Ehun urte pasa dira. Besterik ez. Hala ere, Imanol Villak egunkari honetan idazten dituen kronikak irakurtzean badirudi milurteko bat pasa dela edota beste herrialde urrun bati buruz ari dela. Horrelako zerbait gertatzen da Gilen Humboldt eta hemeretzigarren mendeko beste bidaiari batzuen egunkariak errepasatzen ditugunean. Deskribatzen diren paisaiak, janzkerak edo ohiturak nekez aurki daitezke gure gaur egungo bizimoduan, eta, azken batean, ez dira, ezta ere, Erdi Aroko lekukotzak. Dibertigarria benetan nolako Lutxana deskribatzen duen Humboldtek, paradisua bera izango balitz bezala.

Publicidad

Joan den igandeko Tiempo de historias atalean, adibidez, 'Furia Electoral' izenburuko kronika irakur zitekeen, 1919. urteko ekainaren batean egin ziren hauteskundeak idazgai.

Narrazio horren arabera, orduko Bilbo hirian sozialistak eta nazionalistak elkarri mokoka zebiltzan. Indalecio Prieto eta Pedro Chalbauden jarraitzaileen artean tiroak, ukabilkadak eta zaurituak eguneroko menuan zeuden eta botoen kontaketa egiterakoan iruzurrak eta 'putxerazoak' ohikoak omen ziren. «Hiru mila langile etorri ziren ezkerraldetik botoak babestera». Azkenean Prietok irabazi zuen, boto kopuru bikoitza lortuta.

Ehun urte besterik ez izan arren, zaila da garai hartako Bilbo hura imajinatzea. Ez zegoen artean ez telebistarik ez irratirik. Izan ere, 1923. urtean hasi ziren lehenengo irrati-emisioak estatuan, eta telefonoak, etxe gutxitan aurki zitezkeen luxuzko bitxikeriak ziren. Zinetoki bakarra zegoen, Salón Olimpia izenekoa, 1905. urtean estreinatua, eta gaur egun porlanaz eta etxebizitzaz gainezka dauden auzoetan belardiak eta larreak zeuden beren zabalean. Deustuko baratzeetan tomate franko hazten zen, bilbainada xelebreak kantatzen duen moduan.

Ehun urte hauetan gertatu direnen artean, hauexek ditugu: Primo de Riveraren diktadura, Berenguerren 'diktablanda', bigarren errepublika, gerra zibila, bigarren mundu-gerra, gerra-osteko gosetea, Francoren berrogei urteko diktadura, baby-booma, berunezko urteak, trantsizioa, konstituzioa, autonomiak... Ez dira urte errazak izan, hain zuzen, batik bat ziklo horren lehenengo ataletan bizitzea egokitu zitzaienentzat.

Hauxe da galdera: 2119. urtean, inork tankera honetako artikulu bat idaztekotan, nolako gertaerak agertuko dira? Agertuko al da berriro 'diktadura' hitza? Agertuko al da berriro «gerra» hitza? Eta 'gosetea'? Jarraituko al du bizirik gure planetak? Bizirik irautekotan, zer egoeratan? Noraino malgutuko da Athleticen filosofia? Zer egoeratan egongo da euskara? Eta zer bitxikeria berri ekarriko du teknologiak? Izango al da gorilarik?, erlerik?, balearik? Geratuko al da herrialderen bat Europar Batasunean? Lortuko al da generoen arteko berdintasuna? Jarraituko al du EAJk hauteskundeak irabazten? Idatziko al du artikulua androide batek? Zer iritzi izango du Jordi Hurtadok honetaz guztiaz? Erantzunak, zernahi izanik ere, okerrak izango dira, oro har. 'Blade Runner' pelikulan agertzen den 2019. urtea ikusi besterik ez dago. Ez zuten asmatu, ezta sakelakoekin ere.

Publicidad

«Ehun urtetan ikusiko dira belauak jaunturik eta jaunak belauturik» diosku euskal esaera zaharrak. Tamalez edo zorionez ez gara hemen egongo baieztatzeko. Ez dago ehun urte irauten duen gaitzik... ez eta onik ere.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad