera… bezalako abeslariekin elkarlanean aritu zara. Gaur egun, norekin ari zara lanean? Baduzu proiekturik martxan?

-Beno, gehienetan beti aipatzen dira oihartzun mediatiko handia duten izenak, baina egia esan, mota guztietako artistekin egiten dut lan, bai musika-estiloei dagokienez, bai ibilbide artistikoari dagokionez. Une honetan, 20. urteurrena ospatzen ari den La Sonrisa de Julia izeneko pop taldearen bi single berriak ekoizten ari naiz.

-Horrez gain, ekintzaile gisa ere aritzen zara arlo oso desberdinetan. Nondik dator ekintzaile izateko duzun trebetasuna?

-Beti izan naiz jakingura handiko pertsona eta horrek lan-munduko hainbat bide arakatzera eta horietara menturatzera bultzatu nau. Oso gaztetan hasi nintzen nire buruarentzat lan egiten, eta denbora antolatzeko zein kudeatzeko nuen askatasuna ikusteak, hain eroso eta libre sentitu izanak, horretan jarraitzeko erabakia indartu zuen. Datorren urtean 20 urte beteko dira ekintzaile moduan hasi nintzenetik, eta lorpen pertsonal izugarria izaten ari da niretzat, ibilbideari dagozkion arrakasta, porrot eta ikaskuntzekin.

Bestalde, trebetasuna baino, bizirauteko beharra deituko nioke nik. Ekintzaile izatea erronka benetan garrantzitsua eta konplexua da. Izan ere, goizero begiak zabaltzen dituzun bakoitzean, funanbulista sentitzen zara, bizitza ziurgabetasunez inguratuta dagoela ikusten duzularik. Eta agian, horrekin bizitzen ikastea da ekintzaile izatearen zailena.

-Arrakasta gehien izaten ari den proiektua Güre Poke slow food katea da, non produktu nagusia poke-a den (Hawaiin jatorria duen eta azkenaldian Europan oso ezagun egiten ari den modazko platera). Nola sortu zen proiektu berritzaile honi heltzeko ideia? Zergatik uste duzu ari dela hain harrera ona izaten kontsumitzaileen aldetik?

-Proiektu gastronomiko honen jatorria 2018. urtekoa da, Madrilen egiten ari nintzen grabaketa batean lankide bat poke bat jaten ikusi nuenean. Elikadura ohitura osasungarrien eta jasangarrien alde egin dut beti, eta gainera, Slow mugimendua bere alderdi guztietan oso positiboki balioesten dut. Gauzak horrela, Euskadin daukagun kalitatezko produktua kontuan izanda, berehala etorri zitzaidan burura: «Eta euskal pokea, zergatik ez?» Ideia hor geratu zen, harik eta 2020an, pandemia garaian, etxez etxeko produktu osasungarriak kontsumitzeko ezintasuna zela medio, Güre Poke martxan jartzea erabaki genuen arte.

Güre Poke GUREIK talde gastronomikoaren parte da. Bertan, filosofia bateratua –euskal gastronomia, osasungarria eta hurbiltasuna– duten hainbat produktu-marka biltzen dira. Horrela, eskualdeen garapena sustatzea dugu helburu, bertako ekoizle txikienen hazkundea eraginez. Horrez gain, lortu dezakegun kalitate handieneko produktu freskoekin lan egiten dugu, merkatuko lehia gero eta konplexuagoa baita. Produktuaren kalitate eta hurbiltasun hori bezeroak asko baloratzen eta eskertzen duen gauza da.

-Bestalde, sortzaile moduan ere jardun izan zara. Alde batetik, 'Mentes Peripatéticas' izenburuko podcast propioa sortu duzu. Horretan, zer-nolako gaiak jorratzen dituzu?

-Podcast-a errealitatetik eta ekiteko zurrunbilotik ihes egiteko bide gisa erabiltzen dut, non ni naizen guztia eta erakartzen eta artegatzen nauen guztia azaltzen eta aurkezten dudan. Askotariko gaiak izan ditut hizpide: finantzak, filosofia, hezkuntza, historia…, eta badaude nire bizitzan garrantzi handia izan duten pertsonei egindako elkarrizketak ere.

-Bestetik, 2021ean 'Filosofía Ender: desaprender, aprender y emprender' liburua argitara eman zenuen, eta urte berri honen hasieran 'La Plenitud de la Nada' merkaturatuko da, idazle bezala ere arituz. Nola eman zenuen pausu hori? Liburuetan, zertaz ari zara? Hirugarren bat egongo da?

-Gaztetan hasi nintzen idazten, eta ordutik, idazteko ohiturari eutsi diot. Kontakizunak idatzi izan ditut, ipuin laburrak, eta poesia garaikidea ere asko. 'El Ahora será un Recuerdo' izeneko blog bat ere izan nuen modan zeuden garaian, non kezkatzen ninduten gai desberdinei buruzko post laburrak idazten nituen.

'Filosofía Ender: desaprender, aprender y emprender', lehen liburua, nire buruari jarritako idazteko erronka hori gainditzeak bultzatu zituen motibazio eta ilusio handi batetik sortutako proiektua da. Liburu honek, nire ikuspegitik eta esperientziatik abiatuz, ekintzaile izateko zenbait urrats argitzen ditu, ekintzailetza ideia bat garatzeko ez ezik, bizitzako edozein alderditan erabiltzeko ere oso baliagarriak direnak.

Aitzitik, 'La Plenitud de la Nada' liburua 2024ko otsailean argitaratuko da gutxi gorabehera. Honako saiakerak nolabaiteko konplexutasun maila handiagoa erakusten du, eta agian horregatik, askoz gehiago kostatu zait idaztea. Bertan, arkitektura, filosofia, hezkuntza, ekonomia, moda, gizartea… bezalako arlo ezberdinak lantzen dira, guztiak pentsamendu minimalistaren korrontearen perspektibatik aztertuz. Izan ere, bizitako une gogor eta porrotek sarritan gazteleraz esaten den «gutxiago gehiago da» errefraua barneratzera eraman naute zuzen-zuzenean, eta horixe da irakurterraza den ikuspuntu hau azalduz lortu nahi izan dudana: minimalismo eta sinpletasunaren aldeko hautua egitea, alegia. Horrela, zarataz beteriko garai eta gizarte nahasitik jendea askatzea izan dut xede.

Amaitzeko, 2023 erdialdetik, hirugarren liburu bat idazten ari naiz. Azken hau erronka oso handia bezain polita da niretzat, aurretik idatzitako lanetik urruntzen den proiektua baita: hamabi leku giltzarri eta garrantzitsutan barrena bidaia bat egiten duen protagonistaren istorioa garatzen duen nobela atenporala. Ez dut uste 2026a baino lehen amaituta izango dudanik; beraz, oraingoz, sortze-prozesuaz gozatuko dut.

-Zer esango zenioke ekintzaile izaten hasi nahi duenari? Aholkurik?

-Egia esan, ez dut nire burua aholkuak emateko moduko norbait ikusten. Jokoan sartzen diren elementu eta faktoreak hainbeste dira, ezen ezinezkoa baita arau eta pentsamendu absolutuak ezartzea. Nire kasuan, une latz eta ilunenetan ere nigan sinestea eta egindako ekintza orotan kode etikoa mantentzen saiatzea ezinbestekoa izan da. Gainera, uneoro lagundu didaten pertsonez inguratzea ere nahitaezkoa izan dela uste dut. Edonola ere, nire aburuz, bizitzako erronkarik handiena eta garrantzitsuena pertsona onak izatea eta atzetik datozenei bide eta etorkizun hobea uztea da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ekintzaile izatea erronka benetan garrantzitsua eta konplexua da»